Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altuna: «Tarteka halakoak ondo etortzen dira, lorik ez hartzeko»

Jose Javier Zabaletarentzat ere hil ala bizikoa izango da igandeko partida eta onartu du amezketarra bere «aurkaririk txarrena» izan dela Buruz Burukoan

Jokin Altuna, burumakur, Bilbon.
Jokin Altuna, burumakur, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Buruz Burukoaren ligaxkak ematen duen sarea lehen egunean urratuta, hil ala biziko partida jokatuko dute Binakakoaren bi finalistek, Jose Javier Zabaletak eta Jokin Altunak, igande honetan Eibarren.

Labriteko bezperako emaitza gorabehera, irabazlea bizirik helduko da hirugarren jardunaldira, eta galtzaileak hanka eta erdi txapelketatik kanpo izango du.

Dario eta Unai Lasoren aurka, biek eraman zuten dezenteko kolpea. Baina, emandako itxura kaxkarrarengatik eta askorentzat faborito argia izan delako, amezketarrak jasotako porrota (22-7) izan da orain arteko txapelketako ezustekorik handiena. Atzoko material aukeraketan behintzat, Altuna III.ak lasaitasun itxura eman nahi izan zuen mikroen aurrean. «Larunbatean Lasok irabaziko balu, niretzat lau partidetako txapelketa berri bat hasiko litzateke berriz, eta topera etorriko naiz igandean, horretan pentsatuta. Ea itxura hobetzen dudan eta nire jokorik onena ateratzen dudan kantxan, ze iruditzen zait gaizki ez nagoela. Nahiago duzu halakorik ez gertatzea, baina tarteka ondo etortzen dira halakoak, lo hartzerik ez duzula ikusteko». Amezketarrak aurten egingo ditu hamar urte profesionaletan eta halakoak ere bizi izan ditu aurretik. «Gauzak irteten ez zaizkizun partida bat galdutakoan, entrenamenduetako errutinetan zentratzea izaten da onena. Igandean Lasok nik baino gehiago jokatu zuen, eta Buruz Burukoan gabeziak gehiago antzematen dira. Kolpe ederra jaso nuen. Merezimendu osoz irabazi zidan», gaineratu zuen.

Jose Javier Zabaletak ere hasiera txarra eman zion Darioren aurkako partidari eta, azkenerako emaitza txukundu bazuen ere, porrot mingarria jaso zuen. «Altuna niretzat Buruz Buru beti izan da areriorik txarrena. Elkarren aurka jokatu dugunetan, erraz irabazi dit. Nire aurka jokatzea egokitu zionetan, beti jokoan asko duela etorri izan da, eta jokatzen eta irabazten jakin izan du».

Beraz, «nahi dudana da Jokini aurrekoetan baino tanto gehiago egin eta gauzak zailago ipintzea. Oso kontzentraturik irten behar dut, ez Darioren aurka bezala», esan zuen.