Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

38 kalentura da!

Apirilak atzean utzi du bere hogeita bata. Joana da. Zenbakiak zenbatuta daude honezkero, eta ondorioz aulkiek badute izena, eta izana! Ereduen derrigorrezko talka bizigiro ezberdin batera pasa da. Batzuentzat 21eko gauak lau urterako argazki finkoa utzi du; etenik ez duen eta etengabe mugimenduan den segida baten uneko argazkia izan da beste batzuentzat. Nork bere irakurketa, politikak eta literaturak ez baitute zertan bat etorri. Maizterra izango du laster batean Ajuria Etxeak, eta gobernua ere Lakua Eneak, baina nago ni aldatu egin dela oposizioaren izana, izenaren pisuarekin aldatu ere. Kolpea gero, zenbat eta pisu gehiago izan orduan eta bizkorrago aritzeko aukera gehiago! Bizkor ibiltzeaz nago, bai, urrunetik urrunera joateko bizkorra izan behar delako, arina baino.

Non nengoen ni? A, bai, politika instituzionalaren egonkortasun kontua! Nonbait, ganbera bat lau urtez egonkor mantentzeko errezeta bakarra aulkien erdia baino bat gehiago izatea da; tira, egia esan, gure horko kasuan erdia baino erdi bat gehiago nahiko. Total, 38 da zenbaki profetikoa, euskal zenbakien esparruan transgenikoena esango nuke nik. Eta kolpea gero hau ere, batzuentzat ganberaren osasun adierazlea dena aulkitan, niretzat kalentura da, sukarra esate aldera, gradutan! Ea balizko Osakidetza berritu horrek zer irakurketa egin duen zenbaki horretaz! Literaturatik harago!

Bada bai, kolpez kolpe noa gaurko zutabe horizontalean. Kolpea gero Manzanareseko arro harena! Hemen hauteskundeak pasa eta han hausnartzen hasi! Ez al zen hausnarketa hauteskunde bezperakoa? Penintsula aldrebesa gero beheko hori! Seguru hango itsasoetan ura geza! “Lawfare” edo. Jaurlaritzaren itzultzaile neuronalera jo dut: “Lawfare” euskaraz “legelariak” itzuli du. Adimen artifizial halakoa!