30 ABR. 2024 AZKEN PUNTUA Bai, baina Yasmine KHRIS Itzultzailea Anton Gudim artista famatu egin zen “Yes, but” binakako irudi seriearekin. Umorez, bi irudi kontrastatzen ditu gure jarrera oximorontsuak salatzeko. Adibidez: ezkerreko karratuan pertsona bat gimnasioan, eta eskuinean igogailua hartzen. Beste bat: ezkerrean azala zaintzeko milaka produktu, eta eskuinean alkohola eta zigarroak. Bromatik at, ilustrazio batzuk oso egokiak iruditu zaizkit. Kontraesana sarri dugu begi aurrean: batetik, perpaus “Mr. Wonderfulgarriak” eta self love-rako (berekoi izatea dela «merezi» duguna, kariño) aginduak, eta, bestetik, albistegi eta sare sozialetako irudi bortitzak. Jakina, ez da erraza egunerokoa zorionaren irriarekin komunztatzea, bederen pribilegiodunontzat. Palestinaren aldeko manifara joan eta gauean besta egin, edo turista izan eta penatu etxebizitzaren prezioekin. Hedonismoari zer toki uzten diogu? Kulparena? Garapen pertsonal merketik haratago, ongizate politika behar dugu, unibertsala eta ekintzena. Hori zioen Comte Sponville filosofoak; lizeoan irakurri genuen eta bere teoria gustatu zitzaidan: «Gizartea eraginkorragoa da tentsioei aurre egiteko, poza emateko baino. Politika eta ekonomia ez daude hor jendearen zoriona eragiteko; zorigaitzari aurre egiteko daude hor». Bada zer egin, eta gainerakoa etorriko da, suposatzen dut.