Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Aberastasunaren banaketa aldarri, martxa bateratua egin dute Baionan

Ondasun handien zergapetzea galdetu zuten eragileek eta martxa antolatu zuten sei sindikatuek indarrak batu zituzten Baionan.
Ondasun handien zergapetzea galdetu zuten eragileek eta martxa antolatu zuten sei sindikatuek indarrak batu zituzten Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

Joan den urtean luzaro borrokatu ziren Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko langileak frantziar Gobernuak inposaturiko erretreten erreformaren aurka. Geroztik, Elisabeth Bornek lehen ministro izateari utzi dio eta Gabriel Attal da, gaur-gaurkoz, jaun eta jabe Matignonen.

Lehengo lepotik burua, ordea. Gobernuburu berriak erreformen bidetik jarraitzeko nahikeria osoa erakutsi du hasiera-hasieratik. Hala, Ekonomia ministro Bruno Le Mairek zor publikoan 10.000 milioi euro murriztea lehentasun gisa irudikatu bezain pronto, uda ostean martxan eman nahi duten langabezia saria murrizteko erreforma babestu du frantziar lehen ministroak.

Jada sindikatuek ohartarazi dute egoera zaurgarrian bizi diren herritarrek pairatuko dituztela erreforma berriaren ondorioak. Horren aurrean, lan baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatu dituzte, Maiatzaren Lehenaren karietara, Baionan.

Funtzio publikoan zein aurrekontuen arloan murrizketa politikak gailentzen diren testuinguruan, eskubide sozialen aurkako oldarraldiari eta euriari aurre eginez, herritarrak mobilizatu egin ziren atzo Baionan, baita Maulen eta Hendaian ere.

Lapurdiko hiriburuan azken urteotako mobilizazio bateratuena egin zuten sindikatuek. Bestalde, Bizi eta Alda eragile sozialek aldarrikapen eguna indartu zuten justizia klimatikoa eta soziala lehen lerroan ezarriz. «Bizitzen prekarizazio orokor eta antolatuari» aurre egiteko Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko deia CFDT, CGT, UNSA-FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek babestu zuten.

INOR BAZTERTU GABE

LAB sindikatuari urte luzeetan ezarritako hesia altxaturik, sei zentraletako ordezkariak batera joan ziren aitzineko banderolari eusten, Santa Ursulatik Merkatu Plazaraino.

Martxa bururatu zen plazan langileen herrixka muntatu zuten, ekimenean parte hartu zuten mila lagun inguru horiei mobilizazioaren ostean talo bero baten eta tragoxka baten bueltan Maiatzaren Lehenerako aleturiko erronken gainean patxadaz mintzatzeko aukera eskaintzeko.

Clement Pottier FSUko ordezkariak honakoa azaldu zion GARAri: «Sindikatuek inteligentzia moduko bat aitzineratu dugu batzen gaituena aurrean jarriz; hain zuzen, aberastasunaren banaketari lehentasuna emanez». Martxa amaieran irmoki salatu zuten sindikatuek CAC40 indizean sartzen diren enpresa handiek urtetik urtera lorturiko mozkinen metaketa.

Zehaztu zutenez, iaz 63.000 milioi euroko irabaziak banatu zituzten akziodunen artean. «Frantziako bost aberastasun handienak bikoiztu egin dira lau urtean, baina prekaritatea eta pobrezia gero eta handiagoak dira», nabarmendu zuten, politika horiek errotik aldatzeko beharra defendatuz.

Sindikatu deitzaileek exijitu zuten gehiegizko etekinak zergapetzea eta bildutako dirua erretreta eta soldata duinak ordaintzeko baliatzea, baita kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko ere. Ildo beretik, neurri eraginkorrak eskatu zituzten soldata arrakala desagerrarazteko. Sindikatuek salatu zutenez, sektore pribatuan emazte batek lankide gizonezkoak baino %20 gutxiago kobratzen du.

MAULEN ETA HENDAIAN

Ipar Euskal Herrian beste hainbat martxa antolatu ziren atzo, eta horietako gehienetan azken urteotako eskemak errepikatu ziren. Baionako martxa abiatu zen ordu berean, 11.00etan, “Gerlarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean” leloa astindu zuten Maulen. Sindikatu eta eragile ezberdinek bultzatu zuten ekimen horretatik at gelditu zen, ordea, CGT. Azken honek bere martxa egin zuen zerbitzu anitzeko zentroan zehar.

Finean, Hendaian, Gaztelu aretoaren zabalgunean bilkura antolatu zuen, eguerdian, CGTko tokiko batzordeak.