GARA
GASTEIZ

Hernandezek oposizio «apala baina ziztatzailea» iragarri du, akreditazioa jasotzean

Sumar koalizioko parlamentari Jon Hernandez.
Sumar koalizioko parlamentari Jon Hernandez. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ezker konfederala deritzon esparru politikoarentzat apirilaren 21eko hauteskundetako emaitzak ez ziren batere onak izan, baina Sumar koalizioak lortu zuen, behintzat, Gasteizko Parlamentuan ordezkari bat izatea.

Arabako hautagai Jon Hernandezek lortu zuen eserlekua, eta atzo legebiltzarkide akreditazioa jaso zuen Ganberan. Hain zuzen, Alba Garcia lehendakarigaia ondoan zuela, Parlamentutik bertatik iragarri zuen bere asmoa «oposizio apal baina ziztatzailea» egitea dela.

Alde horretatik, bere lehentasuna eskubide sozialen alde lan egitea izango dela ziurtatu zuen, eta horien artean aipatu zituen etxebizitza, osasungintza eta lan arloko eskubideak.

Hedabideei egindako adierazpenetan Hernandezek esan zuen jakitun dela Sumarreko ordezkari bakarra dela eta, beraz, ez duela Legebiltzarreko Mahaian egoteko inolako asmorik, baina aipatu zuen garrantzitsua dela Ganberaren funtzionamendua kudeatzen duen organoa anitza izatea.

Aurreko legealdian Elkarrekin Podemos-EBko parlamentaria izan zenak eta Alba Garciak «kasualitatetzat» jo zuten atzoko agerraldian hark Ezker Batuaren karpeta bat eta honek Sumarren beste bat eraman izana, eta ziurtatu zuten «taldean» lan egiten duen koalizio bateko kideak direla biak ala biak.

Are gehiago, Garciak talde parlamentarioan parte hartuko duela adierazi zuten, nahiz eta zehazteko dagoen haren funtzioa zein izango den. «Jonen ondoan» egongo dela esatera mugatu zen atzoko agerraldian.

ESPAZIOA BERRANTOLATZEKO SAIAKERAK

Garciak ziurtatu zuen haiena «epe ertain-luzerako» proiektua dela, Parlamentuan eserleku bat eskuratzetik harago doana. Baina jakin badakite eskuratutako emaitzak txarrak izan zirela eta, epe ertain-luzera begira, badaudela espazio politiko hori berrantolatzeko beste saiakera batzuk. Horien artean dago, adibidez, Elkarrekin Sumar Bai izeneko ekimena, hauteskundeak baino lehenago Sumar eta Podemosen arteko batasuna eskatuz sinadurak bildu zituena.

Ostegunean, ekimen horretako aurpegi ezagunetakoa den Imanol Zuberok esan zuen, behin hauteskundeak igarota, bilkura berria egingo dutela helburu hori nola gauzatu ikusteko. Hitzordua gaur da, Bilbon, EHUko irakasle eta Gesto por la Paz-eko eleduna izandakoak azaldu zuenez. Gaineratu zuen oraindik ez dutela proposamen zehatzik, baina ezinbesteko jo zuen, «orain lehen baino gehiago», bi indarrek bat egitea.