GARA
DONOSTIA

Zazpi milioi kilo antxoa eta bederatzi milioi berdel, Gipuzkoan eta Bizkaian

Getarian, Pasaian eta Hondarribian ia hiru milioi kilo antxoa sartu dira, batez beste kiloko 1,55 euroko prezioan. Bermeon, Ondarroan eta Santurtzin, aldiz, 3.800.000 kilo deskargatu dira, 1,47 euroan. Berdelari dagokionez, Gipuzkoako portuetara 5.600.504 kilo sartu dira, 1,26 euroan batez beste; eta Bizkaikoetara, 3.550.000, 1,44 euroan.

Antxoa deskargatzen, Getariako portuan.
Antxoa deskargatzen, Getariako portuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Arantxa Tapia, Getariako Antxua Eguneko ekitaldietan izan zen atzo. Antxoaren eta berdelaren arrantzari buruzko zenbakiak aurkeztu zituen bertan. Esan zuenez, maiatzaren leheneko datuen arabera, guztira 6.734.991 kilo antxoa deskargatu dira Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan, 1,51 euroko batez besteko prezioan. Horietatik 2.619.836 kilo bertako baxurako flotak deskargatu ditu, 1,61 euroan, 4.229.248,05 euroko fakturazio osoarekin.

Getarian, Pasaian eta Hondarribian, 2.938.439 kilo sartu dira, batez beste kiloa 1,55 euroan. Bermeon, Ondarroan eta Santurtzin, berriz, deskargak 3.800.000 kilo ingurukoak izan dira, 1,47 euroan.

BILAKAERA POSITIBOA

Tapia sailburuak arrantza sektorearentzat kosteraren bilakaera positiboa izatea espero du, bai harrapaketei dagokienez eta bai batez besteko prezioei dagokienez. Joan den urtean, data beretan, 3,2 milioi kilo antxoa harrapatu zirela oroitu zuen, kiloko 1,97 euroko batez besteko prezioan. Fakturazio globala 6.377.612,23 eurokoa izan zen 2023an. Antxoaren Estatuko kuota, aldiz, 30.182.218 eurokoa izan zen arrantza honetan.

Aurten, antxoaren Estatu espainoleko kuota handixeagoa da, 31.614.622 kilokoa. Kantauri itsasoan (Euskal Herria, Kantabria, Asturias eta Galizian, alegia), harrapaketak 11,4 milioi kilokoak dira, hau da, Estatuko kuotaren %36.

BERDELAREN KOSTERAKO DATUAK

Berdelaren arrantzaz den bezainbatean, maiatzaren hasierara arte Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan 9.150.787 kilo sartu dira, eta kiloko 1,33 euroko batez besteko prezioa jaso dute. Horietatik, euskal flotaren harrapaketak 5.826.083 kilokoak dira. Batez beste kiloko 1,21 euroan saldu dira. Fakturazio orokorra, berriz, 7.041.584 eurokoa da.

Gipuzkoako portuetan 5.600.504 kilo deskargatu dituzte guztira, eta batez beste kiloko 1,26 euro jaso dituzte. Bizkaikoetan, ostera, deskargak 3.550.283 kilo ingurukoak izan dira, eta kilo bakoitza 1,44 euroan saldu da.

ARRASTEKO, INGURAKETAKO ETA TRESNA TXIKIETAKO FLOTA

Berdelaren Estatuko kuota arrantzan aritzen diren ontzidi segmentuen artean banatuta dago: arrastea, inguraketa eta aparailu txikiak.

Dagoeneko, berdel kostera azken txanpan dago. Arrasteko eta inguraketako bertako flotari dagokionez, harrapaketek kuotaren %87 eta %100 hartu dute, hurrenez hurren. Bertako flotaren arraste kuota 180.000 kilokoa da, eta inguraketa kuota, 4,3 milioi kilokoa.

Ontziteria txikienari dagokionez, Bizkaiko flotak 3,3 milioi kilo ditu, eta horietatik %21 harrapatu dute. Gipuzkoako flotari dagokionez, 1,4 milioi kiloko kuota du, eta harrapaketak %29ra iritsi dira.

Nahiz eta berdelaren arrantzaren batez besteko prezioa, oro har, apur bat igo den aurreko urtearekin alderatuta (1,05 euro kiloko), berdelaren harrapaketen jaitsierak ez du konpentsatzen, batez ere azken hiru urteetan arte txikien arrantza jasaten ari den jaitsiera nabarmenagatik, arrantzaleen iritziz.

Tapia sailburuarekin batera izan ziren datu hauek guztiak plazaratzen Haritz Alberdi Getariako alkatea, Bittor Oroz Arrantzako sailburuordea, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidentea, baita Miren Garmendia eta Eusebio Arantzamendi ere, hurrenez hurren, Gipuzkoako eta Bizkaiko Kofradietako ordezkariak.