GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Real Madril txapeldun, salbazioa erdietsi du

Alaveseko jokalariak, gola ospatzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Real Madrilek 3-0 irabazi zion atzo Cadizi eta, ondoren, Barçak 4-2 galdu zuen Gironaren etxean. Kontuak hala, Carlo Ancelottiren jokalariek Liga irabazi zuten. Cadizen aurka lorturiko emaitza horrek Alavesentzat eragina izan zuen. Izan ere, esan daiteke babazorroek matematikoki salbazioa lortu dutela.

Alaves eta Cadizen arteko emaitzak 1-0ekok izan dira aurten; bakoitzak partida bat irabazi du elkarren kontrako neurketetan, baina gol alde orokorrean gasteiztarrak -7 dute eta andaluziarrek -26. Zifra horri buelta ematea oso zaila da.

Cadizen emaitza jakinik, Alaveseko jokalariek presioa kendu dute gaur Mestalla bisitatzeko (18.30).

Europako postuetan sartzeko azken ahaleginak egiten ari den Valentzia izango dute aurrean, baina bolada zeharo ezberdinean iritsiko dira bi taldeak.

Gasteiztarrek azkeneko bi neurketak irabazi dituzten bitartean -biak etxean, Atletico eta Celtaren aurka-, valentziarrek bi porrot izan dituzte. Gainera, Realak atzo Las Palmasen aurka lorturiko garaipenarekin, zazpi puntura dituzte donostiarrak seigarren postu horretan. Betis zazpigarrena da, 49 punturekin, eta gaur Osasunaren aurka arituko da Sadarren.

Ruben Barajak gidatzen duen taldeari garaipenak bakarrik balio dio. Esan bezala, aurrean presio gutxiago duen Alaves izango dute, baina hau arazo handia izan liteke. Babazorroek lasaiago joka dezakete eta horrek arazoak ekar diezazkieke Mestallakoei.

Luis Garcia Plaza entrenatzaileak betiko atzelariak erabil ditzake: Marin eta Abqar. Bestalde, ez dirudi asko aldatuko duenik hamaikakoa. Zelai erdia Carlos Benavidezentzat izango litzateke, eta Kike Garcia eta Giuliano Simeone erasoan arituko lirateke.

Prestatzaileak mugimendu hau egingo balu, denboraldian minutu ugari jokatu dituzten Luis Rioja, Ander Guevara eta Samu Omorodion aulkian geratuko lirateke. Gainera, Ruben Duartek ezin izango du jokatu, arazo batzuengatik. Alavesek, hori bai, beste helburu bat du buruan: etxetik kanpo berriro irabaztea. Azken hiru partidak galdu egin dituzte Mendizorrotzatik kanpo, eta denboraldia amaitu baino lehen gutxienez beste hiru puntu eskuratu nahiko dituzte Gasteiztik urrun.

Mestallak ez dirudi toki aproposa, gehienbat jokoan dutenagatik. Hori bai, Luis Gaya ezker hegalekoak eta Giorgi Mamardashvili atezainak ezingo dute jokatu. Azken honen tokia Jaume Domenechek beteko du.