Iraitz MATEO
EIBAR

Jauzi Ekosoziala, «justizia sozialean oinarritutako trantsizioa bultzatzeko»

Mugimendu ekologistak Euskal Herrian behar dituen berrikuntzei erantzuteko eragile berri bat sortu da: Jauzi Ekosoziala. Trantsizio ekosoziala bultzatzea izango du helburu nagusia, eta horretarako kontzientziazioan, beste problematikekin batera transbertsalki lantzea eta alternatiba bizigarriak eraikitzean jarriko dute indarra.

Jauzi Ekosoziala aurkeztu zuten, atzo, Eibarko Untzaga plazan.
Jauzi Ekosoziala aurkeztu zuten, atzo, Eibarko Untzaga plazan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Jauzi Ekosoziala eragile berria aurkeztu zuten atzo Eibarren. Azaldu zuten momentuz Hego Euskal Herrian izango duela eragin esparrua. Hasieratik beraien helburu nagusia mahai gainean paratzeko baliatu zuten aurkezpena: «Larrialdi klimatiko eta ekologikoari aurre egiteko Euskal Herrian justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea, horretarako borroka kulturala disputatuz eta gehiengoak artikulatuz».

Eragile berria aurkezteko Eibarko Untzaga plazan elkartu ziren Euskal Herriko hamaika txokotako ekologistak, horietako asko tokian tokiko eragileetan arituak, ‘Sistema ekozidaren aurrean, jauzi ekosoziala’ adierazten zuen olana handi baten azpian. Eragile berriaren xedea azaltzearekin batera, nondik datozen azaldu zuten laburki. Portugaleten 2022an egindako Ekotopaketen ostean sortu zen Jauzi Ekosoziala dinamika modura, eta zazpi hilabetetako hausnarketa prozesuaren ondoren, eragile bihurtzea deliberatu dute.

Mugimendu ekologistak Euskal Herrian tradizio luze eta emankorra izan duela gogoratu zuten, eta azken hamarkadetan makro proiektuen aurkako borroketan sakabanatuta egon dela. «Borroka horiek ezinbestekoak badira ere, krisi ekosozialari erantzun indartsu eta osatu bat emateko mugimendu ekologista bateratuago bat falta zela-eta abiatu genuen hausnarketa», esan zuten.

Hala ere, eragile berria orain arteko urte guztietan egin izandakoaren «aitortza» bat ere badela nabarmendu zuten.

Euskal Herriko ikuspegi guztiak aintzat hartu eta lantzea izango da eragile berriaren erronketako bat, eta munduko beste borrokei ere begiratuko diela aipatu zuten aurkezpenean.

Bestalde, hiru helburu zehatz aipatu zituzten. Lehenik, trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta gizarteratzea. Bigarrenik, ekologismoan aktibatuta ez daudenengana heltzea, hau da, gehiengo soziala aktibatzea trantsizio ekosozialaren bueltan antolakuntza zabal eta egonkortua lortzeko; horretarako, ekologismoa modu transbertsalean lantzea proposatzen dute gainerako eragile sozialekin elkarlanean. Eta hirugarrenik, «alternatiba integral eta bizigarriak planteatzea, betiere justizia sozialean oinarrituta».

Egiturazko eraldaketei bidea irekitzeko hezkuntza eta burujabetza giltzarriak direla ohartarazi zuten. Eta gainera, parte hartzea indartu nahi dutela; horretarako, «belaunaldi berriei eta harremanen zaintzari leku berezia» egingo dietela azaldu zuten. Mundu pluralago eta ekofeministago bat ere sortu nahi dutela kontatu zuten, «eta, horretarako, deseraikitzea dagokigu», zehaztu zuten.

KONTSUMO NEURRIGABEAREN AURKA

Jauzi Ekosozialak orain arte izandako ibilbidean «burgesiaren luxuzko bizimodua» kritikatu izan dutela gogoratu zuten, haien baliabideen xahutzea eta kutsadura salatuz; «hori egin genuen, adibidez, ‘Haien luxuak, gure fakturak’ kanpainan».

Uda honetan izango dute lehen mugarria: «Uda honetan gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez bizitzeko beharra aldarrikatuko dugu. Udan egiten ditugun kontsumo neurrigabeei alternatiba jasangarriak eskainiko dizkiegu». Udazkenean, eragilearen beraren antolakuntza indartu nahi dutela adierazi zuten, herrialdeka zein eskualdeka antolatzeko asmoa baitute oraingoz. Baina hori guztia baino lehen, maiatzaren 11rako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako mobilizazioarekin bat egiten dutela jakinarazi eta deia egin zuten.