ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Errealitate eta artifizio arteko muga lausotu du Iñigo Astizek lehenbiziko ipuin liburuan

“Monogamoak” aurkeztu berri du Iñigo Astiz idazle eta kazetariak, bere lehenengo ipuin liburua. 16 istorio desberdin biltzen dituzte kontakizunek: bortizkeria sexuala, ahizpen arteko maitasuna eta gatazka politikoaren gordintasuna, besteak beste, betiere errealitatea fikziozko zantzuekin azalduz.

Iñigo Astiz, errealitatearekin bezala, «Monogamoak» liburuarekin jolasten.
Iñigo Astiz, errealitatearekin bezala, «Monogamoak» liburuarekin jolasten. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Ipuinak sortzea ez da izan aurrez ezarritako plan bat», dio Iñigo Astiz idazle eta kazetariak, baina bere lehenengo ipuin liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin, “Monogamoak”.

Errealitatea eta literaturaren artifizioa eta fantasia nahasi ditu, errealitatearen forma bera eraldatzeko modu bat bezala. Hala azaldu zuen bere lan berria atzo goizean Donostian egindako aurkezpenean. 16 ipuinez osatutako liburua ondu du, zeintzuetatik laburrena orrialde bakarrekoa den eta luzeena hamalau orrialdekoa.

Leire Lopez Ziluaga editoreak aurkezpenean aurreratu zuenez, askotariko gaiak jorratu ditu Astizek. Opari bat jasotzen duen ume bat, ETAren eta Poliziaren arteko tiroketa baten ostean hildakoen pabiloi batean agertzen den tipo bat, sasoiz kanpo itzultzen den norbait, svastikak marrazten dituzten bi ume, diktadore baten koadroari kopa bat bota zion ustezko pailazo bat eta ospitalera ama bisitatzera doan emakume bat aipatu zituen Lopez Ziluagak.

Editorearen ustez, batzuk errealitateari lotuagoak eta beste batzuk fantasiazkoagoak badira ere, badago lotura haien artean.

«Familia modukoak osatzen dituzte. Elkarren artean urrunen dauden ipuinek ere badauzkate lotzen dituzten kontakizun lehengusuak», ohartarazi zuen. Aniztasunarekin batera doan loturaren ideia honekin ados agertu zen idazlea.

Urte askotan barrena egindako lan ez antolatua da, egileak adierazi zuenez, baina badaukate beste zerbait amankomunean: umorea.

«Umorea irakurtzen dugun modua ez zait aski iruditzen», eta deserosotasuna bilatzen du idazlearengan berarengan nahiz irakurlearengan: «Liburuko ipuin deliranteenetako batzuk errealitate itsusienak kontatzeko erabiltzen dira», esan zuen.

«Naturaltzat ditugun gauzetan zer gauza arraro dauden erakusten saiatzen diren ipuinak dira», sintetizatu zuen Astizek aurkezpenean.

Zehazki, bortizkeria sexuala, ahizpen arteko maitasuna, eta euskal gatazka deitzen den horren errealitate anitza» agertzen dira 16 istorioetan, eta, horrekin batera, «subkontzientean uzten duen hondarra ere badago», autorearen hitzetan.

Azalak ere badauka zerikusi handia eguneroko gauzak literaturarekin moldatzeko asmoarekin. Peter Fischlik eta David Weissek egindako irudia da, eguneroko zenbait objektuk sortutako forma xelebrea erakusten duena. Astizentzat, «eguneroko gauzekin jolastu eta eguneroko martxatik askatzeko» aukera erakusten du, bai eta “Monogamoak” ipuin desberdinez osatutako liburu bat dela ere.