GARA Euskal Herriko egunkaria

200 euroko isunak Donostian emisio gutxiko eremuan sartzeagatik

2024-29 Mugikortasun Planean jasotzen den Emisio Gutxiko Eremuaren ezarpena aurrera doa Donostian. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, Udal Gobernuak mugaketa eta ibilgailuen sarbidea arautuko duen ordenantza ezagutzera eman du.

Donostiako Emisio Gutxiko Eremua. (DONOSTIAKO UDALA)

Donostiako Udalak atzo aurkeztu zuen Mugikortasun Plan berriaren edukia eta Emisio Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza.

Abenduan aurreratu bezala,

Alde Zaharrean eta erdialdean ezarriko den eremu horrek, Araba parkean, San Roken eta Mirakontxan izango ditu mugak. Zinegotziek atzo argitu zutenez, hamar kamera finko jarriko dira sarbideak kontrolatzeko. Matrikulak irakurriko dituzte, eta datu-base batean egiaztatuko dute sarbidea baimenduta edo ukatuta duten. Trafikoa zaintzeaz arduratzen diren agenteek ere izango dute ibilgailuen matrikulak identifikatzeko modua.

Emisio Gutxiko Eremuan baimenik gabe sartu edota ibiltzeagatik 200 euroko isuna ezarriko da, baita hori baino %30 handiagoa ere araua behin baino gehiagotan urratzen duenari.

Ordenantzak ibilgailu motordun eta ziklomotor guztiei eragiten die, nahiz eta lehenengo fasean, alegia ordenantza indarrean sartzen denetik -antza 2024a amaitu baino lehen- hiru urtera arteko epean, egungo ibilgailuen %15i bakarrik eragingo dien; hau da, ingurumen-etiketarik ez dutenei.

Alegazio batzuk Emisio Gutxiko Eremua beste auzo batzuetara ere zabaltzea eskatzen zuten, baina ezetsi egin dira. Hala ere, Udalak adierazi du horrek ez duela esan nahi etorkizunean emisio gutxiko beste eremu batzuk eratuko ez direnik hiriko beste leku batzuetan.