GARA
BILBO

Mecaner «biziberritzeko» foro sozial bat sortuko dute Uribe Kostan

Mecaner lantegiaren itxiera «industria eta giza paisaian birmoldaketa basatia» dela sinetsita, Uribe Kostako eragile eta bizilagunek foro bat sortuko dutela iragarri zuten atzo Urdulizen, enpresa hau «biziberritu» eta «gizarte eraldaketa bidezko eta jasangarrirako eredu bat» pentsatzeko.

Foro honen lehenengo bilera maiatzaren 28an egingo dute. Gogoratu zutenez, irailean Stellantis multinazionalak «eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei» eta «borroka hilabeteak izan dira ondorengoak».

Hau krisi ekologiko betean gertatzen ari dela agertu zuten, eta hori dela-eta Mecanerrentzat langile batzordearen gehiengoak babestutako trantsizio plan ekosozialaren alde agertu ziren.

HIRU ESKARI

Foroa abiatzeaz gain, Lakuari eskaera zehatzak egin zizkioten. Batetik, «bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea» sor dezala; bigarrenik, «Mecaner dagoen tokian inolako proiektu industrialik garatu behar bada, ikuspegi ekologiko eta soziala» izan dezan bermatu dezala; eta, azkenik, balizko proiektu hori, lehentasunez «bertan lanean egon direnekin» egin dadila nahi dute.