Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Bougie (I)

Eskolaz kanpoko klaseak ematen nizkion nerabe bati entzun nion lehendabiziko aldiz bougie hitza. Ingelesezko argot-hitza da bougie eta klase ertainekoa den baina goi klasekoa izan nahi eta horren arabera jokatzen duen norbait izendatzeko erabiltzen da. Erruz erabiltzen zuen nerabeak hitza, gustuko ez zuen norbait edo zerbait gaitzesteko. Grazia egiten zidan zer-nolako konbentzimenduz ahoskatzen zuen bougie; bere adinekoen artean hala deitua izatea baino gauza okerragorik ez zegoen.

Zadie Smith idazleak palestinarren genozidioaren gainean ‘‘The New Yorker’’-en idatzitako artikulua irakurtzen nenbilela etorri zitzaidan bougie hitza gogora. Smithek, jakina, ez du inondik inora ere “genozidio” hitza erabiltzen Israelen ekintzak azaltzeko. Idazleak berak “politikarik gabeko filosofia” gisa deskribatzen duen testuan halako zerbaitek ez du tokirik. Hori bai, sionismoaren defentsa egiten du, bere ustez monolitikotzat jotzen dela eta gaizki ulertua den ideologia dela, eta, bestetik, AEBetako unibertsitateetan Gazako palestinarrei babesa agertzearren kanpalekuak muntatu dituzten ikasleei hizkuntza arma gisa erabiltzea (uler bedi, antisemitismoa sustatzea) leporatzen die. Lerrook irakurrita gauza bat argi dago: Smithek ez du idazten duen horri buruzko libururik irakurri, ezta kritikatzen dituen kanpalekuetatik bakar bat bisitatu ere.