Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA ARTIFIZIALA

David Palmada Pelut, beso luzeko protagonista Moab-eko dorreen erreinuan

Eskalatzaile katalanak enegarren bidaia egin du Fisher izeneko dorreetara. Azken bidaia horretan, Andeka Escolar izan du sokakide. «Beaking in tonghes» bideari aldaera bat gehitzeaz gain, hainbat errepikapen eta lehen igoera sinatu dituzte.

David Palmada Pelutek bikain ezagutzen ditu Moab-eko basamortuan dauden dorreak.
David Palmada Pelutek bikain ezagutzen ditu Moab-eko basamortuan dauden dorreak. (DAVID PALMADA)

Moabeko basamortuan (Utah, AEB) dauden dorre estetikoek sona handia dute eskalada artifizialean jarduten duten eskalatzaileen artean; batez ere, estatubatuarren artean. Lasai asko baiezta daiteke etxekoak direla inguru hartan eskalatzen duten bakarrak. Baina beste leku batzuetan gertatzen den bezala, atzerritar batek edo bestek nagusitasun hori hausten dute.

David Palmada Pelut da horietako bat. Hareharrizko dorre horiek lehen aldiz bisitatuta zituenean, erabat harrapatuta geratu zen. Eta ordutik, eskalatzaile katalana behin eta berriz itzuli da. Fisher, Mystery… dorreetan makina bat jarduera egin ditu. Eta maiz ekarpenaren bidean ikusi dugu. Gai izan da Jim Beyers-en “Intifada” (A6) errepikatzeko, Esthe Olle sokakidearekin “Oju Peligru” (A6+) sortzeko… Eta horrek guztiak bertako eskalatzaileen errespetua jasotzera eraman du. Atzerriko eskalatzaile bat izanik ere, gorazarre ere egin diote.

Joan den martxoan, Andeka Escolarrekin, Pelutek azken bisita egin zion basamortu horrek duen erakusleihoari. Eta biek ala biek eskalada oso interesgarriak sinatu dituzte ingurune hartan: The Oracle dorrean dagoen “Beaking in tonghes” bideari (A4/V) aldaera bat sortu diote, King Fisher eta Echo dorreetan hainbat errepikapen egin dituzte eta hiru erpinetan lehen igoerak gauzatu dituzte.

Baina enegarren bidaia horrek izan duen emaitzari buruz azalpenak eman aurretik, eten txiki bat egin eta GARAk katalanari galdetu dio Moab-eko dorre horiek zer duten iazko mendetik hainbeste bisita egiteko: «1996an ikusi nituen lehen aldiz, eta onartu behar dut inguru horrek harrapatu egin ninduela. Mentalki, teknikoki eta espiritualki erabat lotzen nau; horrelako sentsaziorik ez dut inoiz izan. Nahiz eta dorre horiek maiz ikusi, begiratu, eskalatu ditudan, ez naiz inoiz aspertzen. Dorre horiek zer edo zer berezia dute; hots, beste eskalada batzuek ez dutena. Espezialista askorentzat Kapitain hormatzarra eskaladaren gune ederrena da. Eta ados nago. Erpin horiek askoz ere txikiagoak dira, baina hauek sortzen dizkidaten sentsazioak oso bereziak dira. Muturreko eskaladak egin ditut, eta Moab-eko orratz horietan maila handiena eskalatu dut. Hareharri edo lokatz hori… Ederra da!».

Berezia da, halaber, protagonista honek beti egin duen apustua. Nahiz eta basamortua izan, espedizio guztiak udan egin izan ditu. Baina azken honetan urtaroz aldatu eta neguan bidaiatu du. Martxoaren 3tik 24ra. Pelutek adierazi digu eskarmentu berri bat bizi nahi izan duela: «Bertako eskalatzaileek beti neguan jarduten dute; askoz ere mugimendu handiagoa dago. Udan, berriz, bakarrik zaude. Sentsazio berrien bila joan naiz. Eta onartu behar dut, udan bezala, neguan eskalatzea ere ez dela batere erraza izan. Zorionez, klimarekin zortea izan dugu. Udari dagokionez, aurreratu behar dut plazer gorena bizi izan dudala: arropa gutxiago, beroa, izerdiaren sentsazioa hondarrarekin kamisetan itsatsita… Eta hori neguan oso ezberdina da. Gainera, eguzkia gutxiago agertzen denez, dorre horiek askoz ere ilunagoak dira. Eta hain zuzen ere, hori bilatzen dut. Nire konfort-zonatik atera naiz».

Hala, Manresako eskalatzaileak esperientzia berria bizi izan du Moab-en urtaro horretan. Horrez gain, aurtengo espedizioak jarduera ezberdinak izan ditu. Iaz, adibidez, hamabi egun egin zituen orratz batean zintzilikatuta bide berri bat zabaldu ahal izateko. Orain, berriz, Escobarrekin lehen bidaia izan duenez, beste modu batera jardun du. Helburu nagusia: ahalik eta bide gehien eskalatzea eta bost dorre igotzea.

Hasteko, The Oracleko iparraldeko aurpegian dagoen “Beaking in tonghes” bideari hiru luze berri gehitu dizkiote. Hots, aldaera bat. Horrekin batera, Kingfisher-eko “The return of Mudzilla” eta Echo dorreko “The tapeworn” bideen (biak, V/A3) bigarren errepikapenak egin dituzte. Eta amaitzeko, Centinela, Satan Needle eta Satan Brothers erpinen lehen igoerak sinatzeko gai izan dira.

PROGRESIO GEOMETRIKOA

Katalanak aipatu duenez, filosofia hori indarrean jartzen saiatu dira. Besteak beste, Escobarren “bataioa” zenez, bide gogorrak eta onak errepikatu nahi izan dituzte zailtasunean behetik gora eginez. Alabaina, progresio geometriko hori ez da bete: «Ez da izan eskalatu ditugun bideek eskatu diguten lan eskergarengatik; baizik eta eskalada baten ondoren leher eginda amaitzen genuelako. Lehenik, Kingfisher dorrera abiatu ginen ‘Mudzilla’-n eskalatzeko. Dorre horren hegoaldeko aurpegia eskalatu dut. Udan eskalatu ere. Eta neguan joan ginenez, bada orratzaren iparraldeko murrua aukeratu nuen. Oso motibatuta geunden, batez ere marraren lehen errepikapena egin nahi genuelako. Gero, sare sozialetan esan zidaten errepikatuta zegoela. Haatik, garrantzitsuena da bide hori ederra eta zorrotza dela. Andekaren lehen aldia izateko, onartu behar dut bide horretan lan bikaina egin zuela».

Nahiz eta jarduera horretan astindua jaso zuten, katalanak esan du jarraitu behar zuten erritmoari eustea zaila zela. Hurrengo erronkaren inguruan zalantzak sortu ziren; izan ere, bost dorreak igotzeak mentalki eta fisikoki asko eskatzen du.

Kingfisher-etik jaitsi eta gero, dorrearen oinarrian egin zuten bibaka. Orratz horri Centinel (zaindaria) deitu diote. Bide motz eta erraz horrek asko bete zituen. Cottontail edo Echo dorrea zen bigarren helburua. Baina eskalatzaileok aldaketa bat egin zuten, eta Oracle dorrera joan ziren. Old school estiloa duen “Beaking in tonghes” aukeratu zuten. Bide horrek soilik bileretan txapak ditu. Gainera, eskalatzen ari zirela, ekaitz bortitz batek harrapatu zituen: «Elurra mara-mara ari zuen. Baretu zenean, beste luze batzuk gainditu eta tarte ezezagun batean (igo gabea) sartu ginen. Luze batean ere egundoko ezustea izan genuen. Andeka erlaitz batera igo zen, eta segundo batzuetara lehertu zen. Bileratik zintzilik geratu ginen; zorionez, ezbehar horretatik onik atera ginen. Bide hori (aldaerarekin batera) sinatu ondoren, 1996. urtean Fisher dorreetan hasitako zirkulua itxi egin dut. Sentsazio hori dut behintzat».

Echo dorreak zain zituen. Leher eginda jarraitzen zuten, eta “motibazioari” eusteko “The paeworn” bidean sartu ziren. Eta berriro ere beste ezusteko bat bizi izan zuten. Escolarrek lehen luzeari ekin zion. Antza denez, erraza zen: A1 mailakoa. Baina une jakin batean blokeatuta geratu zen. Ez aurrera, ezta atzera ere; ezin zuen jarraitu. Hareharria erabat heze eta puskatuta zegoen. Hori izan zen eragozpena. Hala eta guztiz ere, egoera hori gainditu eta errepikapen hori lortu zuten.

Bidaia amaitzear zegoen; hiru egun baino ez. Dorre txiki batzuetan bideak zabaltzeko asmoa zuten eta horretan buru-belarri hasi ziren. Bi igo zituzten, igoerarik ez zutenak. Satan Needle eta Brothers deitu diete.

Azken bidaia honen ostean, Peluti azken galdera bat egin diogu: Ez al zara aspertu Moab-eko dorreekin? Horra erantzuna: «Han dauden dorre eta bide guztiak ez ditut eskalatu eta nire ilusioa da dorre guztiak edo ia guztiak igotzea: Mystery eta Fisher dorreetan jarduera interesgarri batzuk zain ditut».