GARA Euskal Herriko egunkaria

«EZ JAITSI INOIZ TXIRRINDUTIK, EZ JAITSI INOIZ, ALFONSINA»

Orain dela 100 urte emakume batek Italiako Giroan parte hartu zuen. Alfonsina Strada izena zuen. Inork ez du horrelakorik errepikatu. Txikitatik hasi zitzaion bizikleta zaletasuna, gurasoekin erdi gezurretan aritzeraino, betiere bere gogoa asetzeko: txirrinduan ibiltzea. «Ez jaitsi inoiz txirrindutik», esaten zion senarrak.

Alfonsina Strada, gazte garaian, bizikleta gainean. (WIKIMEDIA COMMONS)

Mende oso bat pasatuta, bai, ziklismo arloan emakumeentzako lasterketak ere badaude eta, sarietan izan ezik, gizonezkoenekin antzekotasun handia dute. Iraganean, aldiz, neska batek ez zuen txirrindularitza profesionalean parte hartzeko aukerarik.

Emakume batek, ordea, bere izaera iraultzailea erakutsi zuen. 1924ko Italiako Giroa guztiz historikoa bilakatu zuen Alfonsina Stradak, “Corsa Rosa” delakoan gizonezkoekin batera parte hartu duen neska bakarrak. Alfonsinaren istorioa pobreziari estuki lotuta dago: pobrezia gogorra, larria, etsigarria. 1891. urtean jaio zen eta jaioterriaren izenak berak ematen digu gogortasun horren seinale: Fossamarcia, italieraz «putzu ustela».

Castenaso hiritxoa Bolonia eta Modena arteko bidean dago. Nekazaritza erlijioa da han, baina XIX. mendean jabeek besterik ez zituzten lurraren etekinak gozatzen, ez langileek. Eta Alfonsinaren gurasoak nekazariak ziren: hamar seme-alaba, horietako batzuk oso goiz hilak.

Alfonsinaren abizena ez zen Strada, Morini baizik. Strada ezkondu ondoren etorriko zitzaion, senarra Luigi Strada zelako. Bizimodu larriaren ondorioz bere familiatik aldendu zen Alfonsina, lehen aukera baliatuz. Baina laster mundu guztiak emakume hori ezagutuko zuen, eta izen-abizen berriei esker: Alfonsina Strada, txirrindularia. Edo bere bi ezizenak: «deabru gonaduna» eta «bielaren erregina». Zer dela eta ziklista? Oso gazte txirrindua erabiltzen hasi zelako. Bere aitarena zen lehenengoa, eta, hori hartu ahal izateko, «Lanera joan behar dut» esaten zion.

Erdi egia, erdi gezurra zen hura. Lanera joaten zen, bai, Bolonian jostun aritzen zelako. Baina Emiliako hiriburua Castenasotik 35 kilometrora zegoen, eta joan-etorria ez zuen aski Alfonsinak, gero ere entrenatzen jarraitzen zuen.

Testuinguru hartan ez zen alaitasunerako tarterik. Emakume bat gizonen artean? Eta neska bat garaile, gainera, 40-50 gizon mendean hartuta? Krimen baten modura hartzen zen hura. Castenasoko apaizak txerrikume hori hiltzeko aginduko zion Morini familiari, onartezintzat baitzuen honelako bekatu bat egin izana. Denbora luzez Alfonsinak eskuratutako sariak «bahitu» egin zituen familiak.

1924-KO GIRO D’ITALIA

1924ko Italiako Giroak sekulako arazoak zituen, sariekin hain justu ere. Hori dela eta, ospe handia zuten txirrindulariek ez joatea erabaki zuten. Izen benetan handiak: Costante Girardengo eta Ottavio Bottecchia, gaur egungo Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaard liratekeenak.

‘Gazzetta dello Sport’ egunkariak eta Giroaren antolatzaileek beste 72 parte hartzaile batuko zituzten. Kopuru dezentea, eta tartean, besteak beste, Alfonsina Strada, iraganean jada bi Giro di Lombardian parte hartu zuena. Gizonezkoen lasterketak, jakina. Gehiago ere bazen: Alfonsina Pietroburgoko Sari Nagusian izan zen bizikleta gainean eta Italiako emakumezko mailan orduko errekorra lortua zuen. Parisen ere erakustaldi mordo baten protagonista izan zen.

Alfonsinarentzat urte hori oso gogorra zen, gainera, lehenengo aldiz bere senarra eroetxe batean sartu zutelako. Luigi Strada mekanikaria zen eta bat-batean kontrola galtzen hasi zen, eta ikaraldiak sufritzen. Medikuek ezin izan zuten sendatu eta San Colombano al Lambro-ko erietxe psikiatrikora eraman zuten.

Strada jaunak ondo baino hobeto ezagutzen zituen Alfonsinaren trebetasuna eta gaitasuna bizikleta gainean, eta betidanik (burua galdu baino lehen) esaten zion: «Txirrindutik ez jaitsi, ez jaitsi inoiz».

Azken erronka, beraz, Giro d'Italia. Dena den, antolatzaileek zerrendan Alfonsin Strada idatziko zuten, gizona balitz bezala. Aurrean, 3.613 kilometro ibili beharrekoak, hamabi etapatan banatuak, Milandik abiatu eta berriz Milanera heltzeko.

FAXISMOAREN GARAIA

1924ko sailkapen nagusia ikusiz gero, Alfonsin(a) Stradaren izena ez duzu topatzerik izango, nahiz eta etapa guztiak bukatu zituen. Zortzigarrenean, zoritxarrez, beranduegi iritsi zen helmugara. Hori dela eta, sailkapenetik kanpo geratu zen, baina tropelean segitzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek.

Urte hartako garailea Giuseppe Enrici izan zen, baina azken kilometrora Alfonsina Strada ere lehian iritsi zen. Amesgaiztoa bilakatu zen lasterketa beretzat: aurreneko etapan, maiatzaren 10ean, Penice Mendatean (Lombardia eta Emilia banatzen dituen Apeninoetan) izandako eroriko baten ondorioz larri zauritu zen.

Italiako hegoaldeko errepideetan, bestalde, gizartea oso atzerakoia zen lekuetan, Alfonsinak irainak entzun behar izan zituen ikusleen aldetik: «Deabrua», «madarikatua», «puta»... horietako askok aitaren egiten zuten bitartean.

Gogoan hartu behar da ere faxismoaren hazkundearen garaia zela hura, eta Benito Mussoliniren diktaduraren arabera emakumeek etxean geratu behar zutela, seme-alabak bata bestearen atzean erditzen eta kozinatzen. Inolaz ere ez errepide batean, are gutxiago gizonezkoekin lehiatzen.

Alfonsinak irabazi zuen oparirik onena Vittorio Emanuele III. Italiako erregearen eskutik jasotako 5.000 lirak izan ziren, baita lore sorta bat ere. Horrelako dirutza ez zuen bizitza osoan ikusi. Baina batez ere bere iraultza gauzatu zuen, Giro d'Italia amaitzean.

Hil arte emakume berezia izango zen. 1959. urtean zendu zen, bihotzekoak jota, Milango kale batean. Hiriak kale bati bere izena eman zion: Via Alfonsina Strada, Lorenteggioko auzoan. «Alfonsina Strada - Giro d'Italian parte hartu zuen lehenbiziko emakumea», irakur daiteke bertan.