Asier AIESTARAN
PILOTA

Dariok asko estutu du Altuna, baina amezketarra finalerdietan da aurten ere

Jokin Altunak asko kostata menderatu du Dario final-laurdenetako partida erabakigarrian, eta Iñaki Artolaren aurka neurtuko ditu indarrak datorren igandean Donostian. Txapelketak orain arte utzi duen partidarik gogorrena eta onena izan da Eibarkoa.

Jokin Altuna, tanto bat amorruz ospatzen, Dario Gomez atzean duela.
Jokin Altuna, tanto bat amorruz ospatzen, Dario Gomez atzean duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Buruz Buruko Txapelketak hori du. Partida ona, parekatua eta borrokatua ikustea zaila izaten da, baina, halakoa ateratzen denean, gozamena bikoitza da. Jokin Altunak eta Dario Gomezek atzo Eibarren jokatu zuten final-laurdenetako partida erabakigarria halakoxea izan zen: 328 pilotakada, ia 70 minutu, gorabeherak eta emozioa markagailuan... Zaleek amaieran bi pilotariei eskainitako txalo zaparrada luzea izan zen horren erakusle onena.

Hasieran ez zirudien horrelakorik gertatuko zenik. Dariok tanto on batekin ekin zion neurketari, baina Altunak sakea berreskuratu zuenean zazpi tanto segidan egin zituen, horietatik hiru sakez, eta 7-1 aurretik jarri zen. Espero zitekeen amezketarrak konfiantza hartu eta errioxarra urduri jartzea.

Baina ikuskizunarentzat zorionez ez zen halakorik gertatu. Eskuinez piloteoan min egiten zuela konturatu zenean, pilota asko atzeratu zuen Ezkaraikoak eta Altunak urrutitik ezin zuen miraririk egin. Dario bi tantora hurbildu zen 7-5ean eta 8-6an, eta argi utzi zuen borrokarako prest etorri zela Astelenara. Aurrez Buruz Burukoan elkarren aurka jokatutako bi partidetan lan handiak emanak zizkion Dariok Altunari, eta atzo ere horrelaxe izan zen.

Dena den, abantailak ia beti Altunarenak izan ziren, eta beste bi aldiz tarte handia irekitzea lortu zuen. Lehenik 12-6 aurreratu zen gipuzkoarra eta ondoren 18-12. Norgehiagoka gogortzen joan ahala, Dario gero eta nekatuago antzematen zen, eta Altunak ongi asmatu zuen tantoak nahasten: aurrean erremate onak egin zituen, tarteka pilota atzera atera zuen...

18-18KO HORMA-BIKOA

Dariori txapelketan bizirik jarraitzeko aukerak ahitzen ari zitzaizkion eta, bere jarraitzaileen bultzadarekin, gai izan zen berpiztu eta neurketa parekatzeko. Pilota berria aterata, sakearekin min gehixeago egin zuen eta piloteoan ere amorruaren amorruz nagusitu egin zen. Bereziki aipatu behar da 17-12an erreboteko harmailara bidali zuen eskuinkada, eta ondoren ere izan zituen atzean eginak.

Aurrean ere gehiago arriskatu zuen errioxarrak azken txanpa horretan. Batzuetan ongi atera zitzaion, 18-16an zorte pittin batekin sartu zuen horma-bikoan adibidez, baina beste batzuetan ez hainbeste. Zentzu horretan, eta sei tanto segidan eginez partida 18-18 berdintzea lortu ondoren, sekulako hutsa egin zuen Dariok: aurre-aurrean hartu zuen pilota bat horma-bikoarekin zabalera bidali zuenean inolako beharrik gabe. Neurketako tanto erabakigarrietako bat izan zen, zalantzarik gabe, nahiz eta egia den gero eskapadaz egindako tanto batekin dema berriz berdintzea lortu zuela (19-19).

Baina une erabakigarrian sartuta, Altunak beste behin erakutsi zuen tentsioz betetako tanto horietan bikain moldatzen dela, eta bere azken hiru tantoak txapela kentzekoak izan ziren. Defentsan aritzea tokatu zitzaionean, oso seguru aritu zen eta erasora pasatakoan oso bizi. Azken hiru tantoak jarraian egin zituen, neurketa 22-19 irabazteko.

AURKIA ETA IFRENTZUA

«Partida oso gogorra izan da. Aurkari oso gogorra izan dut aurrean, eta horrelako neurketa bat irabazteak indar handia ematen dit. Berak ere merituak egin ditu irabazteko, baina azkenean nik lortu dut finalerdietara sailkatzea. Pena da aste bat bakarrik edukitzea errekuperatzeko, tentsio eta gogortasun honetako partida batek egur handia ematen dizulako. Baina saiatuko naiz aste honetan lasai ibiltzen eta igandera puntuan iristen», esan zuen Altunak norgehiagoka amaieran.

Dariok, bere aldetik, pena handia zuen finalerdietatik kanpo geratzeagatik, nahiz eta jakitun izan ikuskizun bikaina eskaini zuela kantxan. «Oraintxe bertan izorratuta nago, finalerdien atarian geratu naizelako. Hasieran kosta egin zait partidan sartzea, eta gero huts tonto batzuk egin ditut. Normala da erritmo honetan jokatuta, eta Jokin zoriondu besterik ez dago. Merezita irabazi du. Gutxienez jendearen animoak eta berotasuna eramango ditut, eta hori oso polita da, batez ere zure ingurukoentzat», eskertu zuen errioxarrak.