Maite UBIRIA BEAUMONT

Euskararentzat ostadar berria marrazteko agindua

Euskararen Erakunde Publikoaren buxeta handitzeko premia agerian jarri zuten, atzo, Herri Urrats kari, Senperera joan ziren ordezkari gehienek. Guztiak ez ziren, ordea, bertan izan. Beskoitzeko ikastolari hats berria emateko xedez milaka eta milaka euskaltzale elkartu ziren aintziran. Alta, iazko euriteen ostean ostadarra marrazteko nahia islatu zuen bestan ez zen estatu ordezkaririk izan.

Zeru lainotuta, baina euri handirik ez. Iaz ez bezala, atzo, Herri Urratsen besta ohiko giro onean ospatu ahal izan zuten Beskoitzeko ikastolari sostengu ekartzera Senperera bertaratu ziren milaka eta milaka euskaltzaleek.
Zeru lainotuta, baina euri handirik ez. Iaz ez bezala, atzo, Herri Urratsen besta ohiko giro onean ospatu ahal izan zuten Beskoitzeko ikastolari sostengu ekartzera Senperera bertaratu ziren milaka eta milaka euskaltzaleek. (Patxi BELTZAIZ)

Kostata bada ere, eguerditik aurrera zeruak argitze aldera egin zuen Senperen eta, euritakoa gordeta, Herri Urratsen bestak goizeko lehen orduetan baino irudi askoz animatuagoa hartu zuen. Zubigintza eta aniztasunaren aldarria egin du aurten ostadarra lelo eta iruditzat hartu duen Ipar Euskal Herriko ikastolen bestak.

Sinbolo horren eskutik, iazko euriteek besta erdizka zapuztu ondoren, esperantza zabalduz joan dela aditzera eman nahi izan zuen, bestalde, Seaskak. Ortzadar horren iragarle izan ziren, hain zuzen, Euskal Herri osoko euskaltzaleak, haien doantzek ekarri ziotelako 2023an Seaskari premiazkoa zuen aterkia.

Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) zirt edo zart egiteko dagoen unean, euskararen orubea konpromiso berriekin ureztatzeko premia agerian gelditu zen Senperen. EEPk biltzen dituen lau erakundeetatik hiru baizik ez zituzten ordezkariak bidali Seaskak antolaturiko harrera ekitaldira. Estatuak uko egin ziolako Seaskak, Herri Urrats kari, emandako hitzorduari erantzuteari. Hala eta guztiz ere, Parisen jarduten duten zenbait legebiltzarkide, delako Max Brisson senatari kontserbadorea, delako Iñaki Echaniz diputatu sozialista, bertan izan ziren, beraien presentziarekin Estatuaren hutsunea are gehiago nabarmenduz.

Maider Behotegyk ez zuen ezkutatu egoera larria dela Euskararen Erakunde Publikoan. 2,5 milioiko buxeta gehitzeko erakunde ezberdinen konpromisoa beharrezkoa dela oroitarazi zuen. Blokeatze arriskuaren aurrean, Estatuari mezua igorri zion, ondoren, besteak beste, hezkuntza elebiduna garatzeko «benetako markoa» galdetzeko. Bere ondotik hitza hartu zuten ordezkariek, modu batean edo bestean, finantzaketa krisiari erantzuteko premia aitortu zuten.

ESKU HARTZE PUBLIKOA

Akitania Berria Eskualdean kontseilaria den Anje Sainte-Mariek aditzera eman zuenez, 100.000 euro gehiago jasoko du EEPk Bordelen bere egoitza nagusia duen erakundearen eskutik. Aitzinetik aletutako konpromisoa baieztatuz, Jean-Rene Etchegarayk iragarpen are esanguratsuagoa egin zuen. 650.000 eurotan emendatuko baitu Euskal Elkargoak bere ekarpena, euskararen politika garatzen jarraitzeko.

Alta, EEPren estatutuek Estatuak, Eskualdeak, Pirinio Atlantikoen Departamenduak eta Euskal Elkargoak ekarpen parekidea egitea eskatzen dutenez, bere iragarpen horri beste erakundeetako ordezkariei zuzendutako deia gehitu zion euskararen aldeko «esku hartze publiko sendoa» aldarrikatu zuen lehendakariak.

«Duela 20-25 urte bezala euskara arriskuan da», oroitarazi zuen azkeneko inkesta soziolinguistikoak utzitako emaitza gazi-gozoa aipagai izan zuen Etchegarayk.

Orotara 51.500 euskal hiztun inguru daude hiru lurraldeetan. Izan ere, bilakaera demografia, alde batetik, eta migrazio bilana, bestetik, erronka bereziki zailak marrazten dituztela ohartarazi zuen Jean-Rene Etchegarayk. Hala, euskalgintzako eragile nagusiak babestearekin batera, beste helburu bat nabarmendu zuen: hezkuntza elebiduna orokortzea. Horretarako, Herri Urratsera ordezkaririk bidali ez zuen «Estatuarekin akordioa erdiestea» premiazkotzat jo zuen.