GARA Euskal Herriko egunkaria

Gustu guztientzako egitaraua prestatu dute Getxoko Ibilaldian

Maiatzaren 26an Ibilaldia egin behar dute Getxon, eta astearte honetan plazaratu zuten egitaraua. Antolatzaileek nabarmendu zuten gune guztietan egongo dela adin tarte eta gustu guztientzako moduko eskaintza. Garraio publikoz joateko deia egin dute.

Arzubiaga, Bañales eta Arrizabalaga. (Oskar MATXIN | FOKU)

Maiatzaren 26an egingo duten Ibilaldiko egitarauaren berri eman zuten atzo antolatzaileek. Euskaltzaindiaren egoitzan eman zituzten azalpenak Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak, Unai Arzubiaga San Nikolas ikastolako zuzendariak eta Gaizka Arrizabalaga zuzendariak. Izan ere, Getxon egingo baitute 2024ko Ibilaldia, San Nikolas ikastolak antolatuta.

Bañalesek Bizkaiko ikastolen jaira gerturatu eta euskaraz «murgildu» daitezen dei egin zien euskaltzaleei. Jaialdia antolatzea lan handia bada ere, Arzubiagak azaldu zuen ezinbestekoa dela ikastolaren inguruko komunitatea indartzeko; hau da, herritarrekin, eragileekin eta erakundeekin duen harremana bultzatu eta hobetzeko, besteak beste.

Arrizabalagak eman zuen egitarauaren xehetasunen berri. Lau gune izango dira: lehena, Ikastola gunea, hasierako gunea izango da; bigarrenak, Herria guneak, San Nikolas plaza eta ingurua hartuko ditu; hirugarrena, Portu Zaharra gunea, Algortako Portu Zaharrean jarriko dute; eta laugarrena eta azkena, Hondartza gunea, Ereaga hondartzan izango da.

ASKOTARIKOA ETA ZABALA

Ez da egongo haurrentzat, nerabeentzat edo bestelako talderen batentzat preseski pentsatutako gunerik, denetan egongo baita guztientzat pentsatutako ekimenen bat.

Ikastola gunean, gainera, Herri Bazkaria egingo dute 14.00etan, eta arratsaldean Yogurinharen emanaldia izango da. Herria gunean azoka egongo da egun osoan. Portu Zaharra gunean Zirku Tailerra egingo dute 13.00etatik 15.00etara bitarte, eta 14.00etatik aurrera Itziarren Semeak taldearen kontzertua izango da. Horrez gain, egun osoan zehar Euskaltel Txirrindularitza Tailerra egongo da. Hondartza gunean zumba dantzatzeko aukera izango da 12.00etatik aurrera, eta bazkalostean Go!azen emanaldia eskainiko dute.

Arrizabalagak dei egin zuen Bizkaiko ikastolen jaira gerturatzera, eta galdegin zuen, posible duenak, garraio publikoa erabil dezala, Getxo metroz ondo konektatuta dagoela baliatuz, batik bat.