Maider IANTZI
DONOSTIA

Torrealdairen tesiaren liburua atera dute, zentsuraren ingurukoa

Joan Mari Torrealdai Nabearen tesiaren liburua plazaratu zuten atzo Deustuko Unibertsitatean: «La censura gubernativa y el libro vasco». «Bere lanari esker, badakigu pertsekuzioari pertsekuzio deitzen», esan zuen Lorea Agirrek, zentsuraren jardunaldian.

Torrealdairen liburuaren aurkezpena.
Torrealdairen liburuaren aurkezpena. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Joan Mari Torrealdai Nabeak (Forua, 1942 - Usurbil, 2020) lan handia egin zuen bere bizitzan, baina gauza asko bukatu gabe geratu zitzaizkion, tartean zentsurari buruzko bere tesiaren liburua argitaratzea. “Jakin”-eko lagunek bete dute haren nahia, eta atzo aurkeztu zuten “La censura gubernativa y el libro vasco, 1936-1983. Análisis de los informes del lectorado”. Paperean dago, eta baita aldizkariaren webgunean ere.

Deustuko Unibertsitatean irakurri zuen tesia foruarrak 1991n, eta bertan plazaratu zuten liburua, Donostiako Campusean, zentsurari buruzko jardunaldi batean.

Lorea Agirre Dorronsoro “Jakin”-eko zuzendariak kontatu zuen Torrealdai Arantzazun eskolatu zela, Teologia ikasi zuela Okzitaniako Tolosan, Soziologia Parisen eta Informazio Zientziak EHUn. “Jakin”-en zuzendaria izan zen, “Euskaldunon Egunkaria”-ko administrazio kontseiluko kidea, euskaltzain osoa... Idazlea, soziologoa, kazetaria, euskaltzalea eta bizizalea zen. Zentsura bizi izan zuen, eta zentsuraren ikertzailea izan zen. «Ez ukatu, behintzat gu hil arte», esaten zuen.

«EUSKAL MUNDUA, SUBSUMITUA»

Harengandik ikasitako hamar lezio zerrendatu zituen Agirrek: «Taldearen garrantzia; lana, nor egiten gaituen zerbait bezala; militante profesionala; herri mugimenduen autonomia errespetatu eta ekarpena baloratzea; azpiegiturak sortu eta indartzea; euskalgintzan herri ekimena eta instituzioak eskuz esku aritzea; euskal mundua subsumituta dago, baina unibertsoa izan behar du; kulturak alderdietatik aparte behar du; helburua irabaztea da; eta borroka bat balitz bezala lan egitea».

Xabier Eizagirrek oroitu zuen Orwellen urtean heldu ziola Torrealdaik zentsura ikertzeari, 1984an. «Zentsura aztertzea bere belaunaldiari justizia egiteko modu bat» zen. Tesia «zirkulu zentrokideetan» antolatuta dago. Hiru aldi nagusi bereizten dira: 1936-55, 1956-75 eta 1975-83. Euskal kulturari eragiten dion giroa, ekoizpen editoriala eta txostenak ikertzen dira.