GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA, KOPAKO FINALEAN
Entrevista
NEREA EIZAGIRRE
Realeko kapitaina

«Zenbat eta gehiago begiratu Barçari, orduan eta txikiagoak egingo gara»

Mezu hori eman die Natalia Arroyok Kopako finaleko partidari begira. Nerea Eizagirre (2000, Tolosa) Realeko kapitainak aitortu du Ligan energia aldetik «justu samar» dabiltzala, baina Kopan taldeak «motibazio eta ilusio handia» duela. 2019ko Kopa gogoan, tolosarrak nabarmendu du orduan ere inork gutxik espero zuela haiek irabaztea.

(Gorka RUBIO | FOKU)

 

Reala ez da momentu onenean iritsi Bartzelonaren aurkako Kopako finalera, baina Liga kontu bat da, eta Kopa, beste bat. «Ilusioa eta motibazioa» aipatu ditu Nerea Eizagirre Realeko kapitainak, baita finalean «hankek baino gehiago, bihotzak eta buruak ondo joan beharko dutela» ere. Kataluniako taldea izarrez betetako multzoa izan arren, tolosarrak adierazi du «pertsonak» ere badirela. Lehiaren gakoaz galdetuta, «atzean sendo ibiltzea, une oro kontzentratuta, eta aurrean izango ditugun lauzpabost aukerak sartzea» dela esan du.

Egindako Liga «nahiko irregularraz» hausnartu du, baita Realak izandako hazkundeaz ere -Arroyo prestatzailea aulkian dagoenetik-, «jokatzeko identitateari» dagokionez. Aldi berean, esan du Reala finaletan ikusten ohitu garela, eta lehen ez zela halakorik gertatzen. Bere etorkizunaz ere zertxobait esan du. Elkarrizketa Ligako azken partidaren aurretik egin da. Joan den igandean 0-1 irabazi zioten Teneriferi, kapitainaren golari esker. Zazpi partida irabazi gabe pasatu ostean, amaiera eman diote bolada txarrari.

Irabazitako azken lehia Kopako Atletico Madrilen aurkakoa izan zen. Bolada txar hori nolabait azaldu daiteke?

Uste dut hiru puntuak lortzea kostatzen ari zaigula. Atletico Madril eta Levanteren aurka jokatu ditugun Ligako azken bi partidak Kopakoak baino hobeak izan dira. Kontua da ez duzula irabazten, eta ez dituzula hiru puntuak lortzen; hor dago gakoa. Taldeari puntu horretatik ateratzea kostatzen ari zaio; partida onak egiten ari gara, baina ez gara hiru puntuak lortzen ari. Uste dut, oro har, nahiko Liga irregularra egiten ari garela, esango nuke goiko taldeen aurka ondo lehiatzen garela, baina a priori behean dauden taldeen aurka, ez dakit taldea lasaiago ateratzen den zelaira edo hiru puntuak irabazitzat ematen dituen, baina uste dut hor kostatzen ari zaigula; beheko taldeen aurka ez ditugu partidak irabazi, puntu asko galdu ditugu. Gauden lekuan gaude ditugun puntuekin.

Levanteren aurkako Ligako partida oso zoroa izan zen: 4-3 galdu zenuten. Golak erraz sartzen dituzue, baina erraz sartzen dizkizuete.

Bai. Atletico Madrilen aurkako partidaren ondoren esan genuen aukera asko izan genituela, eta garrantzitsuena baloia atean sartzea zela. Ondorengo partidara iritsi ginen, eta hiru gol sartu genituen arren, lau sartu zizkiguten. Gainera, esango nuke sartu zizkiguten lau golak gure akatsak izan zirela, markajeen kontuengatik. Energia aldetik justu samar gabiltza Ligan, ez dugu motibaziorik sailkapena ikusita, baina Kopan final batean gaude, eta motibazio aldetik taldeak ilusio handiagoa du.

Entrenamenduetan sentsazio onak dituzue, baina gero zelaian ez duzue hori islatzen?

Esango nuke azken partidetan zorte puntua ere falta izan zaigula. Taldea ondo entrenatzen ari da, taldea ondo iritsiko da finalera, taldea fisikoki ondo dago, baina egia da ate aurrean asmatzea kostatzen ari zaigula. Sartzen denean ere, atzean kontzentrazio falta dugu, eta horiek dira hobetu beharrekoak. Finalean hori beharko dugu, alegia: aukerak sartu eta une oro kontzentratuta egon. Badugu irabazteko aukera, beraiek ere pertsonak dira, gainera nik beraiekin entrenatzeko aukera izan dut, jokalari onak dira, badakigu orain momentu onean datozela, baina min egiteko aukerak baditugu.

Taldea ondo dago, oro har. Zu nola zaude fisikoki? Ondo?

Bai, egia da minutu asko direla denboraldi honetan. Kosta egiten da azken txanpara ondo iristea, hankak nekatuago daude, baina esango nuke partida honetarako hankek baino gehiago, bihotzak eta buruak joan beharko dutela ondo. Ilusio handia dugu, partida bakarra da, 90 minutu, eta uste dut taldeak dena emango duela. Eta dena ematen badugu, Bartzelonari kosta egingo zaio irabaztea.

Kopan, partida bakarrean, edozer gerta daiteke, baina aurrean Bartzelona.

Bai, ikusita Bartzelona bezalako talde baten aurka jokatu behar duzula... Min egitea zaila da, talde gutxik egiten dietelako mina. Beraiek ohituta daude aukerak egiten, modu askotara gainera, izugarrizko jokalariak dituzte... baina esango nuke ondo defenditu behar dugula; hor egongo da gakoa, eta izango ditugun lauzpabost aukerak sartu beharko ditugu. Orduan, beste partida bat ikusiko dugu.

Azken hilabeteetan jokatzeko marrazkia aldatzen joan zarete. Nola arituko da Reala?

Ez dakit, azkenean Nataliak [Arroyo] gauza asko probatu ditu azken aste hauetan. Hor gauza polit bat dugu: batzuetan 4-3-3, 4-4-2 (erdian erronboan)... Modu askotara jokatzeko aukera dugu, jokalari oso desberdinak ditugulako, aurrelari asko, eta aurrean birekin jokatzeak laguntzen digu, nik kanpotik jokatzen dudanean barrura sartzeko ohitura dut... Ez dakit nola jokatuko dugun, baina gauza asko probatu ditugu.

2019an Kopa irabazi zenuten. Zer esaten diezu taldekideei?

Orduan ere inork ez zuen irabazten Atletico Madrilen aurka. Gainera, sasoi hartan Liga irabazi zuen, sekulako jokalariak zituen: Sonia, Jenni Hermoso, Amanda, Messeguer... Une hartan Atletico orain Bartzelona dagoen lekuan zegoen, eta min egiteko aukera izan genuen, partida osoa pasatu genuen baloiaren atzetik, asko sufrituta, Mariasunek [Quiñones] inoiz gelditu ez zituen aukera guztiak gelditu zituen... Ia Elenek [Lete] ere gelditzen dituen, eta defentsa sendo dagoen. Aurrean izango ditugunak sartzen baditugu, partida irabazteko aukera izango dugu.

Azkenaldian Jensen fin dabil ate aurrean.

Bai, gol asko duen jokalaria da, esango nuke gol gehien duen jokalaria dela. Ondo mugitzen da area barruan, eta izugarrizko jaurtiketa du, berdin zaio nondik jo, ezkerretik edo eskuinetik. Berak atea aurrean duenean aukerak bilatzen ditu, eta entrenamenduetan erakusten digu gol asko duela; espero dugu finalean botak ondo jartzea, dituen aukera guztiak sartzea eta saiatuko gara ahalik eta paserik onenak ematen.

Bitxikeria bezala, 2019an ez zenuten xanpaina eraman finalerako, eta irabazi ondoren, horren ordez garagardoa edan zenuten. Aurten xanpaina egongo da?

Ez dakit [barrez]. Espero dut guregan konfiantza izatea, eta norbaitek xanpaina eramatea. Egia da gutxik zutela konfiantza guk irabaziko genuela; guk, ordea, konfiantza hori genuen. Esango nuke final honetan ere jende gutxik duela konfiantza guregan, ikusita Bartzelonaren maila, eta normala da, baina guk konfiantza dugu aukerak izango ditugula. Gainera, Nataliak mezu argi bat eman zigun: zenbat eta gehiago begiratu Bartzelonari, orduan eta txikiagoak egingo gara. Arreta pentsatutako planean jarri behar genuela esan zigun, eta uste dut plan hori ondo ateratzen bada, finala irabazi ahal izango dugula.

Bi berri izan dituzue azken asteotan. Lehena, Ana Tejada Ameriketako Estatu Batuetara joan dela. Haren hutsunea sumatuko duzue?

Anaren [Tejada] egoera pixka bat konplikatua izan da, azkar pasatu den zerbait izan delako. Egia da klub garrantzitsu batek begia jarri diola, eta apustu sendoa egin duela. Harentzat izugarrizko aukera da, eta bai, jada faltan botatzen dugu; gainera nik oso gertuko harremana dut harekin. Hala ere, uste dut erdiko atzelari gehiago ditugula haren postuan jokatzeko moduan: Nahia [Aparicio], Ane [Etxezarreta] eta Manu [Vanegas], eta haiek ere lan ona egingo dute.

Bigarrena, bestalde, Natalia Arroyok ez duela Realean jarraituko.

Berak eta klubak erabaki badute aroa amaitu dela, onena izango da. Jokalarientzat kolpe gogorra izango da, zalantzarik gabe, berarekin gauza askotara ohitu baikara. Egunerokoan bera ez izatea sumatuko dugu. Uste dut Nataliak asko eman digula; bera etorri baino lehen ez genuen horrenbesteko identitate finkorik, eta berak multzoan islatu du atzetik jokatzen duen talde bat, aurrean sormena duena, marrazki asko erabiltzen dituena... Uste dut Natalia hemen dagoenetik gainerako taldeek ere errespetu handiagoa digutela, badakitela Realak ondo jokatzen duela. Berak asko eman digu, baina beraiek erabaki badute aroa amaitu dela, guk errespetatu besterik ez dugu.

Azken lau urteetan Txapeldunen Liga jokatzea lortu duzue, eta Kopako final bat jokatuko duzue.

Bai, aurrekoan begira ibili ginen. Azken lau urteetan hiru finaletara ailegatu gara —2020. eta 2023. urteetan Superkopan, eta aurten, Kopan —, eta hori ez da erraza izaten. Bigarren postua ere lortu dugu Ligan. Horrek asko esan nahi du: taldea goian egon da, ohitu egin gara Reala finaletan ikusten, eta lehen hori ez zen gertatzen. Alde horretatik ere, hark egindako lana asko eskertu behar dugula uste dut, eta espero dut hona etorriko den pertsonak ere maila horretan jarraitzea, eta gauza berriak ekartzea.

Denboraldi honetan amaituko zaizu kontratua. Hitz egiten hasi zarete?

Bai, denboraldi osoan hitz egin dugu. Egia da oraindik ez dakigula zein entrenatzaile izango dugun, eta hori ere garrantzitsua da, ezta Realak zer proiektu edo zer ikuspuntu duen datozen urteei begira ere. Hor egongo da gakoa. Beti esaten dut nire lehenengo aukera Reala dela, baina bide horretan elkarrekin joan behar dugu, eta nik ikusten dudan moduan eta beraiek ikusten dutenean bat egitea. Hitz egin behar dugu, eta ikusiko da denboraldi bukaeran non egongo naizen.

4.000 realzale baino gehiago joango dira Zaragozara. Azken mezu bat zaleentzat.

Partida gogorra izango da, eta momentu askotan sufritu egingo dugu. Sufrimendu horretan, berotasun hori beharko dugu. Uste dut eredu argiena Atletico Madrilen aurkako partida izan zela: asko sufritu genuen, eta azken momentuan taldeak eutsi egin zion, hain zuzen, kanpotik entzuten genituen animoengatik. Espero dut Zaragozan gure zaleei gehiago entzutea Bartzelonakoei baino, beharko dugu-eta.