GARA
BAIONA

Azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu dute euskal ikasleek

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen deiari jarraituz, Euskal Herri osoko ikasleek bat egin zuten, atzo, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko xedea zuen mobilizazio egunarekin. Suprefetura aitzinean kantuz hedatu zuten aldarrikapena Baionan. «Azterketak euskaraz» entzun zen ozen, Gobernu frantsesaren egoitzaren ataria komuneko paperez estali bitartean.

«Azterketak euskaraz!», aldarrikatu zuten, Baionako Suprefeturaren aitzinean.
«Azterketak euskaraz!», aldarrikatu zuten, Baionako Suprefeturaren aitzinean. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Herri osoko ikasleek bat egin zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek atzo deitutako mobilizazio orokorrarekin, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten.

Goizeko 11.00ak aldera abiatu ziren Seaskak Baionan duen lizeoko ikasleak. Ikastetxea eta Suprefetura artean ehunka ikaslek martxa egin zuten, azterketak euskaraz letra larriz aldarrikatzen zuen banderolaren atzean.

«‘Aski da’ errateko tenorea da; herri bat aitzinean dutela erakutsi behar diegu», adierazi zuten baxo eta brebeta azterketen atarian antolatu zuten mobilizazio orokorreko egunaren hasieran.

Kazeta.eus atariak jasotako kontakizunaren arabera, «hemen gaude euskararen alde» eta «azterketak euskaraz» oihu artean zeharkatu zituzten Bernat Etxepareko ikasleek Baiona Ttipiko karrikak.

Suprefeturan zuen helmuga ekimenak, eta bertan kantuz haizeratu zuten aldarrikapena.

AITORTZA FALTA

«Herri bakoitza bere buruaz jabe, askatasuna ukatzen daukute [...] Zahar, gazteak, lotu lortu arte!», entzunarazi zuten ozenki Baionan, euskaraz ikasten duten ikasleen eskubideak aitortzeko ikasgaia gainditu ez duen Estatua ordezkatzen duen erakundearen egoitzaren aurrean.

«Azterketak euskaraz» entzun zen ozen, txistu artean, frantziar Gobernuaren egoitzaren ataria komuneko paperarekin estali bitartean.

Egunean zehar lurraldez lurralde beste hainbat ikastetxetako ikasleek ekimen ezberdinak antolatu zituzten. Hala nola Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan, Oztibarren. Ikasketak euskaraz egin arren aurten ere baxo azterketa frantsesez idatzi beharko duten Ipar Euskal Herriko ikasleen sostenguz mobilizazioak izan ziren Hego Euskal Herrian ere.

PAUSO BAT AURRERA, BESTE BAT ATZERA

Hezkuntza Ministerio frantsesak joan den hilabetean egin zuen urrats bat aurrera, brebeta azterketari dagokionez. Finean, azterketa osorik egin ahal izango dute aurten kolegioaren etapari amaiera emanen dion azterketa pasatu behar duten ikasleek.

Hala, 2019 arte indarrean izan zen egoerara itzuli dira. Iaz azterketa euskaraz egin ondoren, Hezkuntza Ministerioak atzerapausoa eman zuen, aurten azterketen azalpenak frantsesez jasoko dituztela iragarri zuenean. Parisek gibelera egin du, beraz. Izan ere, baxoari dagokionez, egoera oso eskasa da oraindik. Hizkuntza berezitasuna hautatu duten ikasleek aukera izanen dute Ahozko Handiaren atal bat euskaraz egiteko. Gainerakoek frantsesez osatu beharko dute beren mintzaldia.

Idatzizko probak frantsesez idatzi beharko dituzte, halaber, lizeoa amaitu eta heldu den urtean goi ikasketak hasiko dituzten gazteek.

Seaskak behin baino gehiagotan salatu duenez, desabantaila dute euskaraz ikasten duten ikasleek. Urte osoan zehar euskaraz ikasi ondoren frantsesez pasatu behar dutelako azterketa.

Hala eta guztiz ere, baxo azterketari dagokionez, Estatu mailan nota hoberenak ateratzen dituzten lizeoen artean da Bernat Etxepare lizeoa.