EDITORIALA

Behartsua ahaltsuaren mende uzten du arau ezak

Asteon, Espainiako Ministroen Kontseiluak etxegabetze eta kaleratzeen etenaldia 2028ra arte luzatzea erabaki du. Neurri hori 2012an ezarri zen estreinakoz, higiezin eta finantza-burbuilaren eztandak eragindako krisi ekonomikoaren erdian. Gero, pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz luzatzen joan da. Egungo egoera ekonomiko zail, inflazio handi eta interes-tasa altuengatik eutsiko diote orain neurri horri.

Lasaigarria da familia batzuentzat, baina inola ere ez guztientzat. Kaleratzeen etete hori ahulentzat jotzen diren kolektiboen ohiko etxebizitzen kasuan aplikatzen da, baina etxegabetzeak badira oraindik. Gainera, sarritan, aldez aurretik abisatu gabe egiten dira; jendea kale gorrian uzten dute, Astigarragako bizilagun bati gertatu zitzaion bezala. Azken hori duela bi hilabete kaleratu zuten, eta atzo arte ez zioten etxean sartzen utzi bere gauza pertsonalak jasotzeko. Sistema administratibo eta judizialak ez du ez eskrupulurik, ez errukirik, eta bankuen edo hartzekodunen interesak defendatzen ditu itsu-itsuan. Beste kasu askotan bezala, Astigarragako kaleratzean mailegu-emaile pribatu batek partikular bati dirua mailegatu zion guztiz neurriz kanpoko baldintzetan; diru-gosean oinarrituta, merkataritza-eragiketa batean baino. Nekez ulertzen da zergatik ez dituzten jazartzen abusuzko praktika hain argiak diren hauek, non maileguak bete ezin diren baldintzetan eskainiz bermean jarritako ondasunak eskuratzea bilatzen den. Gaur egun, iruzurrak paperak sinaraziz egiten dira, inpunitate osoarekin.

Etxebizitza oinarrizko eskubidea da. Hala ere, bankuak, putre funtsak eta era guztietako espekulatzaileak jendearen etxebizitzak bereganatzen ari dira, inpunitate osoz. Horretarako, hamaika amarru erabiltzen dituzte, legezkoak batzuk, gehiegizkoak beste batzuk; mailegu partikularrei lukurreriazko interesak aplikatzea, adibidez. Partikularren arteko maileguen aurka ez da deus egiten, bi aldeek erabakitzeko askatasuna duten argudiopean. Horrela, behartsua boteretsuaren esku uztea besterik ez da lortzen. Egoera horri ere muga jartzea premiazkoa da.