Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

«Bougie» (II)

Mendebaldean Palestinaren alde protestan ari diren ikasleen lemak kritikatu arren, aktibismoaren defentsa egiten omen du Smithek ‘‘The New Yorker’’-eko bere artikuluan. «Omen» diot politikarik gabeko aktibismorik ez dagoelako, politikarik gabeko filosofiarik ez dagoen bezala, Smithek biak, aktibismoa zein filosofia, aratz eta puru nahi dituen arren. Idazlea kexu da poliziak protestarien kontra erakutsitako indarkeriagatik eta ezin du bere harridura ezkutatu atxilotuta ere kikiltzen ez diren ikasleen adorearen aurrean. Hori, atxilotua izatearena, “gutako askorentzat imajinaezina” dela dio Smithek.

“Gu” horrek salatzen du nondik eta norentzat idazten ari den nobelagilea. Eta oker dago: poliziaren indarkeria eta jazarpena imajinatu ezin dezaketen “asko” horiek gutxiengo bat dira.

Bere buruaren defentsan, Smithek dio saiatu dela pentsalari aktibista bat izaten, baina adorea falta zaio. Londresen ekintza batean parte hartzeko aukera aurkeztu zitzaionean atzera egin zuen, atxilotua izanez gero New York bisitatzeko aukerak zapuztuko zitzaizkiolako (egiazki, arau-hauste txiki batek ez lioke AEBetan sartzea eragotziko).

Eskolaz kanpoko eskolak ematen nizkion nerabea irudika dezaket, begiak gora sumindura ezkutatu ezinda, ahotik esaldi bakarra ateratzen zaiola: a zer bougiea.