MAIDER IANTZI GOIENETXE

Euskal mitologiako ipuin berriak sortu ditu Bergarak adimen artifizialarekin

Euskal mitologia lantzen du Aritza Bergarak, gaur egungo errealitate bezala, bizirik dagoena, gazteengana iristeko. «Euskal Herriko ipuin mitologikoak» (Eguzkilore Liburuak) kaleratu du, primizian GARArekin eskuratzen ahalko dena, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan, maiatzaren 26ra arte. Teknologiarik aurreratuena eta antzinako pertsonaia magikoak uztartuz asmatu ditu zazpi istorio berri.

Aritza Bergara, liburu berriarekin, Gorlizen.
Aritza Bergara, liburu berriarekin, Gorlizen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

“Euskal Herriko ipuin mitologikoak” liburuko istorioak berriak dira, Aritz Bergara Alustizak asmatuak. Pertsonaiei bertze betebehar batzuk eman dizkie, basoa zaintzea adibidez, gazteengana ailegatzeko. GARArekin primizian eta eskaintza berezian zabalduko da obra, euskaraz eta gaztelaniaz, internet bidez.

Azaroan, “Izena duen guztia omen da” liburua plazaratu zuen Sestaon 1972an sortutako idazleak. Eta bertako lauzpabost ilustrazio egin zituen adimen artifizialarekin (AA). «Ze ederrak!». Azaldu duenez, beti entzuten dugu AAren alde txarra, beldur gara, baina teknologia guztiekin bezala erabileraren arabera aurrerapausoak lor daitezke edo kaltegarria izan daiteke. Sortzaile moduan lan tresna izugarria da berarentzat, eta “Euskal Herriko ipuin mitologikoak” teknologia honekin egin du osorik.

«Basajaunen ipuina izan zen lehena egin nuena; harrituta geratu nintzen. AArekin sortutako liburua dela esanda, norbaitek pentsa dezake ez dudala ezer egin, baina ia urte eta erdi daramat irudiak sortzen, eta ikonografia berri bat lortuko dugu».

Zazpi ipuinek osatzen dute liburua. Mari jainkosa nagusia, jentilak, Basajaun, galtzagorriak, Inguma eta Gauargi agertzen dira, baita Eguzkilore eta akelarrea ere.

EGUZKILORE

Lehenengo istorio gisa Eguzkilore jarri du, Eguzkilore Liburuak argitaletxe edo kultur elkarte txikia sortu zutelako bi kidek eta beren marka delako. Liburuaren proiektu honi zorte ona emateko asmoa ere badu. Hori bilatzen du Bergarak gure mitologiarekin, arbasoek mundua nola ulertzen zuten eta nondik gatozen jakitea. «Naturara bueltan gatoz, behartuta, klima aldaketaren ondorioz. Eredu kapitalistari buelta eman eta zerbait sortu beharko dugu bizirauteko. Antzina naturarekin zuten lotura askoz hurbil eta errespetuzkoagoa zen».

Emaitzarekin gustura gelditu den galdetuta, bere lanekin beti hagitz kritikoa dela eta benetan lan polita egin dutela iruditzen zaiola esan du. Gai honetaz dakiten eta berarentzat erreferente diren pertsona batzuei aurkeztu die lana, Toti Martinez de Lezeari eta Juan Manuel Etxeberriari. «Toti oihuka hasi zen, harrituta. Hori niretzat ohore izugarria da».

Liburua gazteei zuzendua dago bereziki, 7-8 urtetik gorakoei. «Halere, hain ilustrazio ederrak izanda, mitologia gustuko baduzu, edozein adin izanda ere hurbilduko zara, begietatik sartzen baita».

AArekin sortzeko prozesuan gehiago sakondu nahi izan dugu. Esplikatu digunez, programa ezberdinak erabili ditu. «Egun batetik bestera berriak agertzen dira, eta moldatzen joan behar duzu. Hasieran programa bat erabiltzen nuen, eta azaldu behar nion zer sortu behar nuen. Adibidez, galtzagorriak. Tamaina txikikoak, irribarre batekin... Nahi dituzun datu guztiak sartzen dituzu, eta erantzun bat ematen dizu. Informazio guztia ingelesez eman behar zitzaion. Gero gaztelaniaz ere idatzi ahal zen, eta hemendik gutxira euskaraz lan egiteko aukera izango dugu».

Metodo zientifikoa da, entsegu-errorearena. «Egunero jartzen nintzen irudiak sortzen, eta egun osoan irudi on bat lortzen banuen, pozik joaten nintzen ohera».

Testuak ere AArekin idatzi ditu, olerkiak barne. Gaztelaniaz sortu, eta euskaratu egin ditu gero.

GAUZA POLITAK EGITEN

«Orain, badirudi dena egina dagoela euskal mitologian», egin du gogoeta. «Barojak, Satrustegik eta beste hainbat egilek informazio guztia jaso zuten. Baina moldatu egin behar dugu gazteengana heltzeko, bestela apaletan geratuko da. Gauza politak egin behar dira. Denok ezagutzen dugu ‘El Señor de los Anillos’ oso polita delako, eta hori lortu behar dugu euskal mitologiarekin».

Bilboko Liburu Azokan plazaratuko du lan berria ekainaren 9an, 13.00etan. Dagoeneko eskuragarri dago GARAn eta NAIZen, 18,95 euroan, maiatzaren 26ra arte, eta aurrerago, liburu-dendetan eta eguzkiloreliburuak.com webgunean ere bai, 20 euroan.