GARA Euskal Herriko egunkaria

Egontokia


Aspaldi idatzi nizun behera begira bizi den jendea ez dudala maite errateko, gora begira dabilena, batzuetan zerura, besteetan albora, eta aurpegira beti, horiek direla zoriontsu bizi direnak. Behera begiratzen duena marmarti ibili baita, muturra estututa beti, haserre; aldiz, besteak, ameslari, baikorki, momentuaren gozamenean sarri.

Gauza bera gertatzen da lepotik behera begiratzen dizunarekin, sorbalda haren langa balitz bezala, eta zu, handik goiti, begirunea ere eskuratuko ez duzula. Ezdeusa ezlekuen bizitokian.

Ez dut uste urteotan anitz aldatu direnik kontu hauek, nahiz eta hizketa moduetan aitzinamenduak denok sentitu ditugun. Hain goian jarraitzen dute batzuek eta hain behean gehienek. Arrazoia ez dut edukitzerik halere, horrela oroitarazi dit Iñakik esaldi honekin, edo hala ulertu diot nik: Kulturak «jasoa» famatzen du: «hizkuntza, literatura, arte, pertsona... jasoa» (Jasotasun hori, bidenabar, ez da -behera begiratzen dakien- zapelatzarena, baizik eta -behetik ihesi doan- globoarena). «Kulturak ere, beraz, arrazoia goietan bilatzeko agintzen du; hots, ez dagoen tokian, badaezpada».

Ez dut kontrakorik erranen, batez ere galdutako eztabaida ez abiatzearren, baina ohartu naiz eguzkia goian dagoela, zuri argazki zoriontsu bat ateratzeko prest, eta horrek, behean egonda ere, goian jartzen zaituela. Zauden tokian.