GARA Euskal Herriko egunkaria

Hiritartasunak


Boernen jaio eta hazi zen Erin Brooks, egun CS rankingeko buru den 16 urteko neskatoa, baina egun Lahainan bizi da, Hawaiiko Maui uhartean. Ordea, Kanadako bandera ordezkatzen du WSLko lehiaketetan. Bere sendiko zenbait kide han bizi dira, eta aitak hiritartasun bikoitza du, kanadarra eta estatubatuarra. Parisko olinpiar jokoetan Kanadako taldearekin lehiatu ahal izateko hautatu zuen astigar hostoa duen bandera, eta orain artean selekzio kanadarrarekin lehiatu da ISA erakundeak antolatzen dituen txapelketetan, baina berriki atzera egin du munduko txapelketa ofizialak antolatzen dituen erakundeak, eta Kanadako selekzioan jarraitzeko eskubidea ukatu dio Brooksi, Kanadako hiritartasunik ez duelako. Ondorioz, epe laburrean Kanadako Gobernuaren zigilua duen ziurtagiri bat eskuratzen ez badu, Brooks olinpiar jokoetatik kanpo geratuko da.

Surfa kirol olinpiar bihurtu zenetik surflari askok aldatu dute haien hiritartasuna olinpiar jokoetan lehiatu ahal izateko. Adibidez, Kanoa Igarashi kaliforniarrak Japonia ordezkatzen du, Tatiana Weston-Web estatubatuarrak Brasil, eta Brisa Hennessy hawaiiarra Costa Ricako taldean dago.

Gurera etorrita, badira beste herrialdeetako selekzioekin lehiatzen diren euskal surflariak. Adibidez, Keoni Lasa zarauztarra Venezuelako taldean izan da, ama Venezuelakoa baitu. Erostarbe Geiser ahizpak, alegia, June eta Nadia, Suitzako taldean aritu izan dira, haien ama suitzarra baita. Eta Andy Criere hendaiarra Espainiako selekzioan lehiatzen da, hiritartasun frantsesa eta espainola baititu.

Gaur egun Nadia Erostarbe ez dago Suitzako taldean, Espainiakoan baizik. Gainera, Parisko joko olinpiarretarako plaza ziurtatua duen bakarretakoa da, baina WSLko txapelketetan lehiatzen denean ikurrina ordezkatzen du, bere izenaren ondoan beti ikurrina agertzen da.Konplexua da selekzioen, ordezkaritzen eta hiritartasunen afera, mundua gero eta txikiagoa baita. Konplexutasun hauen adierazle den beste adibidea berriki izan dugu; Kayak surfeko euskal selekzioak zazpigarrenez munduko txapelketa irabazi du, baina ez du ia oihartzunik izan. Askoz ere sona handiagoa izango lukete irabazleak surflariak balira, baina oraingoz euskal surflariek ez dute haien aberria ordezkatzeko eskubiderik, besteak beste surf mundutik behar adina indar egiten ez dugulako. Beraz, zorionak Kayak surfeko euskal ordezkariei.