GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jokin Altunaren «toyotismoak» finaleraino eraman du berriz ere

Bere ezkerraren magia eta sakearen eraginkortasuna unerik egokienean berreskuratuta, amezketarrak minimizatu egin zuen ur aparretan heldu zen Iñaki Artola, eta hamar urte bete aurretik bere hamabosgarren finala jokatuko du, bosgarrena buruz buru.

Jokin Altunak pozarren ospatu zuen bere hamabosgarren fianlerako txartela. (Jon URBE | FOKU)

«Behar den unean metodoa», JIT laburduraz ezaguna bere ingelesezko siglengatik -Just in time- Toyotak bere fabriketako produkzioa antolatzeko duen kudeaketa sistema bat da. Toyota metodoa bezala ere ezaguna den JIT honen muinean kostuak murriztea dago, lehengai inbentarioak murriztuz eta horniketa piezak eta produktuak bezeroari justu erabili baino lehenago eta behar dituen kopuruetan iritsaraziz. Jokin Altunak beste kotxe marka asiar bat erabiltzen du pilotalekutik pilotalekura egiten dituen milaka kilometroetan, baina «toyotismoaren» jarraitzaile sutsua dela esan genezake, bere dohainen kudeaketa ezin zehatzagoak bere ibilbideko hamabosgarren lehen mailako finalera eraman baitu, Buruz Buruko bosgarrenera, profesionaletan hamar urte betetzear den honetan. Zalantza dezenteko txapelketa baten ostean, inoiz baino sasoitsuago eta seguruago zirudien Iñaki Artola batekin egin zuen topo amezketarrak finalerako txartela eskaintzen zuen Larrunarri magaleko derbian, baina, ordura arte ezkutuan ziruditen ezker esku elektrikoa eta sakerako gaitasuna berreskuratuta, txintxarria minimizatu eta aurrera egin zuen euliak. Lehen partidan Bilbon bertan jipoitu zuen Unai Laso izango du zain ekainaren 2an, baina historia beste bat izango dela aurreratzeak ez dirudi ausartegia.

Partida hasterako ikusi zuen Artolak, lehendik ez bazekien, parean izango zuen Altuna egun handietakoa izango zela. Lehen tantoa ezkerparetan luze jotako ezkerkada latz batekin egin zuen Altunak, aurtengo txapelketan ikusi ez genion horietako batekin. Sakearekin ere bestelako eraginkortasun bat erakutsi zuen hasieratik, eta markagailuan alde egitea lortu zuen.

NAHI ETA EZIN

Iñaki Artola, ordea, txanpon beraren beste aldea izan zen, bere zale askoren penarako. Txapelketa osoan aurkariak hankapean ibili ostean, jokatzeko egon arren, ez zuen markagailuan atzetik joaten jakin, bere pilotalekua luzatzeko ezinagatik, baina baita Jokin Altunaren tranpetatik irteteko gaitasunik izan ez zuelako ere.

Partida prestatzeko denbora gutxiago izan arren, Altunak beste freskotasun bat erakutsi zuen atzo, baina batez ere Atanoko kantxa zabalduz eta Artolari oinetara jokatuz lortu zuen arerioa bere zepoan harrapatzea. Pilota frontisetik urrundu ezinik, zehaztasun handia behar zuten alegiarraren erremateek Altunaren defentsa gainditzeko, eta, egokitasun hori gabe, bere burua maiz saldu zuen Baikokoak, Aspekoaren barkamenik edo eskerrik jaso gabe.

Hasieratik oso atzetik joan arren (10-2) eta aurrean egun onenetako Altuna izanagatik, Artolak gutxienez partidari eusteko borondatea erakutsi zuen. Izan zituen bere susperralditxoak, 10-6 gerturatu zen, baina berriz ere unerik egokienetan bere ezkerraren magiari etekina atera eta partida berriz ere bere kontrolpera itzuli zuen Altunak.