Iraitz MATEO
DONOSTIA
EUSKO IKASKUNTZA ETA EUSKAL AUTORITATEEN LANTALDEAREN HITZARMENA

Autoritateak.eus, pertsona izenen autoritateak bateratzeko tresna

Euskal autoreen erreferentziak irizpide komun, normalizatu eta bateratuan jasotzeko proiektua martxan dago autoritateak.eus atarian. Euskal Liburutegi nazional baten faltan, Eusko Ikaskuntzak Euskal Autoritateen lantaldearekin batera sortutako proiektua aurkeztu zuten atzo goizean Donostian, Ana Urkiza lehendakariak eta Idoia Sobrino taldekideak.

Ana Urkizak eta Idoia Sobrinok eman zituzten autoritateak.eus proiektuaren nondik norakoak.
Ana Urkizak eta Idoia Sobrinok eman zituzten autoritateak.eus proiektuaren nondik norakoak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskal bibliografian dauden autoritateen zerrenda bateratu bat sortzea helburu duen proiektua indartzeko hitzarmena sinatu zuten atzo goizean Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Autoritateen lantaldeak. Autoritateak.eus ataria izan da hitzarmenaren bidez sortutako tresna, eta euskarazko pertsona izenen autoritate arautuak eta bateratuak ditu, eskura izan ditzaten liburutegiek, komunikabideek eta toki entitateek.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu zuenez, orain arte euskaraz ez zegoen «irizpide komun, normalizatu eta bateraturik, nazioarteko irizpideekin bat eginez». Behar hori dela eta sortu omen zen Euskal Autoritateen lantaldearen proiektua. Eusko Ikaskuntzak «beharrezko azpiegitura teknologikoa» eman dio proiektuari «kudeaketa plataforma sortzeko», autore guztien fitxak bateratuko dituen webgunea, alegia.

Idoia Sobrino Euskal Autoritateen lantaldeko kidea da, eta, hutsune bat antzemanda, 2017an euskal autoritateak normalizatzeko proiektua abiatu zutela kontatu zuen. «Autoritateen zerrenda gaurdaino ez da euskaratik sortua, irizpide propioez», azaldu zuen. Eta argitu zuen beste herrialdeetan liburutegi nazionalek egiten dutela lan hori, baina, liburutegi nazional horren faltan, beraien lantaldea hasi zela hutsune horri aurre egin nahian.

Euskalgintzan «mugarria» izango da proiektu hau, Sobrinoren aburuz. Herri ikuspegia bultzatzen duen proiektua da, Urkizaren ustez, «interes orokorrerako sarbidea erraztuko duena eta Euskal Herriko zazpi herrialdeak zein diaspora kontuan hartuko dituena».

EUSKAL HERRIA ARDATZ

Zailtasun erantsi bat du euskal autoreak normalizatzeak, Sobrinok adierazi zuenez, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako autoreak lurralde bakoitzean ezberdin jasotzen zirelako orain arte. Zentzu horretan, aipatu zuen Eusko Jaurlaritzaren bibliografian Baionako Euskal Museoko autoreak ez direla ageri, edo alderantziz. Beraiek ikuspegi bateratua emateko ahalgina egin dute. «Tresna erabilgarria sortu nahi izan dugu ipar zein hego Euskal Herrirako», zehaztu zuen Sobrinok.

Euskal autoritateak «normalizatzeak» zer esan nahi duen argitu zuen lehenbizi: «Hizkuntza batean aritzerakoan mundu guztiak modu berean erabiltzea esan nahi du normalizatzeak. Hizkuntza horretan nola izendatu zehaztu behar da, hizkuntza bakoitzean ezberdin egiten delako». Euskaraz ez zegoen normalizazioaren lan hori eginda, horretan dihardute, eta webgunearen bidez eskuragarri jarri nahi izan dute egindako lana. Hartzaileak, oro har, profesionalak direla adierazi zuten, baina komunikabideentzat zein toki entitateentzat ere baliagarria izango dela aurreratu zuten aurkezpenean.

Momentuz, «euskal bibliografia» jasotzen ari direla gaineratu zuen Sobrinok. Batetik, Euskal Herrian argitaratu edota ekoitzitako autoreekin lanean ari dira, «edozein hizkuntzatan eta edozein gairen inguruan idatzi dutenekin». Eta bestetik, nazioartean euskaraz idatzitako edo euskal kulturaren inguruan idatzitako autoreak biltzen ari dira.

ARAU OROKORRETIK, IZENDAPEN ZEHATZERA

Autoritateak bateratzeko lantaldean 17 kide elkartzen dira hilean behin, Sobrinok kontatu bezala. Lehenbizi autoritate bakoitzaren txostena sortzen dute, egile bakoitzaren aipamoldeak zeintzuk izan diren, hark zein forma erabili izan duen bere idatziak sinatzeko, bere heriotzaren ondoren izendatutako forma zein izan den eta egungo erreferentzietan nola agertzen den jasotzen duen txostena osatzen dute pertsona bakoitzarekin, eta bileran eztabaidatzeko ekarpenak egiten ditu taldekide bakoitzak.

Horiek begiratuta, euskaraz nola estandarizatu erabakitzen dute. Horretarako, Euskaltzaindiaren arau orokorrak kontuan hartzen dituzte. «Trasbase bat egin behar da, ordea, arau orokorretik pertsona zehatzetara igarotzeko», azaldu zuen Sobrinok. Eta Pio Baroja landu zuten bilera adibide gisa jarri zuen: «Euskaltzaindiaren arau orokorrari jarraituz, ‘Pio Baroxa’ erabili behar genuke, baina nola jaso izan den begiratutakoan, ez dugu ikusi inoiz ‘Baroxa’ erabili zenik. Gainera, izen handiko autore bat izanik eta bere autoritatea asko erabili dela ikusirik, eta beti ‘Baroja’ bezala, salbuespena egitea erabaki genuen. Baina salbuespen bakoitza zergatik egin den azaldu behar da».

FITXA BAKOITZA WEBGUNERATU

Autoritatearen fitxa osatuta, hiru multzotan banatzen dituzte, 1900 baino lehen hildakoak, «klasikoak» bezala ere izendatuak direnak; 1900-1978 bitarte zendutakoak, eta 1978az geroztik idatzi dutenak, «garaikideak».

Fitxak osatu ondoren, autoritateak.eus atarira igotzen ari dira orain, Eusko Ikaskuntzak emandako laguntza horretarako baliatzen ari direla esan zuten. Izan ere, Eusko Autoritateen lantaldeak jada 500 fitxa sortuta, eztabaidatuta eta adostuta baditu ere, momentu honetan webgunean 134 daude eskuragarri. «Ia 500 autoritate estandarizatuta ditugu, eta hitzarmen honen bidez tresnan sartzen ari gara», azaldu zuen taldekideak.

Udarako jada sortuta dauden guztiak webgunean izatea aurreikusten dute, eta hilabeteroko bileretan gutxi gorabehera 10 autoritate onartzea espero dute.

Fitxa bakoitzean, autore bakoitzarentzat baztertutako eta onartutako estandarizazioa jasotzen da, autore horren informazio iturri guztiak, eta bere Wikidatako fitxa. Erabilgarritasunera jota, Sobrinok azaldu zuen beraiek autoritateen zerrenda egiten dutela eta, ondoren, liburutegi bakoitzak bere autoritate katalogoa osatzen duela: «Gure zerrenda kontuan hartuz, entitateek aplikatu behar dute forma estandarizatuan».

Lan honek bere isla izan dezake kale izendegiak egitean edo hedabideetan autoreen izenak erabiltzean, proiektuko kideen ustez.