GARA
JOKO OLINPIKOAK

Zuzi olinpikoa Ipar Euskal Herriko bost herritatik igaro da euri azpian

Biarritz, Angelu, Donibane Lohizune, Baiona eta Hazparne zeharkatu ditu goizean zehar. Kirolarekin lotutako pertsona esanguratsuek eraman dute lekukoa, bost ordu inguru iraun eta 180.000 euroko kostua izan duen ekimenean.

Baionan, Errobi ibaitik eraman zuten zuzia.
Baionan, Errobi ibaitik eraman zuten zuzia. (Guilleaume FAVEAU)

Joko Olinpikoak Parisen ospatuko dira uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitarte. Hori dela eta, joan den apirilaren 16an Olinpiako herri greziarrean piztutako zuzi olinpikoa Lapurdiko bost herritatik igaro zen atzo goizean.

Hain zuzen ere, hamabigarren etaparen hasiera egin zen Ipar Euskal Herrian eta bost orduko ibilbidea egin zuen euri azpian Biarritz, Angelu, Donibane Lohizune, Baiona eta Hazparnetik. Ondoren, Pauerantz joan ziren.

Dena den, ez zen izan errelebo lasterketa jarraitua. Izan ere, hainbat zuzi piztu ziren jatorrizko sugarrarekin toki ezberdinetan. Era berean, herri bakoitzeko ibilbideak lau eta sei kilometro artean izan zituen, eta kirolari lotutako pertsona esanguratsuek txandaka eraman zuten sua 200 metroko tarteetan.

Igaro den astean Kazeta agerkariko editorialean zehaztu zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 180.000 euro ordaindu dituela ekimena antolatzeko, eta polizia kopuru handia egon zen segurtasun lanak egiten ibilbide osoan barrena.

ITSASOTIK GERTU

Lehen zuzia Biarritzen piztu zen goizeko 8.00ak aldera. Euskaldunen kostaren ondoan hasi zuen ibilbidea eta Angelura iritsi zen. Landetako ordezkariak ere hurbildu ziren bertara. Itsasotik gertu joan zen zuzi olinpikoa, eta surf munduarekin lotura duten pertsonek eraman zuten. Esate baterako, Bascs elkarteko Edouard Delpero eta Zoe Grospironek. Pro D2 mailan mantentzea lortu duen Biarritz Olympique errugbi taldeko jokalariak ere egon ziren.

Hurrengo hitzordua Donibane Lohizunen izan zen, 9.45ak inguruan. Badiatik heldu zen zuzi olinpikoa Lapurdiko Arraun Taldearen traineruan. Portuan lehorreratu ondoren ibilbide txiki bat egin zuen, herriko karriketatik hondartzara itzuli arte. 1998an Munduko txapeldun izandako Bixente Lizarazu futbolari ohiak egin zuen azken erreleboa eta hunkiturik agertu zen.

IBAITIK ETA HERRITIK

Baionan, berriz, errugbia izan zen kirolik nabarmenena, eta zuzia Pierre Cacareigt estadioan piztu zuten, hiriaren iparraldean. Aturri zeharkatu eta Baiona Ttipia inguratu ondoren, azken zatia Errobiko uretatik egin zuen udaletxera. Izan ere, hiriko klub nagusiak Aviron du izena (arraunketa). Euri zaparradak erori ziren arren, Street Art elkarteko hip-hop dantzariek animatu zuten itxaronaldia.

Bestalde, EH Baik sare sozialetan azaldu zuen hainbat ikurrina eta Nafarroako bandera jarri zituztela Baionako ibilbidean zehar, baina Poliziak «denak» kendu zituen. Salatu zuenez, «Euskal Herria ukatu eta bere buruaren jabe izateko aldarrikapen guztiak isilarazi nahi izan dituzte».

Azken etapa barnealdean izan zen, Hazparnen, hain zuzen ere. Pilota izan zen protagonista, eta Azparren taldearen instalazioetan abiatu zen, euskal dantzen artean. Beste ibilbideak baino laburragoa izan zen, eta herriko Urtxintxak atletismo elkartea izan zen zuzi olinpikoa eraman duenetako bat. Hortik, Biarnorantz abiatu zen, Pauen amaitzekoa baitzen etapa.