Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Gernika-Palestinak eta Yalah Nafarroak mobilizazioetara deitu dute ekainaren 8an

Agerraldia egin zuten, atzo, Bilbon.
Agerraldia egin zuten, atzo, Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Manifestazio nazionaletara deitu dute Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak ekainaren 8rako, Bilbon eta Iruñean, “Genozidioa Stop! Europa no seas cómplice” lelopean. Europako Parlamentuko hauteskundeen bezperan mobilizatuko dira, hain zuzen ere Europako Batasunari galdegiteko Israel Palestinan burutzen ari den genozidioaren aurkako jarrera irmoa agertu dezala.

Agerraldia egin zuten atzo Bilbon zenbait eragilek eta elkarteetako kidek: Gernika-Palestinako Jone Bilbao eta Ibon Meñika; Yala Nafarroako Dyna Kharrat, Eduardo Ibero eta Txemi Perez; Pentsionistak Martxaneko Ana Mezo; Maitane Azurmendi marrazkilaria; Bilgune Feministako Ainhoa Olaso; Lutxo Egia idazle eta kulturgilea; Gerrarik ez!-eko Javier Zulaika; EHUko Andrea de Vicente; Lide Hernando musikaria; LABeko Iratxe Delgado eta Amanda Verrone; Steilaseko Eneko Martin; EHNE Bizkaiako Unzalu Salterain; Mohamed Farajallah palestinarra; eta Ikamako Amaia Arbeo eta Uxue Iturriondo, besteak beste.

Bi mobilizazioak 17.30ean abiatuko dira ekainaren 8an. Bilbokoa udaletxetik Guggenheimera artekoa izango da eta Iruñekoa Golem zinemetatik Antoniuttiraino joango da, aditzera eman zutenez. Manifestazioarekin bat egitera deitu zuten agerraldian, «gatazka honen aurrean posizioa ez hartzea posizioa hartzea baita».

Europako Parlamentuko hauteskundeen bezpera aukeratu dute manifestazioak egiteko, Jone Bilbao eta Dyna Kharratek azaldu zutenez, «Europa konplizea izan ez dadin ozen oihukatu nahi dugulako». Halatan, Europako Batasunari eskatuko diote Israel behartu dezala genozidioa gelditzera eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak zorrotz betetzera, bere esku dauden neurri ekonomiko eta komertzialak hartuz.

Bakea eta nazioarteko zuzenbide eraginkorraren premiaz ohartarazi zuten agerraldian, eta hausnarketarako deia egin zioten jendarteari. Adierazi zuten horrela bakarrik lor daitezkeela su etena, desmilitarizazioa eta negoziazioa bermatzea, Palestinaren autodeterminazio eskubidearekiko errespetua, eta Israelen inpunitatearekin bukatzea.