P.LEKUONA - A. SORAZU
IRUÑEA
Entrevista
Jabi Arakama ETA Oskar Zapata
Euskarabideko eta Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako zuzendariak

«Diskurtso berriekin euskararen aldeko sare berriak ehundu daitezke»

Normalizazioak eremuak irabazi eta lan lerroak biderkatzea eskatzen dio euskarari. Aliantza berriek diskurtso berriak behar dituztela deritzo Euskaltzaleen Topaguneak. Politika publikoak egiteko orduan, lurraldearen aniztasuna kontuan hartzearen garrantzia azpimarratu du, bestalde, Euskarabideak.

(GARA)

Nafarroako biztanleen %15ek euskaraz hitz egiten dute, eta %11, ulertzeko gai dira, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera. Hiztunen artean gorakada txiki bat dago. Nastat-ek 2022. urteko euskararen erabilera eta ezagutza neurtu ditu. Ikerketa horren arabera, 25 urtez azpikoen artean euskaraz aritzen direnen portzentajea aurreko urtekoaren antzekoa da.

Nolako inpresioa eragin dizuete ikerketaren emaitzek?
JABI ARAKAMA

: Emaitza honek berresten du ikusten ari garen joera. Etengabe ari da igotzen ezagutza, batez ere gazteen artean. Honek hainbat arrazoi ditu, baina nagusia eskolaren ondorioa da. Gaur egun, eskolan, Nafarroa mailan, ia-ia haurren heren bat daude D ereduan matrikulatuta eta, noski, horrek isla izan du ezagutza datuetan. Euskaltegien eragina eta familiarteko transmisioa ere gehituko nituzte.

OSKAR ZAPATA:

Aurrera egiten den heinean balorazioa beti da positiboa, nahiz eta jakin oraindik urrun gaudela behar dugun jende masa izatetik. Ezagutza eta erabilera handitu behar ditugu eta horretan inbertitu beharko ditugu denbora eta baliabideak.

Badirudi jaioterria erabakigarria dela biztanleriaren euskara ezagutzan.
J.A.

: Azken hamarkada hauen bilakaera eta toki batzuetan egon diren zailtasunak begiratu behar dira. Adibidez, eremu ez euskaldunean 2015 arte ezinezkoa zen haurrak D ereduan matrikulatzea, ez bazen ikastola pribatuetan. Finean, egoera soziolinguistikoak eta zailtasun politiko-sozialek eragindako egoera da hau.

Topagunean loturarik nabaritzen duzue zuek egindako jarreren ikerketaren eta Nastatek plazaratu duen ikerketaren artean?
O.Z

.: Gu azken urteetako inkesta soziolingistikoek emandako datuetatik abiatu ginen. Orokorrean, esan dezakegu heren bat euskara sustatzearen alde kokatzen dela, heren bat ez alde ez kontra, eta azken herena, kontra. Argi dago ezagutzen duzuna ezagun ez duzuna baino errazago maiteko edo babestuko duzula. Zentzu horretan, parez pare jartzen zaigun lana oso aberasgarria eta interesgarria da: euskara ezagutzen ez dutenengana ere iritsi eta, poliki, haiek ere euskara haiena ere badela ulertzea eta sentitzea lortzea. Nafarroarentzat euskara osasuntsu egotea komenigarria dela uler dezatela, komunitate edo lurralde askoz aberasgarriagoaren eta pluralaren seinale baita.

Azterketarekin batera jardunbide egokien zerrenda bat proposatu duzue. Nolako proposamenak daude bertan?
O.Z

.: Erreparatu behar zaie klaseen arteko desberdintasunei, demografiari... Bestetik, helburuen, taktiken eta estrategien arteko gogoeta ere egin beharra dago. Noiz, zer, non eta nori esan ongi pentsatzeak jendearen aldekotasuna handitzen lagunduko digu.

J.A.

: Politika publikoak egiterakoan Euskal Herrian oro har eta zehazki Nafarroan dagoen aniztasuna kontuan hartzen ez bada, ziur aski porrot egingo dute politika horiek. Ez soilik hizkuntza politikek, politika guztiei buruz ari naiz. Neurri zehatz bat Fiteron edo Goizuetan ezberdin uler litekeela kontuan izatea, edo herri bakoitzeko errealitatea zein den aintzat hartzea, bertako euskaltzaleek zer eskatzen duten... Hori guztia garrantzitsua dela deritzogu politika publikoak egiteko orduan.

Uniformazioa versus aniztasuna paradigma mahaigaineratu duzue Topagunetik. Zer esan nahi du horrek?
O.Z

.: Orain artean dikotomia bat nagusitu da euskararen inguruan, beste estatu proiektu baten aldekotasunarekin lotuta: euskaltzalea=abertzalea eta ez-abertzalea=euskararen alde ez dagoena. Uste dugu oso interesgarria dela beste parametro diskurtsibo batzuetan kokatzea eztabaida. Euskararen aldekotasuna berdintasunaren eta aniztasunaren diskurtsoekin ere lotu beharko litzateke; hori da egiten dugun planteamendu osagarria. Berdintasunaz edo aniztasunaz ari garenean konplizitate berriak eraiki daitezkeela uste dugu. Sare eta konplizitate berriak ehuntzeko aukera dugu orain arte euskarekiko posizionamendu argirik hartu ez duten eragileekin.

Bada antzekotasunik Euskarabidearen proposamenetan?
J.A.

: Zalantzarik gabe. Balore konpartituen munduan murgiltzeko aukera egokia dela deritzogu. Indarra ematen digu ikusteak euskalgintzan, orain artekoarekin alderatuta, halako proposamen edo hausnarketa apurtzaileak egiten direla. Horrek ez du esan nahi ez denik txalotzen eta balioan jartzen azken hamarkadetan egindakoa. Asko da eskertzeko duguna egin zenari; planteamendu eta praktika horiei esker gaude une honetan. Baina mugak egon daitezkeela ikusi dugu. Horiek gainditzeko hausnarketa eta proposamen berriak behar ditugu.