GARA Euskal Herriko egunkaria
ALASKA

Gasper Pintar eta Tom Livingstonek ekarpena egin dute Dickey mendian

Alaskako Dickey mendi oso teknikoan bide berria zabaldu dute eta “The Great Wall” deitu diote mendizale esloveniarrak eta britainiarrak. Lau eguneko jarduera izan da. Sokadak dioenez, ibilbide alpino zaila da.

Gasper Pintar eta Tom Livingstonek abentura ederra bizi izan dute Dickey mendian. (Tom LIVINGSTONE)

Alaskako ohiko denboraldian egiten diren jarduerek ez dute inor epel uzten. Inguru zorrotza izateaz gain, klima gogorra du eta mendien oinarrira heltzeko, eskuarki, hegazkin arinean egiten da. Gasper Pintar eta Tom Livingstonek, adibidez, erakutsi dute Alaskak duen gidoi basatia ondo kudeatzen jakin dutela.

Esloveniarra eta britainiarra Ruth Gorge glaziarraren ingurumarian dagoen Dickey mendian ekarpen berri baten egileak izan dira. Mendiaren hegoaldeko isurian “The Great Wall” bidea zabaldu dute. Dickey, berez, altueran oso xumea da: 2.909 metro ditu. Baina aurreratu dugun bezala, Alaskan dago; tokitan, alegia. Gainera, oso teknikoa da. Jarduera hau ulertzeko eta testuinguruan jartzeko, esan behar dugu alpinistok lau egun behar izan zituztela jarduera hori biribildu ahal izateko. Gainera, eguraldiak ez zien batere lagundu.

Alabaina, Livingstonek adierazi du motibazioa eta umorea beti indarrean izan zituztela: «Mendiaren goiko zatian dagoen korridore handi eta erakargarri batek harrapatu zigun. Baina tarte horretara heltzeko, bai ala bai plaka ero batzuk eskalatu behar genituen. Luze asko gaindiezinak ziruditen».

Lehen eskalada egunean soka batzuk finkatu ondoren, zeharkaldi zorrotz bat egin zuten arrokan. Hormaren erdian zeuden. Eta bibaka antolatu aurretik, izotzean estutu behar izan zuten. Ondoren, sigi-saga ibili ziren. Ez ziren une batere errazak izan; izan ere, goi aldetik elur erauntsiak erortzen ziren. Horrez gain, haizeteek eragozpen handiak eragin zizkieten.

Hirugarren eguna elurrezko ertz batean amaitu zen. Bibakaren ondoren, biharamunean, eroria zuen elurtegi bat jarraitu eta gailurrera heldu ziren. Pozarren ziren, besteak beste, arrakasta lortzeko oso itxaropen gutxi zutelako. Bidearen zailtasun teknikoen inguruan ez dute iritzirik eman, baina Pintarrek dio inoiz eskalatu duen bide alpino zailena izan dela: «Konbinazio gogorra izan da. Hots, eskalada estilo ezberdinak, egun asko eta erronka ugari».

“The Great Wall”-ekin ginga jarri diote Alaskan egin berri duten espedizioari. Baina bide hori ireki baino lehenago, sona handia duten beste marra eta mendi batzuetan ekinaldiak egin zituzten. Batez ere, Dickey mendiaren ekialdeko horman dagoen “Blood From The Stone”-n (1.500 m, A1, WI6, M7+, X). Duela hamabi urte Ueli Steck eta Sean Eastonek zabaldutako zirrikitu hori Alaskako zailenetarikoa da. Aura hori, bederen, badu.

Ekarpen berria Dickey mendian, ekinaldi oso gogorrak diren bideetan… Horiek dira, oro har, Pintarrek eta Livingstonek Alaskan egin duten espedizioaren emaitza nagusiak. Hain zuzen ere, hurrengo idatzian Livingstonek berak GARAri bidaia horren inguruko hainbat azalpen eman dizkio.

«AZKEN MUGA»

«Alaskak duen ospea berezia da oso. Tamaina handiko mendi zirraragarriak ditu, eta guztiak oso lauak diren glaziarretatik altxatzen dira. Berez, haietara heltzea ez da zaila; eskuarki, hegazkin txikietan egiten da. Elurraren bolumenak eta izotz zorrotzak eremu alpino ederrak sortzen dituzte. Liluragarriak!

«Baina normalena da elur ustelarekin, hotz handiarekin eta astebete irauten duten ekaitzekin topo egitea. Inguru horretan kanpatzea ez da atsegina izaten. “Azken mugan” eskalatzea beti abentura bat da.

«25 urte nituenean, “Alpinist” aldizkariaren makina bat artikulu irakurri nituen. Horietako bat Maxime Turgeon eta LP Menardek Bradley mendian eginiko eskalada baten ingurukoa zen. Lehen orrian Ruth Gorge azaltzen zen. Eta neure buruari zera adierazi nion: kaka zaharra, egunen batean inguru horretara joan behar dut.

«Gasper Pintar ‘Pinti’ esloveniarra da. Lasaia eta zuzena. Ez du sare sozialik erabiltzen, eta egiten dituen jardueren berri ez du maiz informatzen. Baina aurreratu behar dut emaitza ikaragarri onak lortu dituela: Triglav mendian bakarkako neguko igoera bat, kirol eskaladan 9a… Elkarrekin asko eskalatu dugu, eta argi dut gure sokadak ondo funtzionatzen duela. Alpinismoan indarrean jartzen dituen estiloa, etika eta jarrera asko miresten ditut. Alaskara joateko gonbidapena egin bezain laster, baiezko erantzuna eman zidan.

«Paul Roderick-ek bere abionetan Ruth Gorgeko glaziarrean utzi gintuen. Bakarrik geunden, bakardade handian harrapatuta. Dendak antolatzen ari ginen bitartean, inguruko mendiak begiratzeko astia izan genuen: Dickey, Bradley, Wake, Johnson, Grosvenor eta Church. Mendi ikaragarri horiek ikustea irreala zirudien. Argi dut Alaskako eskalada alpinoa lehen mailan dagoela.

«Hotz handia egin zigun, eta eguzkia oso gutxitan azaldu zen. Bederen, lehen hamar egunetan egoera hori bizi izan genuen. Bazirudien izozkailu batean geundela. Zorionez, eguzkiak bisita egin zigun. Dendatik irten eta mendiak ikusi ondoren, honako galdera egin genien geure buruei: zer-nolako neurria izango ote dute mendi horiek? Zaila zen erantzun argi bat ematea. Ekaitzen ondorioz, isuri guztiak elurrez beteta zeuden. Eta horien guztien artean Dickey mendiaren ekialdeko murruak harrapatu gintuen.

«“Ruth Gorge Grinder” bidearen lehen 60 metroak ez ziren batere samurrak izan. Sokaburu nengoen, eta elurrezko aldats hori igotzeko soilik torloju bat neraman. Izotzik ez zegoenez, ez nekien balizko eroriko bat geldituko zidan. Aldapa horiek oso tenteak ziren, eta, luzeak egin ordez, elur horretan elkarrekin igotzen hasi ginen. Baina une jakin batean egoera ez nuen oso argi ikusi eta tarte hori deseskalatu nuen. “Blood From The Stone” bideak ere ez zuen baldintza egokirik. Eta gauza bera gertatu zitzaigun Peak 7400 izena duen mendian.

«Glaziar horretan hiru aste gauza berezirik egin gabe egon ginen. Baina bat-batean eguraldia egonkortu zen. Dickey mendiaren hegoaldeko hormatzarra aztertu eta ekinaldi bat egitea otu zitzaigun. Lehen eskalada eguna oso atsegina izan zen; artesiek, bederen, geure buruak babesteko aukera eman zuten.

«Biharamunean, plaka leun batzuei jarraitu genien. Pintik egundoko luze eder bat eskalatu zuen mistoan. Izotzezko irtengune batzuk igo eta gero, koba txiki batean igaro genuen gaua. Elurrean sigi-saga igotzen ari ginen bitartean, lainoa desagertu eta eguzkiak epeldu gintuen. Zorionekoak ginen. Gainera, izotzean luze bikain bat gainditzeko aukera izan genuen.

«Pixka bat geroago, bibak bat antolatzen hasi ginen. Pintik azken zigarroak erre zituen. Laugarren eskalada egunean eguraldiarekin zalantzak izan genituen: iragarri ziguten gauean ekaitza lehertuko zela. Horregatik guztiagatik gailurrean minutu gutxi batzuk igaro eta mendebaldeko isuritik jaisten hasi ginen.

«Kanpalekura heldu ginenean, txantxen artean, sortutako bideari izen bat jartzen saiatu ginen. “The Great Wall” deitu diogu. Argi dugu Dickey mendiaren hegoaldeko pareta oso ederra dela. Kontuan hartu behar dugu oinarrizko kanpalekuan denbora asko egin genuela denden gainetik elurra kentzen eta Donald Trumpi iseka egiten. Trumpek behin esan zuen murru bat eraiki nahi zuela, eta hari erantzunez murru handi bat eraikiko nuela esan nuen. Pintirekin eginiko azken bidaia horretan asko gozatu dut; izan ere, gure motibazioak, jarrerak eta umoreak ia berdinak dira. Erraza izan da hilabete bat elkarrekin izozkailu horretan bizitzea. Eta pozik nago ere klima eta baldintza mistoak topera aprobetxatu ditugulako. Alaskako Mendilerro Nagusira egin dudan laugarren bidaia da, eta Ruth Gorgek argi utzi digu eskalada alpino zoragarriak eskaintzen dituela.

«“The Great Wall” zabaltzeko lau egin behar izan genituen: apirilaren 14tik 17ra bitartean. Uste dut gure ibilbidea italiar bidetik hurbil hasten dela. Biak ala biak independenteak dira».