Eli PAGOLA
Bertsolaria
JOPUNTUA

Ilusioa

Bizitza lagunak galtzen joango zarela onartzea dela entzun nien Maite Aizpurua eta Intza Alkaini. Desilusioak pilatuko dituzula ere izan zitekeen, batzu-batzuk pilatzen dira eta. Adibidez, ume mukizu bat zinenean ohartzea telebistako zure idoloa kalean ez dela hain adeitsua eta, gainera, pantailaz kanpo beste hizkuntza politika bat duela lilura-galtze handi bat izan zen, gominolazko bost tiburoik ere gozatu ezinezkoa. Arian-arian, ikasten duzu desilusionatuko zarela; ez dakizu, ordea, noiz, zeren izan daiteke momentuko kontua eta izan daiteke denboran pilatutakoak pixkanaka forma hartzea. Esaterako, deszifratzea ez dela proportzionala tangaren alde dagoen populazio tasa eta prendak dakarren konfort maila. Agian, irudi bat izatekotan hori izan daiteke bizitza, pantaila bat non hasieratik egon diren desilusioak idatzita baina ezkutatuta edo enigma eginda eta baliabideak eskuratu ahala deszifratzen dituzun. Bakoitzak ditu bereak, eta kozkorragotan izan dezakezun desilusioa da, ingeniaritza izan arren arazo bati ahalik eta soluzio eraginkorrena aurkitzea eskura dauden baliabideekin, aplikazioa ez dela zertan ezkertiarra izan. Are, harrigarriki, bilakaera elitista duela horretan sartzen den hainbatek, ez batek eta ez bik. Eta, jakina, telebistako memeloa ahaztu dezakezu, baina erregeak firmatuko dizun papertxoa, nola esan. Handia behar du izan pantailak, zeren nori ez zaio pasa zerbaitekin behin baino gehiagotan desilusionatzea edo desilusionatu eta pentsatzea: «argi asko zegoen, bada!». Ezagutzen ditut zenbait energia komunitate, eta datuak ikusi orduko makaltzen nau egiaztatzeak zeinen txikia den emakume eta gorputz disidenteen parte hartzea. Ezta okurritu ere pentsatzea gaiaz behar adinako ezagutzarik, interesik edo inplikazio gaitasunik ez dagoelako denik. Izatez, gaiaren bueltan beste forma eta asmo batzuekin antolatuta ezagutzen ditudan asko dira emakume eta bollerak. Beraz, nondik dator ilusioa? Zer dute eremu batzuek? Eta, gaia ez bada gaia, zeri helduko zaio?