Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Oe, oe!

Aste nahasia gero, nirea! Prentsako argazkiei erreparatu diet gehiago ondoko testuei baino; eta bata zein bestea arrapaladan, gainera. Hortaz, herenegun edo, «Eurovision» irakurri nuen argazki batean, eta zera pentsatu: ez al zen festibala orain aste batzuk izan? Bada ez, Europako hauteskundeen harira telebistan egindako debatea zen. Ama! Total, festibal hartan kantu kantari, oraingoan kontu kontari, eta bietan zein bietan boto eske. Boto-festibala! Festibala festa baino! Eta gutunazalez hasi da, berriro ere, etxe ondoko postontzia betetzen; gizajoa! Bada, Orain, eta hemen, Errepublikak! Demontre baietz! Oe, oe! Harira, Murgoitio, harira, politikarik ez! Tira, ezustekotik ezustekorako gurpilean gara azken urteetan harrapatuak, pandemiatik pandemiara, birusetatik aparte ere; gatazkatik gatazkara, tanke barik ere; bankuen eskaintzatik eskaintzara, oldarkorrak beti... hainbeste ezusteko non usteko bihurtzen ari diren. Horra azkenekoa, enbaxadore-gripea! Izan ere, hango-horko enbaxadoreak ari dira sorterrira deituak izaten, batzuk dentistara bezala horiek ere, kontsultara. Ez, diplomazia ez ei dago osasuntsu! Kontuak atera, bankutik batez ere, osasuna bera osasuntsu ez dagoenean... poeta andaluziarrak esan zuen modura gaixo egotea baina txarragoa da mediku okerra izatea!

Ez, ez zait erraza suertatzen garai honetako prentsan zutabe horizontal honetarako albiste zirraragarririk topatzea, behintzat barruko zapo eta sugeak nire barruan erre barik! Baina hara! Arkeologiak eman dit orain bidea! Hona, Begoñako basilikan indusketan hasiko bide dira, nonbait basilika azpitik ei den eliz-hondarren azpitik burdin aroko herrixka indigena baten aztarnak topatzea espero dute... Eta topatzekotan, zer ikusiko? Batzokia ala herrikoa? Orain Errepublikak kartela ote? Akaso? Oe, oe!