GARA
DONOSTIA
E9 HAUTESKUNDEAK

Von Der Leyenen politikei aurre egiteko botoa eskatu du EH Bilduk

Austeritatearen eta militarizazioaren kontrako jarrera izango duela esan zuen EH Bilduk Gasteizen.
Austeritatearen eta militarizazioaren kontrako jarrera izango duela esan zuen EH Bilduk Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bildurentzat, Ursula Von Der Leyen Europako Batzordeko presidentearen politikek «austeritatea eta militarizazioa» dakarkie europarrei, eta politika horien kontrako «konpromisoa» hartzeko modurik zuzenena da koalizio abertzaleari botoa ematea, Arnaldo Otegi taldeko koordinatzaile nagusiaren esanetan.

Eba Blanco Gasteizko Legebiltzarreko presidenteordearekin batera Gasteizen atzo eman zuen mitinean, Otegik nabarmendu zuen botoa ematea dela «gure baloreak» defendatzeko erarik onena eta segurtatu zuen euskaldunen botoek lagunduko dutela nazioartean hazten ari den ultraeskuina geldiarazten.

Gainera, salatu zuen Ursula Von Der Leyenek «alfonbra gorria» jartzen diola eskuin muturrari. EH Bildu kide den Orain Errepublikak koalizioa subiranistak «argi eta garbi» esango dio horrek ez duela ezer onik ekarriko.

Hala, Otegik adierazi zuen hauteskunde hauetan EH Bilduri botoa ematea «Von der Leyen buru duten Europako eliteek sustatzen dituzten politika austerizida eta militaristen kontra konprometitzea dela» eta ohartarazi zuen EBko presidenteak ez duela baztertzen Georgia Meloni italiarrarekin eskuin muturreko gobernua errepikatzea.

Bere iritziz, «politikoki arduragabea eta etikoki erabat gaitzesgarria» da eskuin muturrari atea irekitzea. Ildo horretan, agertu zuen «Euskal Herriak, Kataluniak eta Galiziak, Europako beste herri batzuekin batera», berriro frogatuko duela «nazio antifaxistak eta subiranistak» direla eta «beren ahotsa altxatuko dutela gerren eta eskubideen murrizketen aurrean herrien subiranotasuna eta bakea defendatzeko».

Blancok, gisa berean, Europara Euskal Herriaren ahotsa albait indartsuen irits dadin botoa galdegin zuen. Behin eta berriz esan zuenez, Bruselan eta Estrasburgon hartzen diren erabakiek «zuzenean eragiten diote» herri honi, eta horregatik, garrantzitsua deritzo «Euskal Herriaren ahotsa ezker subiranistak, ezker independentistak», ordezkatzea.

EAJREN MAKROESKUALDEA

EAJk Irun eta Hendaia arteko Santiago zubira egin zuen atzo, bertatik Europara eramango duen proposamen zehatz bat aurkezteko. «Mugaren bi aldeetako euskaldunek osatutako euroeskualdea» sustatu nahi du alderdiak, eta horretarako makroeskualde atlantiko bat sortzearen aldeko apustua egingo duela hitzeman zuen.

Oihane Agirregoitia CEUS koalizioko hautagaiak adierazi zuenez, euskaldunek «mugaz gaindiko kultura eta hizkuntza komunitate bat osatzen dute, bi estatuz azpiko erakundeetan integratuta jarduten duena». EAJren konpromisoa, aldiz, mugaren bi aldeetako «pertsonen bizitzak hobetzea» dela esan zuen.

«Atlantikoko makroeskualdea bultzatu eta sortzea funtsezkoa da gure ekoizpen sektoreen arteko harremana hobetzeko eta EBren garapen-ardatz nagusietan integratzeko», azpimarratu zuen.

Antzera mintzatu zen Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria ere, eta aipatu zuen «erakundeen arteko harremanak sendotu» nahi dituela bere alderdiak, «elkarren intereseko proiektu partekatuen bidez mugaz gaindiko hurbileko lankidetzaren alde eginez».

PSE, BERME BAKARRA

Pilar Alegria Gobernu espainoleko bozeramaileak PSEk Gasteizen egin zuen ekitaldian parte hartu zuen, eta berretsi zuen bere alderdiak «PP eta Voxen koalizio atzerakoia» geldiarazteko lan egingo duela.

Madrilgo Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako ministro eta bozeramaileak Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteari gaitzetsi zion ez argitzea «Europan ultraeskuinarekin elkartuko dela», baina, bere aburuz, «errealitatea boteretsua da»: «PPk eta Voxek elkarrekin gobernatzen dute bost autonomia erkidegotan eta 130 udaletan».

Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusiak ere parte hartu zuen ekitaldian eta, ziurtatu zuenez, PSEk batu behar ditu eskuin muturra geldiarazteko botoak, gainerako alderdiek ez baitute halakorik lortuko. «PSE da mota guztietako eskuinak garaitzeko gai den indar bakarra. Horregatik, euskal gizarteari dei egin nahi diot botoa etorkizuneko aukerari eman diezaion. EAJ edo EH Bildu babestea botoa galtzea da», esan zuen.