GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Turismoaren izenean


Hola segituz luza gabe, ez zauku deus geldituko» (Daniel Landart/Errobi). Azken urteetan neurri gabe hazi den jarduera ekonomikoa da turismo masifikatua. Gurean azken hamarkadan izan den eztandak onurak ekarri dizkio sektore ekonomiko bati, kanpotar talde inbertitzaile eta espekulatzaile batzuei; baita elite politikoari ere, bera baita eraldaketa horren bultzatzailea, bere dirua biltzeko grina aseezinarekin.

Turismo jarduera neurtu batek lagun diezaieke herri ekonomiei irauten eta aurrera egiten, baldin eta bera modu orekatu, aitortzaile eta errespetutsuan txertatzen bada inguru ekonomiko, fisiko eta moralean (kulturalean). Horrek lagundu dezake herri ekonomiaren hainbat elementu garai berrietara egokitzen eta bizi berria ematen, eta sendotu dezake barne bizikidetza, erkidegoaren ongizatea eta esangura eremu tradizionalaren iraupena.

Baina ez da hori turismo masifikatuak dakarrena. Dena hazkunde ekonomiari eta eskaera-eskaintza lege aseezinari makurtuta (gehiago eskatzen badu gehiago ematen zaio), kalitate gutxiko lanpostuak eta lan baldintza prekarizatuak eskaintzen ditu, bizitza garestitzen du, sortzen dituen lan eta bizi baldintzen mendekoa egiten du erreferentziazko herritargoa («relevant group», Philip Pettiten «Republicanism»en esamoldea egokituz), eta itzulera bariko talka eragiten du inguru fisiko eta kulturalean. Turismo masifikatuak ezartzen duen ekonomia eredua oldarkorra, destruktiboa, desplazatzailea eta ordezkatzailea da. Bizi espazio osoa egiten du berea inbaditzen dituen herri, auzo, bizigune eta parajeetan; zentzugabea bihurtzen du erkidego bizitza, eta hausten ditu herritarren arteko bizikidetza lokarriak, eraspenak. Auzoak suntsitzen ditu bertako bizi baldintzen narriatzea, endekatzea, eraginez, eta espazio fisikoa («gure toki eder guztiak») ikuskizun hutsa bihurtzen du, bera esanguratsua egin duten herritarrak bazterreratuz edo parke tematiko horren objektu dekoratiboak izatera kondenatuz.

Turistaren gozamen hutsa helburu, ez zaie trabarik egin behar ez eurei ez negozioaren onuradunei, baina berak eragiten dituen trabak ez dira kontuan hartzekoak. Euskara, euskal giroa, ezabatzen da −pasa daiteke Euskal Herritik bereizi gabe Bilbon, Donostian, Malagan edo Magalufen dagoen− eta onuradunek, politikariek barne, mespretxuz tratatzen dute bezero euskalduna; hori bai, turistarekin ingelesez egiteko sekulako eginahala eginez.

Ekonomia eredu horrek bereziki euskal herritar gaztea kondenatzen du ezarpen ekonomiko, politiko eta kulturalaren eredu horretatik eratortzen den mendekotasun egoerara. Lan eta diru iturri duina ukatuta, etxebizitza propioa amets bihurtzen du, eta, ekonomia dinamika horren periferiara bultzatuta, eragozten dio gazteari bizitza egitasmoa mamitzeko urrats garrantzitsuak ematen joatea (biologiak berak determinatzen dituenak batzuk, neska eta mutilen arteko berezitasunekin), eta ekarpena egitea bere erkidego bizitzan berdintasunezko aitortza sistema moral eta politikoan.

Indarkeria immobiliarioa da eredu horren beste ondorio bat, bereziki gazteari erasotzen diona. Etxeen eta etxebizitzen erabileran eta funtzioan aldaketa bortitza dakar, bai turistizazio horren fokuan bai inguruko auzo eta herrietan. Hotel eta etxebizitza turistikoek hartzen dituzte lehengo bizilagunen lekuak; auzo bizitzarako ziren lokaletan zirtzilkeriak saltzen dituzte edo taberna bihurtzen dira; hotel bat ezartzea herritargoari, erkidegoari, errepublikari, etxe oso bateko etxebizitzak erauztea da; etxebizitza bati lizentzia turistikoa ematea, etxebizitza bat erauztea da: merkatutik ateratzen ditu, eta alokairuen igoera eta etxebizitzen garestitzea eragiten du.

Indarkeria immobilario horrek eremu gertukoenaren okupazioa ekarri du etxebizitza turistikoen bidez. Inolako erreparorik gabe bizilagunen egunerokotasuna aztoratzen da, ezerosoa, batzuetan ezinezkoa, egiteraino. Negozioaren jabeak uzten du etxebizitza beste inoren eskuetan. Ez dago bertan 24 orduko arduradunik. Bizilagunek zaindu behar dute bestearen negozioa eta etxea, jakin barik zein dagoen, zenbat jende, noiz arte, eta abar.

Indarkeria immobiliario hori nabarmena egiten da Donostian. 140 hotel inguru daude. Erditik gora azken hamarkadan ezarritakoak; gehitu behar zaie 1.300 etxebizitza turistikotik gora, eta kanpotarren etxebizitzen erosketa espekulatzailea. Donostiako datuen proportzioan miloi bat biztanleko hirian 7.000 etxebizitza turistiko egongo lirateke, eta New Yorken 60.000tik gora. New Yorken 40.000 gehiegi iruditu zaie, eta baldintza zorrotzak jarri dituzte etxebizitza turistikoetarako: gutxieneko hilabeteko egonaldia eta jabea etxean bizitzea; eta bakea!

Ez da kontua turismoa ezabatzea, baina bai neurriak hartzea Euskal Herri osoan ematen ari den modu oldarkor, desegituratzaile, deuseztatzaile eta ordezkatzaile hori gelditzeko. Neurri disuasorioak ezarri behar dira. Ostatu eskaintza gutxitu behar da turismo erabilerarako etxebizitzak gutxituz kaltea eginda dagoen tokietan; etxeetako bizilagunen egunerokotasuna lehenetsi behar da, eta eskaintza, mugatua, zabaldu fokutik aldenduta dauden tokietara, gertutasunezko ekonomia sustatuz. Lehena kaltea jasotzen duena izan behar da, baita zerga turistikoan ere: bere lehen etxebizitzara heldu ezinik dabilen gaztea, sendi gazte berria, erreferentziazko herritargoa. Gauza asko egin daiteke: New Yorken hartu duten erabakia ez dago gaizki, baina, horren ezean, lizentziaren iraupenari epe mugatua ezarri beharko litzaioke, bizilagunen esku utziz baimen horren luzatzea, arduradunaren 24 orduko presentzia, gutxieneko egonaldia, eta abar.