EDITORIALA

Hipotesi ia ezinezkoa, irakurketa beharrezkoak

Ez da erraza Europako Parlamenturako hauteskundeetarako kanpaina aurrera eramatea une honetan. Ia inori ez datorkio ongi, inor ez dago indartsu, ez da lehentasunezkoa... Eta, hala ere, garrantzitsuak dira. Lehenik eta behin, indar autoritarioek agenda markatzeko, beldurra eragiteko eta politika baldintzatzeko aukera dutelako. Horiek bai daudela indartsu.

Testuinguru horretan, joan den asteko CISek harridura sortu zuen Euskal Herrian, EAJk Bruselan izan duen eserlekua gal dezakeela adierazten zuelako. Ezinezkoa dirudien arren, badira elementu kezkagarriak jelkideentzat. Hasteko, hauteskunde sistemak zigortu egiten ditu estaturik gabeko nazioetako alderdiak. Horrek gertuko alderdiekin koalizioak egitera bultzatzen ditu, ordezkaritza bermatu ahal izateko. EAJren kasuan, CEUS koalizioa alderdiak bizi duen une txarraren beste sintoma bat da. EAJren atzetik, alderdirik garrantzitsuena Coalicion Canaria da, eskuin espainiarrarekin lotura duen alderdia eta bere unerik onenean ez dagoena. Turismoaren ondorioz uharteek bizi duten egoeraren aurka egin berri diren manifestazioak deiadar bat izan dira. Aldi berean, harrigarria da Kataluniako bazkideak Marta Pascalen eta David Bonvehiren Treballem per Catalunya izatea, PDeCAT txikitzearen arduradunak, Parlamentean ordezkaririk lortu ez zutenak, plataforma bat. Hala ere, litekeena da CEUSek eserlekua lortzea.

Politikan ez omen dago katarsirik, traumarik ez badago. Ez du zertan honela izan, baina egia da arazoak ezkutatuz gero zailagoa dela irtenbidea topatzea. EAJk Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izan dituen emaitzak, txarrak izan arren, aringarri gisa bizi izan dira. Erreleboa hala moduz ematen ari dira. Gasteizen hartutako zenbait erabaki ulertzen zailak dira. Orain ikusten ari dira aurreko apustuen ondorioak, adibidez Gipuzkoan. Barne iskanbila batzuk publiko egin dira, zakar, Bizkaian. Kanpaina baten erdian, gainera, Europarako izan arren. Nafarroako bazkideak ere ez dira guztiz erosoak. Esan bezala, Oihane Agirregoitia europarlamentaria izango da ziur aski, baina EAJren emaitza aztertzekoa izango da. Lehenik eta behin, EAJ beraren barruan.