GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Dusko Ivanovicek ez du Saski Baskonia entrenatzen jarraituko, baina noiz arte?

Montenegroko prestatzaileak eta Gasteizeko klubak elkarrekin adostu dute azarotik zuten harremanarekin ez jarraitzea eta, hala, Ivanovicen laugarren aroa amaitutzat eman dute. «Beti gutako bat izango zara, Dusko», adierazi du Baskoniak.

Dusko Ivanovic, bizkarrez, Baskoniaren azken partidetako bat zuzentzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Emaitza kaxkarrengatik ez, baina agian momentuak ezustean harrapatu zituen atzo Saski Baskoniako zaleak. Klubak aditzera eman zuenez, Dusko Ivanovicek ez du taldeko entrenatzaile bezala jarraituko. Orain askok galdera bera egiten diote bere buruari: noiz bueltatuko da, berriro, Bijelo Polje herrikoa Gasteizera? Haren izena hautagaien artean agertzen ez den bitartean, baliteke seinale ona izatea. Orain arte ikusitakoaren arabera, behintzat, horrek taldea bide onetik doala esango baitu.

Izan ere, Ivanovicek Baskonian igaro duen 4. etapa amaitu berri du. Lehenengoa 2000tik 2005era izan zen, Tau Ceramica izenez ezagutzen zenean. Orduan ACB Liga bat eta bi Kopa irabazi zituen, eta Euroligako finala jokatzera iritsi zen. 2005eko udan, ordea, Bartzelonara joan zen.

Bigarren aroa 2008ko ekainean hasi eta 2012ko azaroan amaitu zen. Tarte horretan beste Liga bat eta beste Kopa bat bereganatu zituen.

Bosniako hautagai bezala, eta Panathinaikos, Olympiacos, Jimki eta Beçiktas taldeetatik igaro ondoren, berriz Gasteizera itzuli zen 2019ko abenduan. Liga bat gehitu zuen bere palmaresean.

2021eko azaroaren 15ean kontratua eten eta 2022ko azaroaren 14an Belgradeko Izar Gorriarekin fitxatu zuen. 2023ko urriaren 30ean, ordea, Baskoniak bere zerbitzuak kontratatu zituen berriz ere, Joan Peñarroya ordezkatzeko.

IZAERA BEREZIA

Argi dago Montenegroko entrenatzailea Baskonian izan den aldiro taldeak izaera berezia bereganatu duela. Askotan, funtzionatu izan dio emaitzak ateratzeko. Baina aurten ez da nahikoa izan eta denboraldi oso gorabeheratsua egin du klubak: Kopatik eta Ligako play offetatik kanpo geratu da, eta Euroligan, bost urteren ondoren, kanporaketetan sartu bada ere, hortxe bukatu da Europako abentura.

Duela hamar egun baino gutxiago Felix Fernandez kirol zuzendaria pozik agertu zen Ivanovicen lanarekin, eta klubak, gainera, hurrengo sasoira begira lehen urratsak egin zituen Markus Howarden kontratua 2028ra arte luzatuz -martxoan, bestalde, Sedekerskisena luzatu zuen 2029ra arte, eta badirudi Codi Miller-McIntyren berritzea prozesuan dagoela-. Vanja Marinkovic serbiarrak, ordea, kontrako bidea hartu du, ez baitu taldean jarraituko.

Elkarren arteko adostasunez etendako kontratuaren berri eman eta gero, Baskoniak honakoa adierazi zuen sare sozialetan: «Beti gutako bat izango zara, Dusko».

Era berean, Baskoniak eskerrak eman nahi izan zizkion Dusko Ivanovici, «klubaren historiako entrenatzailerik garrantzitsuenari, denboraldi honetan izan duen profesionaltasunarengatik eta konpromisoarengatik, eta Baskoniaren historian Gasteizko taldea zuzentzen eman duen denbora guztiarengatik».

Azkenik, «Dusko beti izango da familia urdin-gorriaren parte», azpimarratu zuen.



Marta Alberdik Gernika Bizkaiarekin berritu du

Batzuk badoaz, Dusko Ivanovicen kasuan, eta beste batzuek toki berean segituko dute beste urtebete, gutxienez. Marta Alberdik beste denboraldi baterako kontratua luzatu du Lointek Gernika Bizkaiarekin eta, hala, 2024-2025 denboraldian Malosten jokatzen jarraituko du harrobitik aterarako jokalariak. Eta hemen ere Ivanovicekin beste ezberdintasun nabarmen bat aurki daiteke. Hain zuzen ere, gernikarrak ez du beste elastikorik ezagutzen, eta bosgarren sasoiz jarraian lehen taldeko jokalaria izango da.

Eskoltak iaz «aurrerapauso nabarmena» eman zuela adierazi du klubak ohar baten bidez, baina «unerik onenean zegoenean», ordea, orkatilako lesioak bere garapena eten zuela gaineratu du. Hala ere, harrobiko jokalariaren hobekuntza nabaria da eta bide horretatik jarraitu nahi du. Iaz, taldeak bere hutsunea asko igarri zuen, «taldeko bihotza baita», adierazi du klubak.

Lointek Gernika Bizkaiak orain hiru jokalari ditu 2024-2025 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery eta Marta Alberdi.

Honen berritzea ezagutarazitakoan, Alberdi pozik agertu zen etxean segitzeagatik: «Oso eskertuta nago taldeak nigan jarritako konfiantzagatik. Egia da azken bi urteak oso zailak izan direla niretzat, lesioekin, lehenengo sorbaldarekin eta gero orkatilarekin. Gogo handia dut taldeari laguntzen jarraitzeko». GARA