Maite UBIRIA
BAIONA
Entrevista
Oier Imaz
EH Bilduko zerrendan aurkeztuko den EH Baiko ordezkaria

«Muga arrotza dugu; nazio mailako elkarlana, berriz, hautu naturala»

Biriatun bizi den irundar baten izena aurkituko du heldu den ekainaren 9an Pernando Barrena nafarra buru duen EH Bilduren boto-papera hartuko duen hautesleak. «Hautu natural» horren atzean agertzen diren erronkak aletu dizkigu elkarrizketa honetan Mondragon Unibertsitatean irakasle gisa jarduten duen Oier Imaz EH Baiko kideak.

(Guillaume FAUVEAU)

 

Irundarra jaiotzez, badira bi hamarkada Oier Imaz Lapurdin bizi dela. Kooperatibismoaren Institutuan ikertzailea izateaz gain, irakasle gisa jarduten du Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, Mondragon Unibertsitatean, Bilbon. Euskal Herria Bildurekin batera hautagaitza osatzeko Euskal Herria Baik hobetsitako erabakia «naturaltasun osoz» errotzen dela «Europaren aurrean nazio gisa azaltzeko borondatean» nabarmendu dio GARAri Ipar Euskal Herriko mugimendu ezkertiar eta abertzaleko kideak.

Ekainaren 9an zazpi herrialdeetako herritarrek aukera izanen dute Europako bozetan parte hartzeko. Alta, ezin izango diote zerrenda berari bozkatu Euskal Herri osoan.

Nazio bat garen arren, ez ditugu nazio bati dagozkion eskubideak onartuta. Ez dugu erabakitzeko eskubiderik, eta horrek eragina dauka maila eta momentu ezberdinetan.

Aipatzen duzun bezala, ekainaren 9an iraganen diren hauteskundeetan gure parte hartzea baldintzatuta dago. Izan ere, ezin dugu egiaztapen soil horretan geratu, harago begiratu behar dugu, hauteskunde hauek garrantzitsuak direlako. Alde batetik, herri eta nazio bezala garatzeko orduan gure testuingurua Europa delako eta, bestetik, Europako testuinguru horretan bizi diren egoerek zuzenean eragiten digutelako.

Agerikoa da joera kontserbadorea hedatzen ari dela munduan zehar, eta Europan bereziki. Eskuin muturra eta populismoen gorakada iragartzen digute Europako hauteskundeei begira. Errealitate horiek presente izan behar ditugu; eragiten digute eta, gure ustez, eskura ditugun baliabide guztiekin jokatu behar dugu, lehenik eta behin, Euskal Herria Europaren eraikuntzaren parte dela erakusteko eta, bestetik, muturreko joera horiei aurre egiteko prest gaudela argi uzteko, ez bakarrik adierazpenekin, baizik eta egunerokotasunean, bestelako gizarte eredua eraikiz.

Bi estatuek baliatzen duten hautesbarruti bakarraren sistemak euskal herritarren ahotsa entzunaraztea zailagoa bilakatzen duela ezin ukatu. Euskal Herria Bilduk aliantza osatu du: Orain Errepublikak. Estatu frantsesean ez da posible izan. EH Bairen boto-papera ez izateak sortzen duen hutsunea nola beteko duzue?

Lehenik eta behin, kanpaina aktiboa eginez, hala nola eskuin muturrak gure herrian tokirik ez duela adieraziz. Egia da ez dela EH Bairen boto-papera izango, baina bi ardatz nagusi dituen gure mezua (nazio bat gara eta eskuin muturrari bidea ixteko prest gaude) zabalduko dugu kanpainan zehar. Hauteskunde hauetan parte hartzeko bi bide marraztu ditugu. Alde batetik, Euskal Herria aitortzen duten ezkertiar indarren alde botoa ematea galdetu du EH Baik. Bestalde, Euskal Herria Bildurekin batera jokatuko dugu. EH Bildurekin batera zerrenda osatuz eurodiputatu ezkertiar eta subiranista izatea inportantea dela adierazi nahi dugu, Bruselak gure herrian eragina duen bezala, gure ustez Euskal Herriak bere osotasunean, baita Ipar Euskal Herriak ere, bere erronkak Bruselara eramatea inportantea delako. Lan hori egingo duen ordezkaria behar dugu.

Zehazki, «Euskal Herria aitortzen duten ezkerreko hautagaitzen alde» botoa emateko deia zabaldu du EH Baik. Duela bost urte baino mezu argiagoa ematen du, agian eskuin muturraren arriskuaren mailak gora egin duelako?

Gure irudipena da hurrengo urteetan oso oinarrizko kontuak defendatzea egokituko zaigula. Arriskua argia da eta, egoera horretan, hitzek eta ekintzek indarra hartu behar dute.

2019an, Marine Le Penen Batasun Nazionala nagusitu zen botoetan Hexagonoan. Alta, eskuin muturra hirugarren indarra izan zen Ipar Euskal Herrian. Premia hori benetakoa da gure herrian?

Hain zuzen ere, eskuin muturrak ez duelako orain arte ez Ipar ez eta Hego Euskal Herrian ere beste hainbat lurraldetan bezala gure herria busti, garrantzitsua iruditzen zaigu kanpaina aktiboa egitea. Herri honek bere burua beste modu batean ulertzen du, eta eskuin muturra gelditzeko bere aukera propioak garatzen ditu.

EH Baiko kidea zara eta EH Bildurekin batera osaturiko zerrendan aurkeztuko zara hauteskunde hauetan. Keinu sinbolikotik harago zertan datza hautuaren ekarpena?

Modu naturalean errotzen da gure nazio izaerarekin hautu hori, euskal herritar sentitzen garelako. Baina bada ere gogo bat: herri bezala, nazio bezala, nahi diogulako ekarpena egin beste Europa bat eraikitzeko egitasmoari. Kutsu sinbolikotik harago, elkarrekin lan egiteko borondate bat agertuko dugu kanpaina honetan. Eguneroko praktikarekin bat datorrena, gainera. Zatiketa eta muga arrotzak bazaizkigu, nazio gisa elkarrekin lan egitea, berriz, hautu naturala da.

Irakaslea zaren heinean, nola azalduko zenieke agian lehen aldiz botoa ematera deituak diren gazteei ekainaren 9ko hitzorduak duen garrantzia?

Bi ardatz horiek nabarmenduz. Nazio bat gara eta nazio bezala behar dugu ahal dugun alde guztietan jokatu. Bestetik, eskuin muturrari bidea ixteko premiari beti erantzun behar diogu. Hori esanik, ikasleei aholkuak eman baino, egunero gazte horiengandik ikasten dudana iruditzen zait bermerik onena.