GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Akatsak


Ikertzaileentzat eta zientziaren komunikazioaren eremuan ari diren profesionalentzat antolatutako ekitaldi batean izan da lagun bat. Gustura atera da, teknologiak publiko zabalagoarekin harremanetan jartzeko bide interesgarriak eskaini ditu, izan ere. Eta esperientzia eta proiektu interesgarri eta arrakastatsuen berri izan duela kontatu dit. Sarean azalpen ulerkorrak eskainiz, dibulgazioan ari diren makina bat profesional topa daitezke. Formatu berriak, adierazteko modu eraberrituak… jorratzeko moduak ez ezik, gaiak ere ugariak dira, jakintza arlo ugaritakoak.

Haien berri emanda, ordea, zer pentsa eragin dion kontu bat aipatu dit lagunak. Izan ere, aldi berean gauzatu diren mahai inguruetako batera joan da. Aukeran zituen hiruen artean “Hutsegiteen aitortza” izenburua zuena hautatu du. Akatsetatik zein modutan ikasi daitekeen azaldu behar dutenez hitzaldian, interesgarria den gaia iruditu zaio. Baina adituak esandakoak adina hausnarketa eragin dio aretoan ingurura begiratu eta ikusi duenak; emakumeak baino ez direla gerturatu konturatu da. Ondoan dagoen beste aretora joan dira gizon hainbat, han proiektuetarako finantzaketa eskuratzeko jarraibideak lantzen ari dira. Guk bakarrik egiten ditugu akatsak? Guri bakarrik axola zaigu, haiek onartu eta egindako hutsetatik ikastea? Galderak errenkadan sortu zaizkiola aitortu dit, eta ez da bakarra izan, antza. Ohartarazpen bera egin dute beste partaide batzuek eta hizlariak berak ere eutsi behar izan die pertzepzio, heziketa, autoexijentzia eta boteren harremanen gaiei.

Azken batean, ikerketek erakutsi duten moduan, pertsonaren araberakoa ere bada ere, oro har emakumeek sarriago bizi dute inpostorearen sindromea, hau da, beren gaitasunak eta lorpenak aitortzeko ezintasuna, eta baita akatsak egiteko beldurra. Honek baditu, noski, ondorioak: ezintasun horrek bultzatuta, interesgarriak liratekeen aukerak alboratu daitezkeelako. Ez dakit ondo, jardunaldian akatsez ikasteko gako asko jaso dituzten, baina gogoeta bera aurrerapauso eta irakaspen bihurtu zaie.