GARA Euskal Herriko egunkaria

Pello Reparaz: «Ilusio handiz heltzen diot eta gozatu egin nahi dut»

Zetak talde nafarrak bosgarren urteurrena ospatuko du Nafarroa Arenan datorren urtarrilaren 4an. «Mitoaroa» izeneko ikuskizun berezia prestatu du horretarako eta NAIZeko harpidedunek sarrerak merkeago eskuratzeko aukera izango dute. Salmenta ekainaren 4an abiatuko da.

Pello Reparaz, «Mitoaroa» ikuskizunaren promozioko argazkian. (ZETAK)

Urteurren festa berri bat dator ate-joka. Kasu honetan, Pello Reparaz buru duen Zetak talde nafarrak atzo iragarri zuena da. Hitzordua datorren urtarrilaren 4an izango da Nafarroa Arenan eta ikuskizun berezia izango dela iragarri dute, “Mitoaroa” lelopean egingo dena.

Sarreren salmenta heldu den ekainaren 4an, asteartean, zabalduko da 08.00etan, www.zetak.org webgunean. Baina, horretaz gain, NAIZ ikuskizuneko babesleetako bat izango da. Hartara, egun eta ordu berean, harpidedunen txokoan, %20ko deskontuarekin bina sarrera erosi ahal izango ditu harpidedun bakoitzak.

Pello Reparazen esanetan, musika taldeak inoiz izan duen mugarri handiena izango da “Mitoaroa”. «Pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin goaz Nafarroa Arenara, baina badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan», esan zuen arbizuarrak. Gainera, Erramun Martikorena ere bertan izango dela iragarri zuen.

Horretaz gain, nafar eta euskal mitologiaren presentzia hobeto islatzeko, Zetak-ek hainbat talde gonbidatu ditu, hala nola Unanuko mamoxarroak, Lantzeko Ihauteria, Kukai dantza taldea, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak eta Arbizuko txatarrak.

IDENTITATEA, EUSKARA

Ikuskizunaren iragarpenetik ordu gutxira, Pello Reparaz bera NAIZ Irratiko estudioetan izan zen atzo, “Bigarren kafea” saioan. Bertan eskaini zituen urtarrilaren 4an Nafarroa Arenan gertatuko denaren zertzelada batzuk. Izan ere, 2025eko hitzordua efemeride bat bai baina sormen goseak bultzatutako zita bat ere badela nabarmendu zuen musikari arbizuarrak. «Horri heldu nahi diot nik. Lanketa bat egin beharrean gaude, arrakasta zer den, zer ez den, hitz horren birdefinizioan. Horretan egin dut lan azken bi urteetan behintzat, eta hori birdefinitzeko bidea nire lanarekin lotu nahi izan dut. Nafarroa Arena bezalako apustu handi bat egitera goazenean, arrakasta bertan gertatzen den eta jazotzen den horretan egon beharko da. Ez hainbeste betetzen dugun edo ez dugun betetzen, sold out-ak dauden edo ez», adierazi zuen.

Denbora luzez poliki egosten eta gordeta izan duen hitzordu garrantzitsu bat izango da urtarrilaren 4koa eta, Zetak-en ohiko bideak urratzen jarraituko dute kasu horretan ere. Hala, mitologia izango da “Mitoaroa”-ren erdiguneetako bat. «Azpimarratu nahi izan dugu mitologiarekin Zetak-ek izan duen harreman horrek izango duela garrantzia ekitaldi horretan. Identitatea, musika, euskara eta mitologia ere sartu zaizkigu Zetak-en ekuazio horretan. Beraz, showaren izena ‘Mitoaroa’ izango da».

Aipatu bezala, sarreren salmenta datorren astean abiatuko da, ekainaren 4an, baina Reparazentzat atzokoa izan zen mugarria, urtarrilaren 4ra arte eramango duen lasterketa baten hasiera puntua, eta aurrerantzean ez zaio lanik faltako. Lantaldean alboan ditu Isabel del Moral, Jon Maya eta Iratxe Reparaz. «Ja ez dago atzera bueltarik. Niretzat gaurko eguna da garrantzitsua, hilabete asko eta gero esku artean gordeta, estalita, izan ondoren, behingoz badugulako aukera hitzordu honetaz hitz egiteko, erronka erraldoia dena Zetak-entzat, niretzat pertsonalki ere nafarra izanda Nafarroa Arenan halako kontzertu bat egiteagatik... Ilusio handiz heltzen diot eta gozatu egin nahi dut», nabarmendu zuen arbizuarrak.