IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Francesco Pasqualeren bosgarren arima» eleberria idatzi du Elorriagak

Bere arbasoa izan zen, baina Unai Elorriagak ezagutu ez zuen pertsona bat hartu du eleberria idazteko abiapuntutzat, Francesco Pasquale. 20 atalez osatutako kontakizuna da. Narrazio labur independenteak dira, baina osotasunean eleberri bat osatzen dute, atal bakoitzak ñabardura bat gehitzen baitio Pasqualeren bizitzari. “SPrako tranbia” lanarekin lortu bezala, honetan ere bere «arima» dagoela aurreratu zuen idazleak.

Unai Elorriagak bere zazpigarren eleberria aurkeztu zuen atzo, Donostian.
Unai Elorriagak bere zazpigarren eleberria aurkeztu zuen atzo, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Datu bakan batzuk eta hutsune asko zituen Unai Elorriagak, argitaratu berri duen liburua idazten hasi zenean. Atzo aurkeztu zuen Donostian “Francesco Pasqualeren bosgarren arima” eleberria. Izenburuak adierazten duen bezala, Francesco da eleberriko protagonista, Italiatik Bermeora migratutako gizon baten istorioa, hain zuzen ere Elorriagaren arbasoa izan zenarena. Nahiz eta berak ez ezagutu, liburua idatzi ahala bere «osaba» bihurtu dela aitortu zuen.

Susa argitaletxeko editore Leire Lopez Ziluagak kontatu zuen puzzle bat osatzen duela liburuak: «Francescoren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Elorriagaren zazpigarren nobelak». 20 atalez osatuta dagoela esan zuen, «modu independentean» uler daitezkeen 20 narrazio dira; horietako 11 zuzenki Francescoren bizitzari buruzkoak; 3 kontakizun «apartekoak» dira, zeharkako lotura dutenak protagonistarekin; eta 6 biografiak dira.

Izenburua erabili zuen Elorriagak liburuaren inguruko azalpenak emateko. Izenburuaren lehenengo zatia protagonistaren izena da: Francesco Pasquale. «Benetan existitu zen, gure arbasoetako bat da. Italiako Saprin herrixkan jaio zen galdaragile familia batean eta, itsasoa zeharkatuta, Bermeora iritsi zen. Bertan sortu zuen familia eta bertan hil zen», laburbildu zuen.

Familian ezer gutxi zekiten haren inguruan, baina 2016an Elorriagaren senide batek kontatu zion berak bazuela Francescoren inguruko informazio jasota: «Informazio oso gutxi zen: noiz jaio zen, noiz utzi zuen Italia Bartzelonara joateko, noiz ezkondu zen Bermeon, noiz izan zituen seme-alabak… Ikusi nuen mamia zegoela idazteko eta hausnarketarako».

PUZZLE LANA

Hutsune asko zituen eskuartean. «Literatura bihurtu ditut hutsuneak», aitortu zuen, eta ohartarazi, nahiz eta datu errealetatik abiatu den, guztiz fikziozkoa dela argitaratutako lana. Bere ustez, hutsuneetatik asmatu dituen zenbait istorio halaxe gertatuak izango ziren arren. Abizena ere aldatu egin dio, izan ere «bortitzegia» iruditzen zitzaion bere laugarren abizena eta bere amaren bigarrena izenburura eramatea. Horregatik Francescoren bigarren abizena eman dio protagonistari, Pasquale.

Atal bakoitzean bizitzaren zati bat kontatu du Elorriagak: «Atal bakoitza ipuin bat da, bere baitan ixten da, hasiera eta amaiera dute. Eta ipuin bakoitzean aldatu dut narratzailea, pertsonaiak, denborak, garaia.. Dena aldatu dut». Aldi berean, guztiek bat eginik osotasuna ematen diotela uste du idazleak, eta horregatik dela, bere iritziz eleberri bat: «Oso eleberria da. Etengabe Francesco ikusten ari gara, eta atal bakoitzean ezagutzen dugu zerbait».

Izenburuaren bigarren zatiak ‘bosgarren arima’ dio. Bost zenbakiarekin duen harremana azaldu zuen lehendabizi idazleak: «Nire iruditegi propioan bostak badu pisua. Batetik, euskal kulturaren zenbaki magikoa izan da bosta; asko esateko modua zen lehen. Eta bigarrenik, Algortako hilerria Bosgarrena kalean dago; gure amak makal dagoenean hala esaten du: ‘Laster joango naiz bosgarrenera’».

Arimak ere presentzia berezia du. Izan ere, Elorriagaren ustez gizaki bakoitzak lau arima ditu: haurtzarokoa, gaztarokoa, helduarokoa eta zahartzarokoa. «Bosgarrena da migratzaileen arima. Migratzen duten pertsonek bosgarren arima bat behar izaten dute», azaldu zuen, protagonistaren Italiatik Bermeorainoko bidaia azpimarratuz.