Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

«Kolonialismoari aurre eginen dio kanak herriak, libre izan arte»

Kaledonia Berriko Gobernuko bigarren lehendakariorde Mickael Forrestek eta Kaledoniar Batasuneko kide David Wanabok Baionan berretsi zuten beren eskaera: Parisek inposaturiko hautesle-erroldaren erreforma albora dezala eta, horren ordez, akordio globala sustatzea.

Mickael Forrest, Kaledonia Berriko gobernuko kidea, Baionan, konponbide politikoa aldarrikatzen.
Mickael Forrest, Kaledonia Berriko gobernuko kidea, Baionan, konponbide politikoa aldarrikatzen. (GARA)

Mickael Forrest, Kaledonia Berriko Gobernuko bigarren lehendakariordea, eta David Wanabo, UC Kaledoniar Batasuna alderdiko ordezkari eta, lehena bezala, FLNKSko batzorde exekutiboko kidea Euskal Herrira etorri dira, beren lurraldean bizi den krisi larria gainditzeko bidean akordio globala defendatzera.

Iragan maiatzaren 14an, hautesle-errolda zabaltzeko erreforma onartu zuen frantziar Asanblea Nazionalak. Geroztik istilu larriak sortu dira uhartedian. Gutxienez zazpi herritar hil dira ezohiko egoeran murgildurik den Ozeano Bareko lurraldean.

Herenegun, frantziar Gobernuak larrialdi egoera bertan behera utzi bazuen ere, Mickael Forrestek «testuinguru zaila» izaten jarraitzen duela erran zuen. Parisek etendako Tik Tok sarea berriz ere martxan da uhartedian, baina oinarrizko eskubideak -hala nola elkartzeko eskubidea- oraindik ere debekatuta daudela nabarmendu zuen lehendakariorde kanakak.

Polizia eta soldaduekin nahikoa ez, eta loialisten bultzadapean eraturiko miliziek ere errepresioa hedatu dutela oroitarazi zuen, bestetik, David Wanabok. Ikerketa zabaltzeko asmoa dutela nabarmendu zuen Forrestek. Abokatu talde baten laguntzaz, bestalde, zenbait heriotza argitzeko salaketa aurkezteko asmotan direla gehitu zuen.

Heriotzak soilik ez, Kaledonia Berria geldirik atxikitzen duen krisi bortitzaren bueltan zauritu anitz izan direla eta zenbait lagun «ezagutzen ez dugun baldintzetan» atxilotuta daudela baieztatu zuten bi ordezkari kanakek atzo, EH Baik Baionan duen egoitzan eginiko agerraldian.

NAZIOARTEKO BITARTEKARITZA

Gobernu frantsesaren aldebakarreko erabakia, alegia, hautesle-erroldan 25.000 herritar gehitzeko erreforma onartzea, bertan behera utz dadila eskatzen dute FLNKSko ordezkariek. Hori lortzeko, beste hainbat herrialderekin egin bezala -Palestina aipatu zuen zehazki Forrestek- nazioarteko bitartekaritza premiazkotzat jotzen dute. Hartu-emanak azkartu dituzte, Nazio Batuen Erakundeak -zeinak deskolonizatzeko prozesuan dauden lurraldeen zerrendan Kaledonia Berria jasotzen duen- begiraletza martxan jar dezan.

Noumeako akordioak (1998) zehazturiko bidea azkeneraino, hau da, deskolonizazio prozesua bururaino, eraman arte, konpromisoari eutsiko diotela baieztatu zuten FLNKSko ordezkariek. Halaber, krisia gainditzeko akordio orokor bat lortzeko borondatea agertu zuten.

Bestetik, EH Baik salatu zuen frantziar Estatuak gatazka politikoei errepresioaren bidez erantzuten jarraitzen duela. Gaby Arestegui eledunak oroitarazi zuenez, «errepresioak ez du gatazka politiko bat konpontzen eta konponbide demokratikoa ez da aldebakartasunez arauak jartzea».