Asier ROBLES
BILBO
MOZAL LEGEA

290.500 euroko isunei aurre egiteko elkartasun kanpaina abiatu du Ernaik

Iragan irailaren 22an, Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten Ernaiko 133 kide salatu ditu Segurtasun Sailak, Mozal Legea baliatuta, 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunekin. Orotara, 290.500 euro.

Ernaiko kideak, jasotako isunak eskuan dituztela, Bilbon egindako agerraldi jendetsuan.
Ernaiko kideak, jasotako isunak eskuan dituztela, Bilbon egindako agerraldi jendetsuan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Erabat partziala eta desproportzionatua den operazio baten jopuntuan gaude», hitz horiekin ezagutarazi zuen atzo Ernaik 133 kideri ezarritako 290.500 euroko isuna.

«Eraso errepresibo» berri honen jatorria 2023ko irailaren 22an dago. Goiz horretan, Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko bi ekimen egin zituen gazte antolakundeak, Bilbon Gobernu espainolak duen ordezkariordetzaren eraikin aurrean eta Ertzaintzaren Gasteizko polizia-etxean, kateatuz eta trafikoa moztuz. Tentsio uneak bizi ziren eta ekintzaileen aurka oldartu zen Polizia.

Orain, identifikatutako 133 gazteei 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak heldu zaizkie, 290.500 euro denera. Lakuako Segurtasun Sailak jarri du gazteen aurkako salaketa, Mozal Legea aplikatuta.

Ordura arte jasandako «erasorik larriena» dela azaldu zuten atzo, «antolakundearen jardun politikoa hipotekatzea eta proiektuarekin aurrera ezin egitea» helburu gisa kokatuz.

Honen atzean erabaki politiko bat dagoela salatu eta Lakuako Segurtasun Sailaren jarrera «antidemokratikoa» nabarmendu zuten.

«Hau ez da ausaz gertatu, urteetan Ernairen aurka izan duten obsesio etengabean beste urrats bat da. Izan ere, gure proiektua deserosoa zaie. Gero eta gehiago gara, gero eta gazte independentista gehiago, gero eta gehiago batu eta aurrera egiten dugunok, eta guk zein gure proiektuak gero eta babes zabalagoa dugu. Hori guztia ezkerreko independentismoa hegemonia politiko eta ideologikoa irabazten ari den unean dator, instituzioetan, masa mobilizazioan zein mugimendu sozialetan. Aldaketak eragiteko gaitasuna dugu, gazteon bizitzak hobetzeko eta herri honen etorkizuna marrazteko. Aurrera goaz, gehiago gara eta haiek beldur dira», adierazi zuten ernaiko kideek.

BIDE JUDIZIALA

Egoera honi aurre egiteko, administrazioarekiko auzietako epaitegian isunen aurkako helegitea aurkeztu eta prozesu judiziala abiaraziko dutela aurreratu zuten. Horren bitartez, Segurtasun Sailaren «desproportzionaltasuna eta arbitrariotasuna» salatuko dute.

«Ez da erabaki erraza izan, prozesu judizial batek antolakundearen egunerokotasunean zama handia eragiten duelako. Baina sinetsita gaude hori dela egoera bidegabe honen aurrean har dezakegun erabakirik egokiena: ez uzkurtzea eta aurrera urrats bat egitea. Bide horretan, erabaki kolektiboa balioetsi nahi dugu. Isuna jaso duten 133 gazteen borondateari esker egingo dugun prozesua da, eta kolektiboan ekingo diogu», esan zuten agerraldian.

ELKARTASUN KANPAINA

Ernai «ekonomikoki itotzea» dela helburua salatu zuten gazte antolakundeko bozeramaileek. Isunek kostu ekonomiko «oso larria» dakarte, eta antolakundearen jarduna bera aurrera eramatea «oztopatzen» duela ohartarazi zuten.

«Gazteria independentista isilarazteko beste estrategia bat da hau. Baina gu gure lanean berresten gara. Gero eta gehiago gara, eta datozen hilabeteetan bidean aurrera egingo dugu». Horregatik, dei egin diote euskal gizarteari datozen hilabeteetan antolakundearen jarduna sostengatu ahal izateko irekiko duten kanpaina ekonomikoan parte hartzeko eta «elkartasunez erantzuteko». Besteak beste, elkartasun zozketa eta crowdfunding bat abiatuko dute.

«Auzi honen helburua gazteria independentista isiltzea dela argi antzematen da. Burumakur eta apal nahi gaituzue, baina horren aurrean antolatzen jarraituko dugu, EH aske, sozialista eta feminista izan arte!», adierazi zuten.