GARA Euskal Herriko egunkaria

Publifikatze eskaria, Osasun Sailaren eta Asuncionen hitzarmena amaiturik

Tolosako Asuncion Klinika kudeatzen duen enpresaren eta Lakuako Osasun Sailaren arteko hitzarmena gaur amaituko dela adierazi zuen atzo Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak. Egoera berri honen aurrean, hitzarmenaren balorazioa egitea eta Asuncion publifikatzeko bideak aztertzea eskatu zuten eskualdeko alkateek.

Tolosaldeko herritarrek urteak daramatzare osasun arreta duin baten alde mobilizatzen. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak atzo adierazi zuen gaur, maiatzaren 31n, amaituko dela Lakuako Osasun Sailaren eta Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresa pribatuaren arteko hitzarmena. Egoera horren aurrean, Tolosaldeak oraindik ez duela ospitale publikorik salatu zuten alkateek, konponbiderako deia egitearekin batera.

Ohar baten bidez gogoratu zuten Osasun Sailak 25 milioi euro inguru ordaintzen dizkiola Asuncion Klinikari, zerbitzua eman dezan. Alkateen Mugimenduak hamaika bider salatu du «ospitale publiko baten faltak Tolosaldeko osasun arretaren kalitatean duen eragin negatiboa». Enpresa pribatuarekin duen hitzarmena gaur amaituko denez, eszenatoki berri bat ireki daiteke Tolosaldeko osasun zerbitzuen inguruan.

«Kalitatezko osasun asistentzia» ez dela bermatzen kontuan izanda, Osasun Sailari dagozkion ardurak bere gain hartu ditzan eskatu zioten alkateek. Eta lau eskari zuzen egin zituzten. Batetik, Tolosaldeko alkateekin biltzea eskatu zioten Lakuari, «bukatu den hitzarmenaren ebaluazioa egin dezala, ditugun datuak aztertuz eta profesionalen eta Tolosaldeko herritarren era eragileen iritziak kontuan hartuz», zehaztu zuten.

Bigarrenik, ebaluazio hori egin bitartean, Tolosaldeko herritarren «kalitatezko osasun arreta berma dezala» eskatu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko galdegin zuten: «Hainbat espezialitatetan Donostia Ospitalean artatzeko aukera aztertu dadila. Eta Inviza SA enpresak trantsizio epe batean zerbitzuak ematen jarraitu behar badu, bermatu daitezela hitzarmenean jasota dauden baldintza guztiak, kalitatezko zerbitzua emanez».

Asuncion Klinikaren publifikazioaren aukera aztertzeko galdegin zuen hirugarrenik Alkateen Mugimenduak, azken hamar urteetan behin baino gehiagotan egin duten eskakizunari jarraiki. Eta laugarrenik, identifikatutako gabeziei irtenbideak emateko eskatu zuten: «Lehen Arreta osasun sistemaren sarrerako lehen atea den heinean, Osasun Sailak herrietako osasun zentroetan dauden gabeziei soluzio egonkor bat eman diezaiela».

BIGARREN MAILAKO ARRETA

Lehenago ere Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak salatu izan du eskualdeko osasun zerbitzuen egoera: «Zerbitzuaren degradazioaren pertzepzioa gero eta zabalduago dago, eta bigarren mailako osasun arreta jasotzen da Tolosaldean», nabarmendu zuten otsailean.

Orduan esan zuten alkateek Lakuak adierazi ziela Asuncion Klinikari dagokionez, ez duela publifikazioa bultzatuko: «Argi utzi du ez duela Asuncion Klinika publifikatzeko inolako asmorik. Ospitale berria eraikitzeko erabakia irmoa dela jakinarazi digute eta, eraiki bitartean, hau da, 2029ra bitarte, orain arte bezala, Asuncionekin hitzarmena sinatzen jarraituko dute».