Fernando ALONSO
1993

Hondo urdinaren gaineko tortura eta jazarpena

Antzerki muntaketa baterako zazpi elementu dira ezinbestekoak. Muntaketa politiko-polizialentzat, berriz, esan liteke nahikoa dela giroa sortzea, baliabideak sintonizatzea eta guztiari hondo oso bat ematea. Hondo horrek 1993an kolore nagusi bat izan zuen: urdina.

Lerroon gainean, ETAk Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentu nagusiaren aurka eginiko atentatua, azaroaren 22an.
Lerroon gainean, ETAk Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentu nagusiaren aurka eginiko atentatua, azaroaren 22an. (Luis JAUREGIALTZO (EGIN))

Hondo urdinaren gainean proiektatu zen lotsaren kolorea, NBEk Espainia tortura praktikagatik seinalatu zuenean. Hondo urdina izan zuen EAJk eta PSOEk “Egin” eta Egin Irratiaren aurkako jazarpen doilorrak ere.

Izan ere, hitza isilarazitakoen zerbitzura jartzea beti izan da erantzukizun arriskutsua. Are gehiago kazetaritza jardunean.

“Egin”-en aurkako jazarpen sistematikoa aspalditik zetorren, eta horretan arituak ziren, bereziki, Lakuako Gobernua eta jelkideen ingurunea. Legez zegozkion dirulaguntzak ukatu zizkioten; eta beste horrenbeste publizitate instituzionalarekin. Jabier Salutregiren edota Pepe Reiren aurkako ekimen judizialak ere egon ziren, eta iritzi artikulu bategatik erredaktore bat atxilotu zuten. Urte batzuk lehenago ere egon ziren atxiloketak, prozesamenduak eta isunak. Hori guztia kazetaritza-lana egiteagatik. Bestalde, Egin Irratiari lizentziak ukatu eta kendu egin zizkioten, eta zigor handiak iragarri zituzten.

Gazte jelkideek prentsaurrekoak eta kanpaina egin zituzten “Egin”-en eta bertako langileen kontra, eta kalera irten ziren kartelak jartzera eta panfletoak botatzera.

Testuinguru horretan, instalazioen eta antenen kontrako sabotajeak ere ugaritu egin ziren. Martxoan, Joseba Arregik, Kultura sailburu eta Ardanzaren Jaurlaritzako bozeramaileak, modu esplizituan aitortu zuen “Egin”-en aurkako boikotak izaera politikoa zuela.

Baldintzak sortuta eta bitartekoak edukita, aukera baino ez zitzaien falta. Eta hori ETAk Bilbon Joseba Goikoetxea Ertzaintzako sarjentu nagusia eta jelkidea tiroka hil eta bederatzi egunera iritsi zen.

POLIZIAK, ERREDAKZIOAN

Abenduaren 1ean, Auzitegi Nazionaleko Carlos Bueren epailearen aginduz, Ertzaintza Hernaniko eta Bilboko erredakzioetan sartu zen. Aitzakia, hauxe: ETAren «iraultza zergaren» kontrako operatibo batean aurkitutako paper batzuk. Ziotenez, dokumentazio hori “Egin”-eko Ikerketa taldetik ateratakoa zen. Beraz, Ikerketa taldea eta taldearen buru zen Pepe Rei Poliziaren helburu bihurtu ziren. Egun haietan Rei ospitalean zegoen, bihotzean ebakuntza egin ziotelako.

Zortzi orduko okupazioaren ondoren, agenteek ehunka karpeta, ordenagailu eta material informatiko eraman zituzten. Agindu judizialaren xede zen auzian baino, bazirudien interes handiagoa zutela EAJri eta PSOEri eragiten zieten ustelkeria politikoko kasuei buruzko dokumentazioan.

Operatiboa amaitu gabe zegoela, Juan Mari Atutxa Lakuako Barne sailburuak “Egin”-en aurkako akusazioak egin zituen. Kontrako norabidean, egunkariarekiko eta bertako langileekiko elkartasunak ere ez zuen miaketa amaitu arte itxaron, eta jendea manifestatzen hasi zen.

Elkartasun adierazpenik handiena abenduaren 18an izan zen. 55.000 pertsonak baino gehiagok Bilboko kaleak bete zituzten, adierazpen askatasunaren aldeko eta “Egin”-ek jasandako harrapaketaren aurkako aldarri batean. «Jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu», adierazi zuten.

Ordurako, Ajuria Eneko Itunaren inguruak «begizta urdina» deiturikoa martxan jarria zuen, ETAren eta ezker abertzalearen aurkako «protesta soziala» sustatzeko.

Jose Antonio Ardanza lehendakariak uztailaren 27an deitu zuen Itunaren bilera, ETAk Julio Iglesias Zamora enpresaria bahitu eta egun batzuetara. EA ez zen hitzordura joan. Bileran, «talde bakezaleak» bultzatzea eta beharrezko laguntza guztia ematea adostu zuten; baita ezker abertzalearen aurkako estrategia komuna zein izango zen ere. Ardanzak irailean egindako adierazpenen arabera, «mundu marjinal, delinkuentzia huts» bihurtzen ari zen ezker abertzalea.

Ajuria Eneko Itunak irailaren 11n deitutako manifestazioan jendetza elkartzeko eginahal guztiak egin bazituzten ere, hurrengo astean Herri Batasunak egindako deialdian milaka pertsona gehiagok parte hartu zuten.

Oraindik ez zuten belo urdina zabaldu apirilean, torturagatik Espainiak Nazio Batuen aurrean kontuak eman behar izan zituenean. NBEko kontalari bereziak egindako txosten batean, agerian geratu zen torturen praktika, bereziki euskal atxilotuekin egina.

IANTZI ETA “ANUK”

Poliziaren tratuaren aurpegirik krudelena irailean agertu zen, Gurutze Iantziren eta Xabier Kalparsororen heriotzekin; Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren eskuetan zirela hil ziren, hurrenez hurren. Aurretik, abuztuan, Juan Calvo hil zen Arkautiko Ertzaintzaren ziega batean. Bilbon taxi bat lapurtu eta ihes egiteagatik zuten atxikita.

Gurutze Iantzi Urnietan atxilotu zuten. Operatibo hartan Guardia Zibilak hogei pertsona baino gehiago atxiki zituen. Uztailaren hasieratik ETAk Iglesias Zamora bahitua zuen, eta Guardia Zibila, Armadaren laguntzarekin, Hernani inguruan eta Adarra mendian bilaketan ari zen, lur eta aire bidezko makro-operatibo batean.

Bahiketa hark iraun zuen 117 egunetan, ehun lagunetik gora atxilotu zituzten. Horietako gehienak aske geratu ziren; kuadrilla osoak eraman zituzten. Askatu egin zituzten, bai, baina haien testigantzek eta batzuek gorputzean zituzten torturen aztarnek argi erakutsi zuten jasandako tratua.

Iantzi, aitzitik, zerraldo atera zuten Madrilgo Tres Cantoseko Guardia Zibilaren kasernan jasandako itaunketetatik.

Gau horretan bertan, Xabier Kalparsoro “Anuk” ez zen bizirik atera Bilboko Indautxuko komisariatik, Durangon noraezean eta erabateko nahasmendu egoeran agertu ondoren. Aparkatutako furgoneta baten barruan ustekabean harrapatuta, Durangoko Udaltzaingoaren aurrean hasieratik ETAko kide gisa identifikatu zuen bere burua, eta, bitxia bada ere, ez Ertzaintzako ez Guardia Zibileko kideek ez zuten haren ardura hartu nahi izan. Espainiako Poliziaren esku geratu zen eta Indautxura eraman zuten.

Ordu batzuk geroago, komisariako bigarren solairutik erori zen. Oso larri eraman zuten Basurtuko ospitalera eta bertan hil zen bi egun geroago.

Polizia espainolarekin egon zen denboran, Ertzaintzako kideek mendira eraman zutela esan zuen. Durangoko udaltzainek adierazi zuten “Anuk” beren ziegan zegoen bitartean hiru ertzainek galdekatu zutela.

Kalparsorok hil baino egun batzuk lehenago gutun bat helarazi zion ETAko zuzendaritzari, abuztuan atxilotu zutela eta substantzia motaren bat eman ziotela azalduz, buruko nahasmendua eragin, kontrolatuta izan eta, era horretan, erabili ahal izateko. Erakunde armatuak gutun hori publiko egin baino egun batzuk lehenago, Jose Luis Corcuera Espainiako Barne ministroak aitortu zuen abuztuko legez kanpoko atxiloketaren aukera, baita «mendira eraman» izana ere.

Hori gertatzen zen bitartean, Ajuria Eneko Itunak buru-belarri ekin zion bere belo urdina zabaltzeari, gastuei eta baliabideei erreparatu gabe.

HAUTESKUNDEAK, ITOITZ...

Estatu espainolean, Felipe Gonzalezek ekainera aurreratu zituen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak; eta Gobernuan mantendu zen arren, akordioak bilatzera behartuta ikusi zuen bere burua. Hego Euskal Herriko hautetsontziek PSOE jarri zuten buru Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta PP-UPN Nafarroan. Euskadiko Ezkerra jada PSEn sartuta zegoen.

Estatu frantsesean, martxoko hauteskundeetan, PSk kolpe handia jasan zuen: lau milioi boto galdu zituen eta 75 eserlekurekin geratu zen. Ondorioz, Mitterrand presidenteak Balladur neogaullista izendatu zuen Gobernuko presidente.

Nafarroan, Itoizko urtegiaren eraikuntzaren inguruko gatazka gaiztotu egin zen proiektuak aurrera jarraitu ahala. Miguel Sanzen esanetan, obra Madrilen mende zegoen, eta, handik ziurtatu zuten urtegia bai edo bai eraiki egingo zela. Hala mintzatu zena, Josep Borrell ministroa, Europako diplomaziaren buru da gaur egun.

Maiatzaren erdialdean Arabako espedizio bat Everesten gailurrera iritsi zen. Zoritxarrez, han bertan, urrian euskal alpinista bat hil zen.

Mandelak eta De Klerkek Bake Nobelaren Saria partekatu zuten 1993an.

Alfonso Sastrek Espainiako Antzerki Sari Nazionala jaso zuen Madrilen. Eta kulturak eta euskarak Joxemi Zumalabe, Estitxu, Nicanor Zabaleta eta Lazkao Txiki galdu zituzten.

Ebakuntza egin aurreko egunean, Lazkao Txikik, irribarrez, hauxe esan zion anestesistari: «Zuk jarriko nauzu lotan, baina bihar esnatzeko zeinek jarriko dit despertadorea?». Inork ezin izan zion komatik ateratzeko iratzargailua jarri.