GARA Euskal Herriko egunkaria

Plentziako Udalak «Euskal Errepublikaren parte» dela aldarrikatu du, Ehunen ekimenez

Aitor Garagarza, Plentziako alkatea, artxiboko irudian. (EH BILDU)

Plentziako Udalak Ehunen mozioa onartu zuen ostegunean osoko bilkuran, Udalak bere burua «Euskal Errepublikaren parte» deklaratu zuelarik. EH Bilduk gehiengo osoa du Udalean, sei zinegotzirekin. «Historikotzat» jo zuen Ehunek, «lehen aldiz Euskal Herriko erakunde batek lurraldearen zati bat euskal errepublikaren zati izendatu duelako».

Azpimarratu zuenez, «historian zehar aurrekariak izan dira Euskal Herriko hainbat udaletan, baina aurrekari horiek, bidea ireki duten arren, euskal errepublika eman diezaguten eskatzera mugatu dira, ez independentzia aldarrikatzera». Testuak, era berean, «espainiar Estatuaren parte garen bitartean ezin izango dela herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera» dio: «Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula diogu».

Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direla eta, eragileak azaldu zuen udalak direla herritarren «taupadak eta beharrak» ondoen ezagutzen dituztenak. Hala ere, azaldu zuten askotan tresnarik gabe dauden instituzioak direla.

«Gehiegitan, legediak, denon interesak beharrean, gutxi batzuen interesak babesteko eginak daude», jaso dute testuan; gaineratuz legedia «udalen beharretatik urrun» sortzen dela, «zer esanik ez Euskal Herriko udaletatik». Zentzu horretan kokatu zituzten, besteak beste, etxebizitzaren inguruko legediak eta kosta eremuen ingurukoak: «Bi esparru hauek eragin handia daukate Plentziako egunerokoan, eta Udalak aurrera atera nahi dituen hainbat asmorentzat traba dira».

Ehunen iritziz, «udalek herritar guztion zerbitzura dagoen legedia behar dute», horrela bakarrik egin ahalko baitute «inongo mugarik gabe herritar guztien alde». «Baina Ehunetik uste dugu legedi herritar hori espainiar Estatuan ezinezkoa dela lortzea», adierazi zuten.

Gaur, 12.00etan, Ehunek agerraldia egingo du Plentziako Goñi Portal Kultur Etxean, mozioari buruzko xehetasun gehiago emateko eta aurrerantzean egingo dituzten urratsak argitzeko.