Patxi AIZPITARTE
Caritas Gipuzkoako gotzain-ordezkaria
KOLABORAZIOA

Urte bat pertsonen ondoan

Corpus Christi eguna, karitatearen eguna, aukera paregabea dugu urtero Caritas Gipuzkoaren memoria aurkezteko. Aurten, 2023ko memoria. Txosten honek egindako lana erakustea du helburu, baina boluntario, bazkide eta laguntzaileei gure esker onik zintzoena iritsarazteko ere bide aproposa da. Halaber, aitzakia ona da gurekin ditugun profesionalen lana eta administrazioen laguntza ekonomikoa balioesteko.

Datu orokorrei dagokienez, Caritas Gipuzkoak 16.571 pertsona artatu zituen 2023an (6.000 familia inguru) eta ia 3.000.000 euro bideratu zituen zuzeneko dirulaguntzetan. Puntu honetan, lurralde osoko 80 parrokiatan ditugun 815 boluntarioen lana azpimarratu nahi dugu: haiek baitira Caritaseko sarbidea, gure erakundearen harrera beroa eta hurbila.

Caritasen jarduerak etxerik gabeko pertsonengan eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonengan jartzen du arreta berezia; Bidelagun, Hotzaldi edo Aterpe zentro eta proiektuen bidez babesa emanez. Kasu gehienetan, pertsona migratuak dira, gizarteratzeko zailtasun handiak dituztenak. Gizatalde honek, etxerik gabeko pertsonenak alegia, bereziki kezkatzen gaitu, egoera hau pairatzen duten pertsonen kopurua handitu eta gaztetu egin baita: iazko memoriaren datuen arabera, %31 hazi da etxerik gabe dauden pertsonen kopurua (897 guztira) eta 10etik 7k 44 urte baino gutxiago dituzte. Pertsona horien egoera leuntze aldera eta bizileku bat eskuratzeko prozesuan laguntzeko, Caritasek propioak diren etxebizitzak eskaintzen jarraitzen du, alokairuak ordaintzeko laguntza zuzenak ematen (900.000 euro, 2023 urtean) eta Sorabilla, Emeki eta Trintxer harrera-etxeetan ere plazak eskaintzen.

Etxebizitza lortzeko zailtasuna eztabaida publikora iritsi den momentu honetan, Caritasek ere azterketa sakonago bat hasi du, bizilekua lortzeko zailtasun honek artatzen ditugun pertsonen bizitzan duen eragina neurtu nahian. Eragin hori ez baita soilik ekonomikoa: errolda edota alokairu-kontratu bat ez izateak beste eskubide batzuk eskuratzeko ezintasuna esan nahi du, hala nola osasun-arreta edo hezkuntza eskubideak.

Caritasek emakumeen beharrak ere (migratzailek gehienak) aintzat hartzen ditu Miriam programaren bidez, Lamorus tailerrean edota baratzeetan esperientzia okupazionalak bultzatzen jarraitzen du, bai eta ekonomia solidarioa sustatzen ere, Bihotzdun Enpresak bezalako ekimenen bitartez. Eskola-laguntza eskaintzen du (Bultzada programa), etorkinei aholkularitza juridikoa ematen die, boluntarioei ateak irekitzen dizkie... Nazioartean ere lankidetza-proiektuak babesten ditu, iaz 477.000 euro bideratu zituelarik. Nabarmentzekoa da Ukrainatik datozen 600 laguni baino gehiagori eskainitako arreta ere, eta Lur Santuan izandako indarkeriazko gatazkari aurre egiteko Caritas Jerusalemi bidalitako laguntza ere bai.

Etorkizunari begira, Gipuzkoako Elizaren ezaugarri izan behar duen karitatezko dimentsio horren adierazpen izaten jarraitu nahi dugu, gure zerbitzurako bokazioa berrituz eta gure jarduera hobetzen saiatuz. Horretarako, hain zuzen, 2024-2027 Plan Estrategikoa egin dugu, eta dagoeneko garatzen hasiak gara.

Mila esker, berriro ere, Caritas Gipuzkoako familia eta proiektu partekatu honetan bidelagun zareten pertsona guztioi. Era berean, erakunde publikoei eskerrak eman nahi dizkiegu emandako laguntzagatik: Gipuzkoako Foru Aldundiari lankidetza hitzarmenagatik eta Eusko Jaurlaritzari emandako dirulaguntzengatik. Eta ez dugu ahaztu nahi Udal desberdinek egiten duten ekarpena. Eskerrik asko bihotzez.