GARA Euskal Herriko egunkaria

Bieito: «Sormen-une onean gaude, jakin-mina eta talentua baitago»

Euskal Herrian, une honetan, «sormen-une onean gaude. Jakin-mina, lasaitasuna eta talentua daude», aipatu zion atzo GARAri Calixto Bieitok, Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak. Horren erakusgarri da ekoizpen propioz betetako denboraldi berria.

Calixto Bieito, atzoko aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoak Bilboko antzoki nagusiak 2024-2025 denboraldian -2024ko abuztutik 2025eko ekainera arte doana- eskainiko dituen ikuskizunen programazioaren berri eman zuen atzo. Eta tokiko eszenari bultzada bat ematen jarraituko duela azpimarratu zuen, Estatuan egiten den antzerkirik onena eskaintzeaz gain.

«Nire helburuen artean dago euskal ekoizpenak nazioarteko eszenara eramatea», aitortu zigun. «‘Obabakoak’ Alemaniara eraman nuen eta jendea, ulertu ez zuen arren, hunkitu egin zen. Nik ulertzen ez nituen hizkuntza anitzekin lan egin dut, suediarra, norvegiarra, errumaniera, euskaraz ere bai... eta hizkuntza musika bezalakoa da: ez badiozu beldurrik eta erlaxatuta bazaude, hitzen musikan murgiltzen bazara, imajinazioa piztu egingo zaizu», gehitu zuen.

Bide horretan jarraitzeko asmoa du Bieitok. Esaterako, ekoizpen berrien taularatzeak Arriaga antzokiaren funtsezko oinarrietako bat izaten jarraituko du datorren denboraldian. Besteak beste, Tennessee Williamsek 1944an idatzi zuen “Kristalezko zooa” (euskaraz) edo “El zoo de cristal” (gaztelaniaz) klasiko modernoa izango da. Izan ere, Natalia Menéndez egile eta zuzendari prestigiotsuaren zuzendaritza eszenikoarekin, Bilboko antzokiak antzezlan honekin helduko dio antzerkirako bere hurrengo proiektuari.

Euskaraz estreinatuko da lehenik, 2025eko martxoaren 21etik 23ra, eta, ondoren, gaztelaniaz, apirilaren 3tik 6ra. Antzeztaldea berbera izango da bi bertsioetan: Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas.

Bestalde, “La lucha por la vida”, Arriagak 2023an Teatro Españolekin egindako koprodukzioa, etxera itzuliko da apirilaren 12an azken emanaldi bat eskaintzeko. Gainera, Ramón Barea zuzendariak egindako doikuntzen eta kritika bikainak jaso dituen biraren ondorioz, Bilbora iritsiko da antzerki-artefaktu biribil gisa. Beraz, Arriaga Antzokiak Pío Barojaren trilogian oinarritutako obra hau ikusteko azken aukera eskainiko du.

GURIDI BERRESKURATUZ

Datorren denboraldiko produkzio liriko handiak berriro ekarriko du zarzuela, Calixto Bieitoren eskutik. Berak zuzenduko baitu Jesus Guridiren “Mari-Eli”. Madrilen estreinatu zen 1936ko apirilean, eta ordutik ez da ia antzeztu. «Kontzertu bertsioan egin zen orduan, eta handik aurrera zarzuela hori desagertu zen, baina guk orain berreskuratu egin ditugu partiturak, testuak, dena.. Puccini bat lehen aldiz estreinatuko bagenu bezala izango da», Bieitoren hitzetan.

“Mari-Eli”-ren estreinaldia (2025eko apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean) lehen mailako berreskurapen musikal bat da; izan ere, egungo begirada bat emango zaio. Guridiri hain lotuta dagoen Bilboko Koral Elkarteak proiektu honetan parte hartu izanak kantu koralaren transmisioaren egungo indarra sinbolizatzen du. Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) ere parte hartuko du, eta aurrerago jakinaraziko da nortzuk diren ahots bakarlariak.

Azkenik, koronabirusaren pandemiaren erruz tiraderan geratu zen proiektu bat berreskuratu eta atondu dute. Ludwig van Beethovenen “Missa Solemnis” da, zeina kontzertu formatuan eskainiko baita. Erik Nielsen maisuak Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) gidatuko du, lehen mailako lau ahots bakarlari lehen lerroan dituen emanaldi batean: Vanessa Goikoetxea, Nerea Berraondo, Michael Porter eta David Menéndez.

Bilboko Koral Elkarteak eta Iruñeko Orfeoiak ere parte hartuko dute ekoizpen garrantzitsu honetan.