GARA Euskal Herriko egunkaria
GAZAKO INFERNUA EKIALDE ERTAINERA ZABALTZEN ARI DA

Europari «konplizea ez izateko» deia zabaldu nahi zioten San Mamestik

Maiatzaren 25ean San Mamestik mundura zabaldu zen Gazako genozidioaren kontrako salaketa, Bartzelona-Olympique finala hastear zela. Europako hauteskundeak ate joka izanik, sarraskiaren «konplizea ez izateko» exijitzeko itua zuen ekintzak, Igor Otxoaren eta Jon Lujanbioren esanetan.

Maiatzaren 25ean San Mamesen egindako ekintzaren irudia. (Thomas COEX | AFP)

«Leku askotan ikusiko zen ekitaldia baliatzea zen asmoa, genozidioa amaitzeko deia zabaltzeko, eta, hauteskundeak iristear izanik, Europari konplizea ez izateko ere eskatu nahi genion», esan zuten Igor Otxoak eta Jon Lujanbiok NAIZ Irratian. Maiatzaren 25ean ekintza ikusgarria eta zirraragarria egin zuten bi ekintzaile hauek Palestinaren alde San Mamesen, emakumezkoen Champions League txapelketako finala hastear zela. Bartzelona eta Lyongo Olympiqueko hamaikakoak ereserkia entzuteko zutik lerrotuta zirela, haien aurrean kokatzea lortu zuten. “Stop genozide” aldarria erakutsi zuten, Gernikako sarraskiari eginiko erreferentzia barne.

UEFAri ere mezua igorri nahi zioten. Izan ere, Palestinaren aldeko ikurren aurka egin du estadioetan; esaterako, Glasgoweko Celtic-i isuna ezarri zion harmailak horiekin bete zirenean, eta hau guztia «talde israeldarrek UEFAko txapelketak lasai-lasai jokatzen dituzten bitartean», salatu zuten ekintzaileek.

Hirugarren helburu bat ere bazuten. FIFAk mahai gainean du Israel txapelketatik kanpo uzteko proposamena, eta horren alde ere eragin nahi izan zuten, Israel «Estatu terrorista eta arrazista» behingoz baztertua izan dadin lortzeko.

Futboletik harago, irakurketa orokorragoa eginez gero, Europako Batasunak Gazako sarraskiaren aurrean hartu duen jarrera guztiz epela dela nabarmendu zuten, edo areago: «Israelen aldeko jarrera hartu du, konplizitatearena».

NOLA EGIN ZUTEN?

Maiatzaren 25eko ekintza gogoangarrira itzuliz, nola lortu zuten San Mamesko zelaira iritsi eta han mezua zabaltzea? NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean kontatu zutenez, ekitaldian lan egiteko izena eman zuten, bezperako entseguetan parte hartu zuten, baina zenbait oztopo gainditu behar izan zituzten: zelaira ateratzeko ibilbidea ez zen erraza, zenbait tokitarako sarbidea ukatua baitzuten beharginek.

Hala ere, lortu zuten eta helburua bete-betean gauzatu zuten azkenik: ekintza «modu dotore batean egin nahi genuen, UEFAk berak egin lezakeen zerbait bezala», ospatu zuten Igor Otxoak eta Jon Lujanbiok. Irudietan argi geratzen da ekintza «ofizial» baten itxura hartu zuela aldarriak. «Sentsazio hori eman zuen, bai. Ez genuen irekiera zeremonia oztopatu. Unea ondo aukeratuta zegoen. Aldarrikapena momentu oso ikusgarri batean kokatu genuen», gogoratu zuten.

Jendearen erreakzioarekin bereziki pozik dira Otxoa eta Lujanbio. Segituan entzun zituzten txaloak eta zurrumurruak harmailetan, eta jokalari batzuek ere txalotu egin zutela egiaztatu zuten.

HURRENGOA, LARUNBATEAN

Euskal Herrian egiten ari diren ekimen guztien katean kokatu zuten San Mamesko ekarpena. Batetik, nazioartean duten proiekzioa nabarmendu zuten eta, bestetik, palestinar herriari «berarekin gaudela» helarazten diotelako pozik dira. Azken honetan sakonduz, Palestinako enbaxadorearen mezua jaso dute, irudiak eskatuz, beraiek ere zabaltzeko.

Euskal Herriak Palestinaren genozidioa salatzeko duen berezkotasunaz ere mintzatu ziren Lujanbio eta Otxoa: «1936an esan genuen ez genuela honelako sarraskirik nahi eta 2024an ere irudi hauek ez ditugula jasan nahi esaten ari gara. Gernikakoak legitimitate puntu bat ematen digu eta atentzioa ematen du, zer gertatu zen hemen eta zer gertatzen den orain Gazan irudikatzeko erreferentzia delako. Gernikan bizi izandakoak garrantzia handia ematen dio diskurtsoari», esan zuten.

Larunbatean deitutako manifestazioei aipamena egin zieten: Bilbon eta Iruñean izango dira. Beste urrats bat izango da, hau ere «oso ikusgarria», aurreratu zutenez.