«Lawfare», bizikidetzaren eraikuntzaren aurka
Sortuko sei militanteri organizazio kriminaleko delitua eta gorazarre eta umiliazio delitu bana leporatu dizkiete, espetxetik irten ziren presoei ongietorriak antolatzeagatik. Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabete eskatu ditu bakoitzarentzat, eta Dignidad y Justiciak eta AVTk, bederatzi urte. Akusatuen abokatuek uste dute ez dagoela deliturik, indarkeria adierazpenik ez dagoelako, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik. «Lawfare» kasu argia dela uste dute letratuek, Euskal Herrian urteetan ohikoak bilakatu diren disidentzia politikoaren aurkako prozesu judizialen beste adibide bat, oraingo honetan alderdi politiko bat kriminalizatzeko.
Kasuaren sorrerak argi erakusten du atzean duen bultzada politikoa. Hasieran biktimen elkarteek ongietorriak sistematikoki salatzen zituzten, baina salaketek ez zuten aurrera egiten. Testuinguru horretan, Guardia Zibila auzi orokor bat ezartzen zuen txosten batekin sartu zen, ongietorriak estrategia politiko, bortitz eta kriminal batean kokatuz. Txosten horretatik abiatuta, Garcia Castello Auzitegi Nazionaleko epailearen ikerketa hasi eta etengabe Sortu eta Sare-ra zabaldu nahi izan zuen, esate baterako, antolakunde horien Telegram kanalak ikertuz, baina ez zuen lortu. Bi helburu argi antzematen dira prozesu honetan. Alde batetik, Euskal Herrian bakearen eta bizikidetzaren alde egindako urratsak urratzen saiatzea. Bestalde, preso politikoen kolektiboak erabaki zuen ez zela harrera publikorik egingo sufrimendu guztia arintzeko, zauriak sendatzeko eta bizikidetza indartzeko. Izan ere, aspaldi ez dira horrelako ekitaldiak egiten. Hala eta guztiz ere, prozesamenduak aurrera egin du. Finean, auzi hau bultzatzen duen eskuin erreakzionarioaren helburua da, halaber, alderdien arteko harreman politikoak kaltetzea eta, bide batez, Gobernu espainola higatzea.
Euskal Herria bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzatik ateratzeko ahaleginek ez dute etenik. Dena den, euskal gizarteak bizikidetzaren eraikuntzarekin duen konpromisoa sendoa da. Euskal Herriak sufrimendu mota guztiak gainditu nahi ditu, presorik eta errefuxiaturik gabeko gizartea eraiki eta bake eta askatasunerantz aurrera egin.